20
138 www.argia.com/larrun Bixente Serrano Izko Pello Esarte Pello Monteano Floren Aoiz Roldan Jimeno Jean L. Davant Iritziak Nafarroa 1512-2012 Nafarroa 1512-2012

Larrun (138): Nafarroa 1512-2012. Atzo konkista, gaur

Embed Size (px)

DESCRIPTION

Motorrak berotzen ari dira 2012ko datari begira, Gaztela-Aragoi Erresumak 1512an Nafarroaren azken konkista saioari ekin ziola 500 urte beteko dira orduan. Larrun honetan ez duzu konkista edo itunaren arteko eztabaidarik aurkituko. Artikulu egile guztiek argi dute: konkista. Guk ere bai. Historikoki, aspaldi gainditutako eztabaida gisa ikusten dugu, Nafarroako estamendu ofizialek lur eta airez kontrakoa gizarteratzen badute ere. Baina bada zer pentsatu 500 urte hauen historiografiaz, bada zer ikasi erabilitako ikusmolde historikoez, bada zer jorratu aurrera begirako lan ildoez.

Citation preview

Page 1: Larrun (138): Nafarroa 1512-2012. Atzo konkista, gaur

138

www.argia.com/larrun

Bixente Serrano Izko Pello Esarte Pello MonteanoFloren Aoiz Roldan Jimeno Jean L. Davant

I r i t z i a k

Nafarroa 1512-2012Nafarroa 1512-2012

Page 2: Larrun (138): Nafarroa 1512-2012. Atzo konkista, gaur

MOTORRAK berotzen ari dira 2012ko dataribegira, Gaztela-Aragoi Erresumak 1512anNafarroaren azken konkista saioari ekinziola 500 urte beteko dira orduan. LARRUN

honetan ez duzu konkista edo itunarenarteko eztabaidarik aurkituko. Artikuluegile guztiek argi dute: konkista. Guk erebai. Historikoki, aspaldi gainditutako ezta-baida gisa ikusten dugu, Nafarroako esta-mendu ofizialek lur eta airez kontrakoagizarteratzen badute ere. Baina bada zerpentsatu 500 urte hauen historiografiaz,bada zer ikasi erabilitako ikusmolde histo-rikoez, bada zer jorratu aurrera begirakolan ildoez.

Historiaren erabileraz beti hitz egingo da,ez dago zientzia alorrik pertsonaren erabile-ratik libratuko denik. Ez da zalantzarik his-toria gozoki dela indarrean den boterearen-tzat. Edo botere izan nahi duenarentzat.Galdera berez dator orduan: non da beraz,zilegi eta ohikoa den baliatze hori eta eza-gutza zientifikoaren arteko oreka? EuskalHerriaren herri ikuspegiak berak beharduen tratamendu historiografikoan oinarritubeharko litzateke eztabaida, gutxienekooinarri batzuk bederen finkatzeko, ondorenhorien inguruko kontsentsuak ahalik etaindartsuen zabaltzeko historia jorratzendutenen artean. LARRUN honetan ikustendira joera eta ikuspegi desberdinak, bakoi-tzak berearekin jarraitu beharko du besterikgabe, edo bada zer landu eta adosterik?

Ondorengo sei artikuluetako lehenaBixente Serrano Izkorena da, Nafarroa. His-toriaren hariak liburutik (Euskara KulturElkargoa, 2005) hartua eta ondorengoetara-ko ate izan nahi duena.

2 I R I T Z I A K

Nafarroa 1512-2012atzo konkista, gaur...

HIS

TO

RIA

DE

NAV

AR

RA

,EL

EST

AD

OVA

SCO

Page 3: Larrun (138): Nafarroa 1512-2012. Atzo konkista, gaur

3I R I T Z I A K

Hiru arlotako indar-marrak gurutzatu zirenelkarrekin, Nafarroako erresumaren zatike-ta eta Nafarroa Garaiko konkista gaztelarra

gauzatu ahal izateko XVI. mendeko lehen laurde-nean. Lehenik, Aro Modernoko bi Estatu handireneraketa, frantziarra eta espainiarra alegia, biak alabiak norgehiagoka ibili zirenak mendebaldekomediterranear mundua kontrolatzeko eta elkarrenarteko mugak segurtatu nahi zituztenak: Pirinioaksuertatuko ziren oro har muga haiek; bigarrenik,norgehiagoka hartan, Erromako Elizaren agintemoral eta erlijiosoaz probestu edo alde jarri nahia,nork bere gerrak eta ekintzak ideologikoki justifi-katze aldera; eta hirugarrenik, Nafarroako erresu-ma barneko bi bando haien arteko borrokak, Gaz-telan ala Frantzian aliatuak eta babesa bilatukozituztenak:

– Bi Estatu Moderno haien sorreran, Italian ibili-ko ziren gerretan penintsula hartaz eta aldamenekoirlez jabetzeko, mendebaldeko Mediterranear Itsa-

soa kontrolatze aldera. Baina gerra haiek tartean,beldur ibili ziren gaztelarrak Nafarroa ez ote zenbihurtuko sarbide militar frantsesa Gaztelan bertanerasoak antolatzeko. Beldur haren funtsa Nafarroa-ko eta Frantziako errege-erreginen senidetzanomen zetzan. Izan ere, aitzakia horretaz baliatukozen Gaztelako Fernando Katolikoa behin eta berrizpresionatzeko nafarren gainean, bi exijentziarekin:frantsesekin itun bat ez sinatzea eta nafar defentsasistema ez hobetzea. Bigarren hau lortuta, eta lehe-naren haustura Nafarroari leporatuta, defentsa etaarmadarik gabe hartuko zuen Gaztelakoak erresu-ma piriniarra 1512.ean inbasioa egin zuenean.

– Erromako Elizari dagokionez, aspaldi zetozenzatiketa erlijioso anitz, Eliza erromatarra erreforma-tu nahi zituztenak. Haietan monarkak eta handikifeudalak ibili ohi ziren erreformatzaileei edo erro-matarrei laguntza ematen, erlijioaren aginte moralanork bere alde jarri nahian, jakina. Italiako penin-tsula kontrolpean jarri nahi haietan, aliantza anitzegin eta desegiten ziren monarkia desberdinen

Bixente Serrano Izko*

Nafarroa Garaiko konkista

“Esku artean ditugun Frantzia eta Gaztela-Aragoirenarteko norgehiagoka haietan, Fernando Katolikoak lortuzuen Erroma bere alde jartzea. Hortaz, frantziarrak eta

haien lagunak eskumikatzeko agiri erromatarrak. Etahorretaz baliatu zen Fernando Erromak Nafarroako errege-erregina ere hereje deklara zitzala bulda desberdinetan,

eta baimena lortzeko Nafarroaz jabetzeko”

Page 4: Larrun (138): Nafarroa 1512-2012. Atzo konkista, gaur

4 I R I T Z I A K

artean, Erromako Eliza-Estatuek ere parte zuzenahartuz. Erromako Papek, zer erranik ez, eskomikatueta hereje izendatu ohi zituzten bertze bandokoak.Esku artean ditugun Frantzia eta Gaztela-Aragoirenarteko norgehiagoka haietan, Fernando Katolikoaklortu zuen Erroma bere alde jartzea. Hortaz, fran-tziarrak eta haien lagunak eskumikatzeko agiri erro-matarrak. Eta horretaz baliatu zen Fernando Erro-mak Nafarroako errege-erregina ere hereje deklarazitzala bulda desberdinetan, eta baimena lortzekoNafarroaz jabetzeko. Eztabaida historiografikoluzeak egon dira, eta dira, bulda haietaz, faltsuakala egiazkoak ziren, baina ez gara sartuko horretan.Kontua da Fernando Katolikoak Erromaren aginteerlijioso eta moralaz baliatu nahi –eta egin– izanzuela konkista justifikatzeko. Gero, XVI. mendeansuertatu ziren orain arte eraginik handiena izanduten hiru zatiketa erlijiosoak, luthertarra, higanau-ta edo kalbinista, eta anglikanoa, alegia. Eta Nafa-rroako errege-erreginak, bereziki Joana III.a, Erro-mako jarreraz nazkatuta agian, higanaute bihurtuziren, Frantziako erlijio gerrateetan parte zuzenahartuz eta bai Biarnon nola Nafarroa Beherean kal-binismoa inposatu nahian, predikuez zein bortxaz.

– Nafarroako Erresuma barneko bandoei dago-kienez, ezagutzen ditugu jada beaumondarren etaagramondarren kontuak. Beaumondarrek eskatu-ko zieten behin eta berriz laguntza gaztelarrei,euren ondasunak berreskuratzeko eta agramon-darren boterea ahultzeko. Lortuko zuten, bai,laguntza hura, eta erresuma osoaren galera ere,gaztelarrak sartuko baitziren Nafarroan laguntzahura bertze aitzakia bat bezala hartuz, bainazuzen-zuzen erresumaz jabetzeko asmoz.

Testuinguru hartan, inbasioari ekin zioten gaz-telarrek 1512.eko uztailaren 17an, Arabatik, beau-mondarrak armadaren bide-erakusle izanik. Hila-bete gutxitan lortu zuten Nafarroa osoa menpeanhartzea, defentsa-sistemako gotorlekuak antolatugabe eta armada propiorik bildu gabe zegoelaerresuma. Joan eta Katalina, errege-erregina, Biar-no aldera joan ziren erresistentzia antolatzera.Uztailaren 25ean errenditu egin zen Iruñea. Erre-sistentzia gehiago egin zieten gaztelarrei bertzeleku batzuetan:

– Irunberrik abuztuaren 10.a arte iraun zuen.– Lizarrak ere, abuztura arte.– Erronkarik, irailaren 9.a arte.– Tuterak, irailaren 9.a arte, Aragoitik sarturiko

bigarren armada baten aurrean.

Ez zen horrela, dena dela, bukatu konkista. Las-ter eta luze erreakzionatu zuten Labriteko errege-erreginek eta agramondarrek, frantziarren laguntza-rekin. Hiru saio berreskuratzaile eginen zituzten1512.etik 1524.era:

– 1512.ean bertan, urrian, agramondarrek, fran-tsesek eta mertzenarioek osaturiko armada bat sartuzen iparraldetik, barneko agramondarrak altxatzenziren bitartean Lizarran, Tafallan, Muesko Kabreganeta Deierrin. Iruñea setiatu zuen armadak azaroaren7tik 27ra arte, baina negua aurrean zuelarik erretira-tu behar izan zuen Baztan eta Amaiurtik.

– 1516.eko martxoan, Fernando Katolikoarenheriotzaren ondoren aukera ona izanen zutelakoan,bertze sarrera saiatu zen Baztan, Orreaga eta Erron-karitik. Armadako adar batek, dena dela, Donibane-Garaziko gotorlekua setiatzen atzeratu behar izan

“Beaumondarrek eskatuko

zieten behin eta berriz

laguntza gaztelarrei,

euren ondasunak

berreskuratzeko eta

agramondarren boterea

ahultzeko. Lortuko zuten,

bai, laguntza hura, eta

erresuma osoaren galera

ere, gaztelarrak sartuko

baitziren Nafarroan

laguntza hura bertze

aitzakia bat bezala

hartuz, baina zuzen-zuzen

erresumaz jabetzeko asmoz”

Page 5: Larrun (138): Nafarroa 1512-2012. Atzo konkista, gaur

5I R I T Z I A K

zuen. Erronkaritik sartu zenak arazo larriak izanzituen elurrarekin eta ezin izan zuten adar desberdi-nek batzea Iruñera joateko. Erronkarin bertan gel-diarazi zuten Albako Dukeak eta beaumondarrek,agramondarren buruzagia bera, D. Pedro Nafarroa-ko, atxilotuta suertatuz. Ez zuen askatasunik berres-kuratuko, Simancasko kartzelan asasinatua hil zela-rik, 1522.ean.

– 1521.eko ekainean izan zen saio serioena:Labriteko Enrike II.ak lortu zuen Nafarroa askatzea,azkar eta erraz, armada, nafarra eta frantsesa, ongihornituta zegoelako eta Gaztela, aldiz, Komunita-teen Gerra zibil deiturikoan murgilduta. Gainera,hainbat hiritako herria bera altxatu egin zen gazte-larrak egotziz, hala nola Iruñean, Lizarran, Tafallan,Tuteran... Baina Nafarroa berreskuratu ondoren,frantsesek Logroñon sartu nahi izan zuten. Izan ere,setiatu eta denbora eman zieten gaztelarrei hirugorputz militar antolatzeko Araban, Aragoin etaGaztelan. Erretiratu behar izan zuten Logroñotik etaNafarroan zehar ihesari ekin, bataila non eman ezeman. Noain ondoan izan zen, Gesalatzen, Noaingobataila ezagutzen duguna. Errore militar batzuk tar-tean, nafarrek eta frantsesek galdu zuten batailaluzea, milaka hildako geldituz zelaietan. Nafarroa,berriro, gaztelarren eskuetan. Baina oraindik ere,Noaindik ihes egindako batzuek bertze armadaapalago bat antolatu zuten Biarnon eta jarraianAmaiurtik eta Hondarribitik sartu. Amaiur, Baztan-

Bidasoa bailara eta Hondarribi hiria hartu zituzten,frantsesek berriro laguntza emanen zietelakoan.Baina Donezteben apurtu zuten laster beaumondareta gaztelarrek Amaiur eta Hondarribi arteko komu-nikazioa. Irailean, Amaiur suntsitu zuten. Gero,Hondarribiko hiria. Baina oraindik iraunen zutenagramondarrek hiri horretako gotorlekuan 1524.aarte, harik eta Karlos Enperadoreak “amnistia”eskaini eta negoziatu zuten arte.

1524.ean bukatu ziren, bada, saio militarrakNafarroa Garaiaren independentzia berreskuratze-ko. Hurrengo saioak, asko, XVI. mendean eginda,diplomatikoak izanen ziren, bai Europako boterezibil desberdinen aurrean, bai Erromako botere erli-jiosoaren aurrean. Dena dela, nahiz eta hasierangaztelarren konkista erresuma osokoa izan, hau da,bai Nafarroa Garaikoa nola Beherekoa, zailago izanzuten gaztelarrek Nafarroa Beherean agintea defen-datu eta indartzea. Ofizialki, 1530.a arte lortu zuten,nahiz eta 1524.etik aurrera ez dirudien benetakoaizan zenik. 1530.ean, Karlos Enperadoreak onartu-ko zien Labritekoei Nafarroa Beherea gaineko agin-tea, Luzaideko herrian izan ezik. Nafarroa Behereakmantenduko zuen, bere txikian, Nafarroako erresu-maren independentzia XVI. mendean.

* Historia irakaslea Iruñeko Iturramako Institutuan.(Artikulu hau Nafarroa, historiaren hariak liburuko

kapitulu bat da)

1521eko Noaingo batailaren omenezko monumentua(Nafarroa, historiaren hariak). Ezkerrean NafarroakoPedro, 1916ko berreskuratze saioaren buru.

Page 6: Larrun (138): Nafarroa 1512-2012. Atzo konkista, gaur

6 I R I T Z I A K

2012urteari begira, gertakari bat (nafar Esta-tuaren okupazio militarra) oroitu eta naziokontzientzia duten ahalik eta euskaldun

gehien berriro Estatu subiranoa izateko ideiareninguruan biltzeko grina dago. Helburua nazio etaeskubide kontzientzia espiritua lortzea da, nazioideia gure Estatu propioa berriro osatzeko gogoarenmailara jasotzeko.

Aipatutako 2012. urtearen karietara, gure arbaso-en memoriak eta oroimenak merezi duten ospeaoparo ematea eta gure orainarekin lotzea da asmoa.Horretarako, elkarte bat sortua da dagoeneko(1512-2012); gaurtik aurrera ezagutaraziko eta egin-go diren ekitaldiak programatzen ari da, beste enti-tate batzuekin batera, baina gertakariak hutsaltzensaiatzen ari den ildo ofizialarekin lehian.

Ez da borroka erraza izango, botere publikoekinformazioaren bitartekoak kontrolpean eta iakomunikabide guztiak eskuetan baitituzte, gure ira-ganeko memoria historikora hurbiltzeko ekintza

naturala desnaturalizatzen saiatzeko eta desitxura-tzeko.

* * *

Nafarroako egunkari ofizialistak orrialde beteanargitaratu duen artikulua jasan beharko dugundesinformazio kanpainaren adibide garbia da. Eus-karazko testuliburuen egokitasunaren aurka Hez-kuntza kontseilaritzak egindako salaketa zuen hiz-pide artikulu horrek.

Egunkari horrek berak, astero-astero, erdikoorrialdeetan, egiatasunari dagokionez onartezinakdiren orotariko ergelkeriak eta eduki manipulatuakargitaratzen ditu, Nafarroako Unibertsitatearen etabeste ikaskuntza zentro pribatu batzuen eskutik.Hezkuntza kronika horietan, Nafarroa inbadituzuten pertsonaiak nabarmendu eta handiestendituzte: erromatarrak, godoak, Karlomagno etabeste.

Pello Esarte*

1512ko konkista, euskalnazio sentimendua

“2012. urteari begira, gertakari bat (nafar Estatuarenokupazio militarra) oroitu eta nazio kontzientzia dutenahalik eta euskaldun gehien berriro Estatu subiranoaizateko ideiaren inguruan biltzeko grina dago. Helburuanazio eta eskubide kontzientzia espiritua lortzea da,nazio ideia gure Estatu propioa berriro osatzekogogoaren mailara jasotzeko”

Page 7: Larrun (138): Nafarroa 1512-2012. Atzo konkista, gaur

Gertakariak desitxuratzea da komunikabidehorren printzipioa eta helburua. Egia hutsaltzekosaiakeretako bat 1512ko konkistari Nafarroaren etaGaztelako koroaren arteko itun esatea da eta, gai-nera, eskoletan ez ezik, unibertsitateetan ere irakas-ten da hori.

Artikuluaren testura itzulita, espainiar prentsakNafarroan duen ordezkari honen bi baieztapenekikastoletako hezkuntza salatzen dute: “Dos textosque desfiguran la realidad navarra ... un reino quenunca existió para 4º de primaria” (Nafarroakoerrealitatea desitxuratzen duten bi testu … sekulaexistitu ez zen erresuma lehen hezkuntzako 4. mai-lan).

Dagoeneko lehen paragrafoan informazioa mani-pulatzen dute testuliburuek “errealitatea desitxura-tzen dutela” diotenean, hezkuntzaren arlo historikoedota kulturalez ari baitira. Asmo onez idatzi izanbalute, gaur egun Nafarroan indarrean dagoen ego-era ofiziala islatzen ez dutela esango lukete: Nafa-rroa zatikatua, kolonizatua, gogoengandik datorreneta manu militari inposatu zuten beste Estatu bate-ko, beste monarkia bateko, beste konstituzio bate-ko, beste gobernu bateko probintzia bihurtua.

Hizpide dugun egunkariak Euskal Herriko mapaere argitaratu du, egungo gobernu zatiketak adie-razten dituena eta esaldi hau barne: “un reino quenunca existió” (sekula existitu ez zen erresuma).Gogoan izan behar da baskoien muga historikoak,erromatarrek, frankoek eta godoek militarki inbadi-tu baino lehen, egungoak baino askoz ere zabala-goak zirela. Erromatarrek baskoiak sarraskitu zituz-ten, Calagurriseko (Kalagorriko) biztanle guztiak hilzituzten, eta inbaditzaile godo, franko eta gaztela-rrek baskoien lurraldea murrizten jarraitu zuten.

Gaur egun helburu kulturaletan bateratuta eustendion Euskal Herriaren batasuna proiektu politikobizia da, iraganean bezalaxe. Nazio kontzientziakolektiboa duten zazpi euskal lurraldeetara muga-tua dago, beste lurralde batzuek, hala nola Errio-xak, Gaskoniak edo Nafarroako Henrike II.ak 1540.urte inguruan erreklamatu zituen Burgosko lurral-deek, kontzientzia hori galdu baitzuten. Horrenbes-tez, ez dira lurralde berriak anbizio inperialistazeskatzen, grina komunei, hizkuntzari eta berezkokulturari eusten dien lurraldearen mugak gogorara-zi baizik.

Puntu honetan, beraz, ikastoletako irakaskuntza-ri buruzko desitxuratzeak egungo administrazio etagobernu egoera du erreferentzia, baina gaia, berez,historia, kultura eta gizartea erreferentziatzat hartutairakasten da, gobernu egoera albo batera utzita,bestelako ohiko alderdi batzuk landuz, esaterako,klima. Bestela, non da hezkuntza askatasun eskubi-dea? Non Nafarroako Kutxak 1977an atlas bateanjaso zituen garaian garaiko muga geografiko alda-korrak? Eta Louis Lucien Bonaparteren Euskal Herri-ko mapa, Diputazioaren eraikinean NafarroakoArtxibo Orokorraren lehen egoitzan nagusi zena?

Erresuma baskoiek Karlomagno garaitu ondorensortu izanari eta “creyeron que era necesarios fundarel reino de Euskalerria ... Iñigo Arista fue el primerrey de los vascones o del reino de Pamplona” (EuskalHerriko erresuma sortzea beharrezkoa zela ustezuten… Iñigo Aritza baskoien edo Iruñeko Erresuma-ren lehen erregea izan zen) esaldiei dagokienez, ize-nari legitimotasuna kentzeak ez du zentzurik, erresu-ma nazio baskoiaren esparruan sortu baitzen, etainork ez du Iruñea izena zalantzan jartzen, Nafarroa-rekin alderatuta. “Baskoien errege” izendapenaridagokionez, Antso Nagusia izendatzeko erabili zutenhistorialari musulmanek zein gaztelarrek.

* * *

Baina, zer bilatzen dute hezkuntzaren errepresioabultzatuta? Historia ofizialak argudiatutako hezkuntzalortzea.

7I R I T Z I A K

“Herri honek agintzeko

eta gizarte gisa

antolatzeko zer modu nahi

duen adieraztearen

aurkako ekintza guztiak

helburu bakarrean biltzen

dira: bere historia eta

kolonizazioaren arrazoia

zein den jakin ez dezala”

Page 8: Larrun (138): Nafarroa 1512-2012. Atzo konkista, gaur

8 I R I T Z I A K

Argudio hori erabili izan du, erabiltzen du etaerabiliko du hierarkia militarista eta kolonizatzai-leak (lehen Inperioak, Espainiek, Estatuak etaegun “espainiar nazioak”). Estatu horrek arbasogodoek justifikatutako eta Francok berrezarritakoerregea du, egungo egoeraren itzulezintasunarieusteko, aipatutako errege godoak, armadakoburu eta Espainiaren batasunaren defendatzailesutsu gisa, egoera honek irautea bermatzen baitu,lege konstituzionalean oinarrituta.

Baina galdera garbiena hauxe da: ZuzenbideaLegearen menpe dago ala Legea da Zuzenbidetik

etorri behar duena? Eta hor herri batenedo nazio baten borondatea sartzenda jokoan, kasu honetan euskaldunenborondatea, borondate horren aurka-ko inposaketa ororen aurrean. Herrihonek agintzeko eta gizarte gisa anto-latzeko zer modu nahi duen adieraz-tearen aurkako ekintza guztiak helbu-ru bakarrean biltzen dira: bere historiaeta kolonizazioaren arrazoia zein denjakin ez dezala.

Egoera duela 500 urte gertatutako-tik datorrela? Duela 1.000 urtetik bale-tor ere, berdin. Kolonizazioaren men-pean zenbat eta denbora gehiagoegon, orduan eta eskubide gehiagodu egoera konpon dadin eskatzeko.Halaber, orduan eta baieztatuagoadago herri honen espiritua, naziokontzientziari eutsi baitio, hainbatmende joan diren arren.

Egungo komunikabideen laguntzazinformazioa manipulatzen duten arreneta botere tresna guztiak, dirua etahezkuntza bitartekoak baliatuta ere,1512an bortxaz okupatutako Nafarro-ako Estatua (Iruñeko erresuma, Nafa-rroako erresuma, Euskal Herria edo

bertakoek libreki aukeratzen duten izendapena)errebindikatzeko eta oroitzeko prest gaude.

Historia Memoria bizi eta Eskubide gisa erre-bindikatzea, gure nazioa Estatu gisa berreraikitze-ko urratsak ematea baita. 500 urte eta gero, gureaskatasunaren sugarrak bizirik dirau. Eta grinahorrek justizian sekula galdu behar ez genuenhura eskatzera eta lortzera bultzatzen gaitu: atze-rritarren kolonizaziotik askatzea.

* Historialaria

1521eko Iruñeko setioadeskribatzen du SanIgnazioren bizitzaz diharduen1622ko lanak.Iturria: Historia general delPais Vasco. Ttarttalo.

Page 9: Larrun (138): Nafarroa 1512-2012. Atzo konkista, gaur

9I R I T Z I A K

Urte hasieran Nafarroako Konkistaren V.Mendeurrena Oroitzeko batzorde zientifi-koa eratu zen eta duela zenbait urtetatik

hona Nafarroa Bizirik 1512-2012 batzordea helbu-ru beraren alde ari da lanean.

Nafarroa estatu independente gisa desagertuzeneko milurteko erdia betetzeak, zalantzarikgabe, aukera ederra ematen digu komunitate gisaizan dugun bilakaera baldintzatu duen gertakari-rik garrantzitsuenetakoa ulertzen saiatzeko. Bainahorra iristeko, asko dago egiteko.

Hainbat mendetan gai hau tabua izan eta gero,mendeurrenerako bi urte baino falta ez direnean,kontraoinean hartu gaitu. Gure helburua 1512 eta1529 bitarteko urte traumatikoetan zer eta zergatikgertatu zen ulertzen saiatzea baldin bada, halabe-harrez, ikerlan serio eta sakonak eta, bereziki,ikusmolde metodologiko berriak falta direla onar-

tu behar dugu. Eta, alderantziz, hunkiberatasunaeta presentismoa sobera ditugu.

Azken mendean, ekarpen gutxi egin zaizkioBoissonnadek (1893) eskainitako gertakarien eza-gutzari. Nik dakidala, azken urteetan ere (zenbaitunibertsitate propio izan arren) ez da gai honiburuzko doktore tesirik egin. Material berriak eka-rriko lituzketen monografikoak ere falta dira, Esar-terena salbu, baina meritu handiko lan horretan erelanketa sakonagoaren eta ikuspuntu berrien faltasumatzen da. Batzorde zientifiko ofiziala bera dio-gunaren isla da: ikergai espezifiko hori duten histo-rialariak falta dira, Konkistaren ondorioen itzulpeneta azterketa instituzionalez gain.

Ikuspuntu nafarretik egindako Konkistarenkontakizunik ere ez dugu. Correak (1515) konkis-tatzailearen ikuspegi interesatua ordezkatzen dueta Boissonnadek (1893) ikuspegi frantziar-biar-

Pello Monteano *Konkista ulertzea

“Gure helburua 1512 eta 1529 bitarteko urtetraumatikoetan zer eta zergatik gertatu zen ulertzen

saiatzea baldin bada, halabeharrez, ikerlan serio

eta sakonak eta, bereziki, ikusmolde metodologikoberriak falta direla onartu behar dugu.

Eta, alderantziz, hunkiberatasuna eta presentismoasobera ditugu”

JUD

ITFE

RN

AN

DE

Z

Page 10: Larrun (138): Nafarroa 1512-2012. Atzo konkista, gaur

10 I R I T Z I A K

notarra. Biei esker, espainiar eta frantziar armada-ren rola nahiko ondo ezagutzen dugu. Baina, zeregin zuten nafarrek? Konkista militarra gauzatueta gero nafar askok beren disidentzia ahantzarazinahi izan zuten arren, informazioa badago. Eta ezkanpoan –Simancasen, Pauen edo Bartzelonan–,Iruñean bertan baizik.

Historia idaztea ez da gertatu zen guztiaz idaz-tea. Beharrezkoa da, ondorengo bilakaerarenberri izateak ematen digun erosotasunaz, etorki-zunerako funtsezkoak izan ziren gertaerak lehe-nestea. Eta historia osoaren ikuspegitik egin beharda, aldaketa instituzionalez gain, aldaketa ekono-mikoei, sozialei, kulturalei, eta mentalitate aldake-tei ere erreparatuz.

Historia orainaldian taxutzen dugun iraganarenirudia baino ez da. Historia aztertzean eta idaztean,ez zaigu gertatutako guztia interesatzen, eta gauregun nabarmenak iruditzen zaizkigun alderdiakhautatzen ditugu. Hala, Historiaren funtzioetakobatek gure oraina azaltzen laguntzea izan behar du.Baina, adi, azaltzea bai, baina justifikatzea ez.

Gertakaria oroitzeko bi batzorde egoteak garbiislatzen du Nafarroaren Konkista eta horren ondo-rio instituzionala –Espainiarekin anexionatzea–jakin-min zientifikoaz harago doan gaia dela. Ter-minologiak berak –konkista, menpekotasuna,anexioa, gehitzea– ezin argiago erakusten du gaiaoso politizatua dagoela. Beharbada, ezin du bes-tela izan, komunitate honetan bi identitate kontra-jarrietan eta, sarri, baztertzaileetan islatzen direnoso bestelako bi proiektu politiko daudelako.

Zalantzarik gabe, konkista ez da gai erosoaidentitate nafar-espainolista duten alderdi politi-koentzat. Nafarroa izanik Espainia ez zen Nafa-rroa bat izateak, eta Espainiaren eta Nafarroarenarteko batasuna inposaketaren eta bortxarenemaitza izateak beren axioma politikoen barrenajaten du. Identitate nafar-euskalduna duten alder-dientzat ere ez da errazagoa armada inbaditzaile-ko kide gehienak euskaldunak zirela onartzea,Nafarroa “kolaborazionistena” gaur egun euskal-dunena den hori izan zela, orduko Baskonian ezzegoela identitate nazional modernoaren izpirik…

P. Boissonnadehistorialariaren Noaingo

bataila, Nafarroakoindependentziaren amaiera

liburuaren azala.

“Ikuspuntu nafarretik

egindako Konkistaren

kontakizunik ere ez

dugu. Correak (1515)

konkistatzailearen

ikuspegi interesatua

ordezkatzen du eta

Boissonnadek (1893)

ikuspegi frantziar-

biarnotarra. Biei esker,

espainiar eta frantziar

armadaren rola nahiko

ondo ezagutzen dugu.

Baina, zer egin zuten

nafarrek?”

Page 11: Larrun (138): Nafarroa 1512-2012. Atzo konkista, gaur

11I R I T Z I A K

“Beaumondarrak” espainolistekin eta “agra-mondarrak” independentistekin parekatzea ereegungo ikuspegitik egiten den sinplifikazioa da.Ahaztu egin ohi da beaumondar asko konkista-tzaileen aurka aritu zirela eta agramondar askok,aldiz, konkistatzaileari lagundu edo men egin zio-tela. Ez da kontuan hartzen 1518. urte inguruanbelaunaldi aldaketa izan zela protagonistenartean eta 1512-1521 urteetan pertsona eta leinuaskoren jarrera aldatu zela. Konkista onen etagaiztoen, heroien eta doilorren film bihurtzea,akats zientifikoa izateaz gain, bidegabekeria his-toriko galanta da. Gizon-emakume horiek egoerajakin bati aurre egin behar izan zioten beren bizi-tzetatik eta egoera zehatzetatik abiatuta. Guregaraiarekin alderatuta zentzu guztietan oso beste-lakoa zen garai hartatik ateratzea ez litzatekebidezkoa izango.

Konkista, beraz, garai hartako gakoetan oinarri-tuta ulertu behar dugu, ohiko alderdi politiko-militarrez gain, beste alor batzuk aztertuz etaeuropar testuingurua aintzat hartuta. Ezin dugu

ahaztu konkista bi plano historikoetan gertatuzela: nazioarteko gerra modernoa eta Erdi Arokogerra zibila. Gainera, monarkia autoritario moder-noen indartzearen, erreforma protestantearen,errenazimentu kulturalaren, aurkikuntza geografi-ko handien eta XVI. mendeko loraldi ekonomikoeta demografikoaren testuinguruan gertatu zen.Konkista ulertu nahi badugu koadro osoari erre-paratu behar diogu.

Bi proiektu politiko eta identitate-erro oso beste-lako dituen egungo Nafarroan, baldintzak ez diraegokiak gure komunitate politikoarentzako gertaerahistoriko funtsezkoenetakoa izan zenari buruzkoeztabaida barea burutzeko. Baina ahalegindu eginbehar dugu. Lehen ahalegina, gertatu zena jakiteada, aurreiritzirik eta betorik gabe. Eta bigarrena,gertaerak zergatik jazo ziren azaltzen saiatzea,zehaztasunez eta ikusmolde zabalean oinarrituta.Eta, hala, oraina hobeto ulertuko dugu.

* Historialaria eta soziologoa

Labriteko Enrike II.ak aginduzuen 1521ean erresumarenazken berreskuratze saioa.Iturria: Nafarroa,historiaren hariak.

Terminologiak berak

–konkista,

menpekotasuna, anexioa,

gehitzea– ezin argiago

erakusten du gaia oso

politizatua dagoela.

Beharbada, ezin du

bestela izan,

komunitate honetan bi

identitate

kontrajarrietan eta,

sarri, baztertzaileetan

islatzen diren oso

bestelako bi proiektu

politiko daudelako

Page 12: Larrun (138): Nafarroa 1512-2012. Atzo konkista, gaur

12 I R I T Z I A K

Ulertzen ahal dugu oraina iragana ahantzita?Bizitza oroituz eta ahaztuz bideratzen da.Gertaera, bizipen, sentimen, pertsonak gor-

detzen ditugu gure gogoan, ala, berriz, baztertu egi-ten ditugu. Nahita, batzuetan, konturatu gabe bes-teetan. Maila kolektiboan halaxe gertatzen da ere,baina sarritan, ez da libreki hartzen den erabakia,ezarpena baizik. Estatu guziek bereganatu nahi iza-ten dute oroitu eta atzendu beharrekoa bereiztekozilegitasunaren monopolioa. Estatuak bere oroitza-pena mugatzen du eta herriari inposatu nahi izatendio. Herriak estatuak nahi duena oroit dezan.

Hauxe gertatu zaigu estaturik gabeko euskaldu-noi ere. Estaturik gabe izanda, beren menpe hartugaituzten estatuek sortu dute beren oroitzapenofiziala, gurea estaliz edo ukatuz. Betidanikoespainiar edo frantziar bilakatu gaituzte. Gurearenordez, beren interesen araberako oroitzapenainposatu digute, Historiaren izen harroaz. Espai-nia eta Frantziaren Historian ito gara euskaldu-

nok, gure oroitzapenerako betarik ezin aurkituz.Edo beste horien Historian zirrikituak bilatzekoasmoak lotuta. Menpekotasunean murgidulta,beraz.

Ezin genuen espero gure naziotasuna ukatzendutenek gure oroitzapena berreskuratzea. Bainaeuskaldunok ere sorbalda erakutsi diogu gure ira-ganari. Zorigaitzez, Aranatarren nazionalismoaabiatu zenean, Bizkaiko burgesiaren ikuspegiarenaraberako historiaren irakurketa zabaldu zen,hots, karlisten eta aurreko eliteen ideologien pak-tismoaren iturrietatik edan zuena. Horrela, euskalestatuen independentziaz hitz egiten zen, etaontzat ematen zen –penintsulaz ari garelarik–estatu hauek Gaztelarekiko itunen bitartez lotuzirela espainiar monarkiarekin. Euskal nazionalis-mo honen hodeiertza, independentzia aipatuarren, itun horien egokipena zen.

Euskal estatuak asmatuz, euskal estatua ahanz-ten zuten. Bizkaiko burgesia horrek ez zuen Nafa-

Floren Aoiz*

1512-2012 oroitzapenetikharago... independentzia

“Hauxe gertatu zaigu estaturik gabeko euskaldunoiere. Estaturik gabe izanda, beren menpe hartugaituzten estatuek sortu dute beren oroitzapenofiziala, gurea estaliz edo ukatuz. Betidanikoespainiar edo frantziar bilakatu gaituzte. Gurearenordez, beren interesen araberako oroitzapena inposatudigute, Historiaren izen harroaz”

DA

NI

BLA

NC

O

Page 13: Larrun (138): Nafarroa 1512-2012. Atzo konkista, gaur

13I R I T Z I A K

rroa izeneko estatuaren ikurrari zentraltasunaemateko inolako asmorik. Bestalde, garai bereanNafarroan sortzen ari zen bestelako berpiztean(Kanpion, beste euskaroak…) nagusitzen zennorabidea ez zen independentziarena. Gauzakhorrela, nazionalismo horrek ez zuen uztartu bereegitasmoan Nafarroako estatuaren ibilbide histori-koaren aberastasuna. Beharbada, nazio ikuspegi-rik ez zutelako; agian ez baitzuten independentziaeskuratzeko benetako borondaterik. Ez da horre-taz luze eta sakon aritzeko une egokiena, bainaEAJren nazionalismoak hartu zuen bideak EuskalHerriaren independentzia, iraganaren ikur nagu-sia, baztertu zuen. Erabaki honen ondorioak osolarriak izan dira, ene ustetan, batez ere –baina ezsoilik– Nafarroan.

1512ko konkistaren urteurrena aukera ederrada gure herriaren iragana hobe ezagutzeko, Histo-ria ofizialaren gezurrak agerian uzteko, finean.Halaber, aspaldi abian jarritako euskal nazionalis-moaren berritze-egokipen bidean, iraganari beste-

la so egiteko parada eskaintzen du urteurrenhonek. Izan ere, XXI. mendean euskal indepen-dentzia nahi duten talde eta pertsonek ezagutubeharko lukete izan genuen estatua, baita nolakendu ziguten ere. 1512ko erasoa eta ondotikpiztu ziren independentzia berreskuratzekoborrokak aintzat hartzekoak baitira, zalantzarikgabe.

Nire ustetan, independentzia eskuratzeko esku-bidea ez dago iraganaz lotuta. Naziotasuna etaherriaren borondatea dira gakoak, berriz. Finean,estatua osatzeko eskubidearen baldintza aurretikizana baldin bada, estatu guziak zilegitasunik gabe-koak dira, noizbait sortu baitira lehen aldiz, aurretikestatu ez zirelarik. Garai batean, iragana zilegitasuniturburu nagusia zen. Gaur berriz, borondateariematen diogu lehentasuna, eta hau aurrerapen han-dia da, aunitzetan hitzetatik errealitatera pasatzenez den arren.

Euskaldunok estatua osatzeko eskubidea duguherri bat garelako, eta libre izan nahi dugulako.

Arturo Kanpion, ezkerrean, eta Sabino Arana. Aoizek dio, EAJren nazionalismoak hartuzuen bideak Euskal Herriaren independentzia, iraganaren ikur nagusia, baztertu zuela.

AU

ÑA

ME

ND

I

AU

ÑA

ME

ND

I

Page 14: Larrun (138): Nafarroa 1512-2012. Atzo konkista, gaur

14 I R I T Z I A K

Baina, gertatzen da estatua izan genuela eta inda-rrez kendu zigutela. Eta gertatzen da kendu zigu-tenek eta gure miseriek lainotu dutela estatuhorren oroitzapena. Eta gertatzen da estatu horrenizena, Nafarroa, erabiltzen dela Euskal Herria zati-tzeko, “nafartasuna” bilakatu nahi izan dutelakoeuskalduntasunaren ukapen bidea, Nafarroa etaEuskal Herria elkar kontrajarriz. Gertatzen da,halaber, pairatutako konkista itun aske bilakatudutela eta sinestarazi nahi izan digutela gureaurrekoek erabaki zutela Frantzia eta Espainiare-kin bat egitea.

Hau dena oroitzea komenigarria da, iraganaezagutzeko eta libre izateko eskubidea ukatzenduten estatuak nola ibili diren ikusteko. Komenida gaur egungo eztabaidan erabiltzen diren argu-dio aunitz beren lekuan jartzeko. Adibidez, age-rian uzteko Nafarroaren nortasunaren etsaia ezdela euskal abertzaletasuna espainiar eta frantziarzapalkuntza egitasmoak baizik. Nafarroa ez zelainoiz ere libreki batu Espainiarekin, konkistatuaizan zela, eta konkista hura bortitza eta krudelaizan zela eta asko kostatu zitzaiela erasotzaileei

Nafarroa bereganatzea. Finean, armak izan zirelaNafarroaren independentziari bukaera eman zio-tenak. Indarkeriaz aritzeko euskarri interesgarriadugu hau, bestalde. Estatua indarkeriaz kenduzigutenek esaten baitigute ez dela zilegia estatubat indarkeriaz osatzen saiatzea.

Ez dugu gure iragana mitifikatu behar, baina eza-gutu, bai. Geroak kezkatzen gaituelako. Bestelakoetorkizuna eraiki nahi dugulako. 1512ko konkistaeta oro har gure estatalitatearen galera tragedianazionala izan zelako. Estatua behar dugulako XXI.mendeko euskaldunok. Ez, jakina, 1512an nahizbeste data batzuetan desegin ziguten estatu bera,baina bai gurea, euskaldunok libreki erabakitzenduguna. Izan zirelako gara. Duela bost mende etsaiboteretsuen aurrean gure estatuaren ikurra altxatuzuten horiek oroitzea ez da nostalgia hutsa, eztaanakronismoa ere, libre izateko ametsaz lotutakooroitzapena baizik. Independentzia nahi dugunongogoan gorde beharreko ikurra.

* Idazlea

“Finean, armak izan

zirela Nafarroaren

independentziari bukaera

eman ziotenak.

Indarkeriaz aritzeko

euskarri interesgarria

dugu hau, bestalde.

Estatua indarkeriaz kendu

zigutenek esaten

baitigute ez dela

zilegia estatu bat

indarkeriaz osatzen

saiatzea”

Cisneros Kardinala,Nafarroako gazteluen

suntsitzea aginduzuen agintaria eta

Historia de Navarra,el Estado Vasco

liburuaren azala.

AU

ÑA

ME

ND

I

Page 15: Larrun (138): Nafarroa 1512-2012. Atzo konkista, gaur

15I R I T Z I A K

Iritzirik zabalduenaren arabera, armekbeharturik beretu zuen Gaztelak Nafarroa,batere sinesgarriak ez ziren arrazoi juridi-

koak erabiliz eta Julio II. Aita Santuaren buldaeztabaidagarriak baliatuz. Nafarroa, ez zen Gazte-lara era baketsuan anexionatu, ezta oinordetza-eskubideak betez ere, Aragoiko koroaren lurral-deekin gertatu zen bezala. Anexio hori armenbidez, sinesgarriak ez ziren arrazoi juridikoak era-biliz eta Julio II.aren bulda pontifikal polemikoe-tan oinarritutako justifikazio kanoniko bat baliatuzegin zen. 1512an Aita Santuak “Pastor ille caeles-tis” bulda eman zuen jakitera eta bulda horrenarabera, Aulki Santuaren edo bere aliatuen aurkaedota Luis XII.aren Frantziaren alde egiten zuenedonor eskumikatu egingo zuten.

Fernando Katolikoa konturatu egin zen Nafa-rroako errege-erreginak frantsesen alde jarri zirela

eta, ondorioz, aipatu bezala, Aulki Santuari pre-sioa egin zion, baita bere helburua lortu ere.Horrela, 1513ko otsailean bigarren bulda argitara-tu zen, “Exigit contumacium” deitutakoa eta,horren bidez, Joan Albretekoa eta Katalina esku-mikatu zituzten: “Gure aurretiko Erromako AitaSantu askoren zantzuei jarraikiz, ezen haiek erre-ge eta enperadoreei, arrazoi arinagoengatik ere,zentsura berbera aplikatu zieten, aginte apostoli-koarengatik eta eskumen osoz, Juan eta Katalinaeskumikaturik, anatematizaturik, madarikaturikdaudela eta zismatiko eta herexeei laguntza ema-teagatik errudun eta estatuaren eta betiko tormen-tuaren hobendun direla aldarrikatu eta adieraztendugu, eta errege titulu, ohore eta duintasunezdesjabetuak direla, eta haien Erresumak, jaure-rriak eta edozein ondasun publiko egiten ditugu,eta haien guztia haiez guztiez jabetu edo jabetuko

Roldan Jimeno *Bulden iruzurra

“Nafarroa, ez zen Gaztelara era baketsuan anexionatu,ezta oinordetza-eskubideak betez ere, Aragoiko

koroaren lurraldeekin gertatu zen bezala. Anexio horiarmen bidez, sinesgarriak ez ziren arrazoi juridikoak

erabiliz eta Julio II.aren bulda pontifikalpolemikoetan oinarritutako justifikazio kanoniko bat

baliatuz egin zen”

JUD

ITFE

RN

AN

DE

Z

Page 16: Larrun (138): Nafarroa 1512-2012. Atzo konkista, gaur

16 I R I T Z I A K

direnek, gerra santu eta justuenean eskuratu beza-la, bere egin dezaten”.

Eliza usteldu horretatik zetorren eskumikaziohorrek, gainera, erregetzatik kentzea suposatzenzuen, Frantziako errege zismatikoarekin elkartuzirelako, aitasantutzaren aurka: “Juan eta Katalina-ri errege ohore, titulu eta dignitateak, bai etaNafarroako erresuma, dukerriak, konderriak etabestelako jaurerri tenporalak eta edozein tokitandituzten ondasunak eta haien gainean dituzteneskubideak kentzen dizkiegu eta publiko egitenditugu erresuma, jaurerri eta ondasun guztiak etahorietako bakoitza”.

Eta gaztelatarren alde egiten zuen, handikaurrera Juan eta Katalina errege-erreginen fidelekharreman horiek apurtzeko: “Erresumako etaaipatu jaurerrietako eta haren mugen barrukokonderri, gotorleku eta gazteluetako eta lurrekogobernariak, gaztelaniakoak eta ofizialak, baitadukeak, markesak, kondeak, baroiak, nobleak,auzokideak eta biztanleak, beren dignitate, estatu,maila, ordena eta egoera edozein izanda ere, Juaneta Katalinarekin fideltasun zinaz eta gobernu,gaztelania, lanbide, zaintza, feudo, basailutza edobeste edozein gorazarrez loturik egonik haienmenpeko direnak, Juan eta Katalinarekiko zin etagorazarrea betetzeko edozein loturatik eta edo-zein fideltasun, obedientzia eta mendetasunetikabsolbituz eta, beherago idatzitako zigorrenmenpe, zeinetan aurka egiten dutenak egitatea-

rengatik berberarengatik erortzea nahi baitugu,zorrotz aginduz hauek Burgos, Kalagorri eta Tara-zonako elizetan, edo haietako bitan, argitaratu etahurrengo sei egunetan –horietako bi lehendabizi-kotzat, bi bigarrentzat eta gainerako biak hiruga-rrentzat eta azken terminotzat eta ohar kanoniko-tzat harturik– haien menpe dauden guztiei etahaietako bakoitzari Juan eta Katalinarenganako,edo haietako edozeinenganako, ohiko obedien-tziatik aldendu daitezen eta aurrerantzean erregeedo nagusi deitu edo erregetzat edo nagusitzatinola ere aitortu ez ditzaten, baizik eta, zismatikoeta heretikoak diren aldetik, ahal duten heinean,Kristoren gainerako fededunen komuniotik bazter

“Konkistaren azalpenak

ez ziren batere

sinesgarriak izan eta,

beharbada, horrek

eragina izan zuen

Nafarroako erakunde

tradizionalak eta

foruen sistema

errespetatzeko orduan”

Fernando Katolikoak presio egin zionAita Santuari honek Pastor illecaelestis bulda ospetsua ateratzeko.

AU

ÑA

ME

ND

I

Page 17: Larrun (138): Nafarroa 1512-2012. Atzo konkista, gaur

17I R I T Z I A K

ditzaten. Eta sei egunak iraganda Erresumakokonderri, unibertsitate, hiri, gotorleku, gaztelu etalur eta bestelako tokietako eta aipatu jaurerrietakoaipatu pertsona berezi orok gure manu hau egia-tan obeditzen ez badu, hemendik aurrera harenkontra eskumiku handiaren epaia ematen duguidazki honetan eta, hilzorian daudenak salbu,edozein indultu apostolikoren aitzakia izanda ere,Erromako Aita Santuak bakarrik absolbitu ahalizango ditu”.

Konkistaren azalpenak ez ziren batere sinesga-rriak izan eta, beharbada, horrek eragina izanzuen Nafarroako erakunde tradizionalak etaforuen sistema errespetatzeko orduan. Indar mili-tarren bitartez, Pirinioetako erresumak amoreematea lortu zuten, baina, agian, “itundutako” eta“hitzartutako” amore ematea izan zen, kontuan

hartu behar baita konkista zein baldintzatan emanzen, baldintza horiek, zalantzarik gabe, eraginaizan baitzuten prozesu horretan. Nafarroa 1515eangehitu zitzaion Gaztelako koroari, zuhurtzia han-diz prozesu horretan etenaldi bat egin eta gero.Albretekoak berriro erregetzan ezartzeko ahalegi-nak behin betiko bukatu ziren Noainen, 1521ekoekainaren 30eko arratsalde hartan eta gerokoAmaiurko gazteluaren defentsan. Pirinioen hego-aldeko Nafarroa osoa, une horretatik aurrera,“egokitze”, “moldatze” eta “antolatze” fasean sartuzen, Gaztelaren nagusitasunaren ondorioz sortuta-ko egoera berrian.

* NUPeko historia irakaslea

Zangotzako Gaztelua, 1516an suntsitua eta 1952an berreraikia. Bertan jaio zenAlbreteko Enrike II.a 1503an. Iturria: Historia general del Pais Vasco, Ttarttalo.

Page 18: Larrun (138): Nafarroa 1512-2012. Atzo konkista, gaur

18 I R I T Z I A K

1512ko lapurreta hori, zerrenda luze batekoazkena izan zen, Hegoaldetik bederen.Dena XI. mendean hasi zen, Antso Handia

zendu ondoren, haren semeen arteko liskarretan,Gaztelakoak Iruñekoa garaitu eta hil zuelarik Ata-puercan. Geroztik Gaztela-Leongo erregeek Iruñe-ko Erresuma zatika jan dute, Burgosko ateetarikoraingo mugetaraino. 1512koaren aurretiko azkenausikia, larriena ere, 1200. urte ingurukoa, Araba,Gipuzkoa eta Bizkaiko Durangaldea irentsi zitue-na. Itsasorako bidea galdurik, Nafarroako Errei-nua beste irteera baten bila Iparralderantz itzulikoda, eta banaka bilduko ditu 1530etik lekora Nafa-rroa Beherea/Baxenabarre osatuko duten lurraldetxikiak. Batetik, Lapurdikoak ziren Garazi, Baigo-rri, Ortzaize, Arberoa... Bestetik, Akizeri lotuakzeuden Oztibarre eta Amikuze, honetan zegoelaBidaxune aldea. Iparraldeko nafar berantiarhoriek ez dira txarrenak, alderantziz fidelenakegonen zaizkio baskoien erreinu zaharrari, fidele-

nak halaber euskal guztien artean lingua navarro-rum hizkuntzari.

1512an Iparraldera erretirako dira Nafarroakoerrege-erreginak eta erreinua. Idaztear nuen “itzu-liko”, eta lapsusa ez zen arras gezurtia izango,zeren iparreko erresuma handitik etorri baitziz-kion errege kontsorte sonatuak eta laguntzabatzuk ere. Haatik oreka gabeko ezkontzak izanziren beti Nafarroa txikiaren eta Frantzia erral-doiaren artekoak.

Errege kontsorte horietako bat zen Jean d’Al-bret gaskoia. Emaztea, Katalina, Nafarroako erre-gina subiranoa, koroaren jabea zen. 1512ko udahartan biek Biarnora ihes egin behar dute, Katali-na jaurerri aske horretako andere subiranoa erebaita, bere aita Gaston IV. de Foix famatuarenondotik. Haatik Bearno edo Biarno ez da Nafarro-ako. Bi lurralde bereiziak zirela ber subiranoarenmendeko, agerian uzten digu Joanes Leizarragaktestamentu berriko sar hitzean Jean d’Albreti egi-

Jean L. Davant*Bi tximinoren artean

“1512an Iparraldera erretirako dira Nafarroako errege-erreginak eta erreinua. Idaztear nuen ‘itzuliko’, etalapsusa ez zen arras gezurtia izango, zeren iparrekoerresuma handitik etorri baitzizkion errege kontsortesonatuak eta laguntza batzuk ere. Haatik oreka gabekoezkontzak izan ziren beti Nafarroa txikiaren etaFrantzia erraldoiaren artekoak”

DA

NI

BLA

NC

O

Page 19: Larrun (138): Nafarroa 1512-2012. Atzo konkista, gaur

19I R I T Z I A K

ten dion eskaintzaz: “Guzizko andre nobel JoannaAlbrete Naffaroaco reguina Bearnoco andreguehien (...) denari...”.

Beraz Fernando Katolikoa Nafarroa Garaiareneta Garaziko eskualdearen jabe sartu zaigu. Jeand’Albret saiatuko da erresumaren berriz eskura-tzea 1512ko udazkenean eta 1516ko martxoan,baina bi aldietan partida galduko du. Errege-erre-ginak laster hilen dira. Horien semea eta ondo-koa, Henri II. Albret, bere aldian saiatuko daFrançois I. Frantziako erregegaiaren laguntzare-kin, eta bien armada Ebroraino sartuko da. Bainagero atzera egin behar du, eta dena galduko duteNoaingo gudukan, 1521eko ekainaren 30ean. Las-ter Donibane Garazin sartuko da Gaztelako lurarmada.

Hatatik Henri II.ak Nafarroako instituzioak ber-pizten ditu Donapaleun, 1523ko abuztuan. Baina

berehala, irailean, Gaztelako armada Iparraldeanbehera dabil, izugarrizko suntsiketak eginezLapurdin, Biarnon eta Zuberoan, baina Baxenaba-rre/Nafarroa Beherea ezin beretu. 1530ean behinbetiko bazter utziko du, Frantziari buruz ezinzaindua baitzaio, muga naturalik ezean: mugapolitikoa gaur dagoen tokian finkatzen du, edoguti eskas. Geroztik zuzenketa txiki batzuk eginizan dira, baina hain xeheak non aipamen zehatzeta luzerik ez duten merezi, nahiz batzuetan liska-rrak ekarri dituzten bi aldeetako artzain eta behi-zainen artean. Holakoak gertatzen dira halaberIparraldeko lurraldeen artean ere.

Beraz Nafarroa Beherearen sorrera zor dieguFernando Katolikoari eta Charles Quint handiari,batak 1512an hasi eta besteak 1530ean bukaturikoebakuntzari esker. Hara euskal “probintzia” berribat, hobeki erranik lurralde historiko bat gehiago,

“Nafarroa Beherearen sorrera zor diegu FernandoKatolikoari eta Charles Quint handiari”. Irudian,Donibane Garazi.

“1512-1530ekobortxaketak haur bategin zuen,Baxenabarre/NafarroaBeherea. Axularnafarra zen,bazekien zertaz arizen: gure lurraldeakizendatu zituelarik,Nafarroa bi zatitanaipatu bazuen,segurki ez zenustekabeanhorretaratu, ez etaplazerez. ArturoCampion ere nafarrazen, Iruñekoa, etakontatzenbazakikeen. Arbolakez digu basoaezkutatu behar”

AU

ÑA

ME

ND

I

Page 20: Larrun (138): Nafarroa 1512-2012. Atzo konkista, gaur

20 I R I T Z I A K

zazpigarrena kronologian. Haatik egia da berarmarria dugula Iruñean eta Donapaleun, berkateekin, eta ber laurelarekin ere, Baxenabarrekobigarren hiriburu honetako gerlari hilen monu-mentuan bederen. Baina hemengoak Frantziarenzerbitzuko erori ziren, bestaldekoak aldiz Espai-niaren mesederako. Biziak ere, batzuk berenustez frantziarrak ditugu, besteak espainiarrak,gehiengo zabalez.

Bai, nabaria da armarriaren zehar urratu digu-ten muga, bere ondorio guziekin. 1512-1530ekobortxaketak haur bat egin zuen,Baxenabarre/Nafarroa Beherea. Axular nafarrazen, bazekien zertaz ari zen: gure lurraldeak izen-datu zituelarik, Nafarroa bi zatitan aipatu bazuen,segurki ez zen ustekabean horretaratu, ez eta pla-zerez. Arturo Campion ere nafarra zen, Iruñekoa,eta kontatzen bazakikeen. Arbolak ez digu basoaezkutatu behar. Zilbor estea Luzaideko behereanebaki ziguten ganibet ukaldi batez. Ibañetan ger-tatu bazen, errua orografiari bota zakiokeen, gai-nera euskararen muga ere gaur han dagoenez.Arnegiko zubian ezin ezkutatu da Nafarroarenurraketa: ezin hobeki adierazten du Euskal Herriosoaren zatiketa. Sinbolo unibertsala den zenba-kiaren murrizteak ez du ezer ekartzen.

Haatik nik ere ez dut nire burua engainatubehar. Barbera Gaztelako erregea bazen, aneste-

sista Frantziakoa izan zela nekezuka dezaket. Honek historianbarna frankotan Nafarroa sosten-gatu zuela egia da, baina batzue-tan ez ote sokak urkatua sostenga-tzen duen bezala? Henri II .Albretekoak erran zuen Nafarroatxikiak bi erresuma handirenartean iduri zuela kukuso bat bitximinoaren artean, batak utziorduko besteak hartzen baitzuen...

Pierre Narbaitzen arabera, LouisXII. erregeak ere Nafarroa beretunahi izan zuen, baina FernandoKatolikoa argiago baitzen, lehen-du zitzaion. Haatik epe luzera,Frantziako erregeak ere azeri onakizanen dira, zeren Iparraldeko par-tea emeki-emeki beren erresumara

bilduko dute eta han anestesiatuko. Azken epaiaIraultza hastean, biltzar konstituziogileak emanendio, 1789ko abuztuaren 1eko gau famatu hartan.Iparraldeko beste bi lurraldeen egiturak ere dese-gin zituen, Lapurdi herria eta Zuberoa herria eza-batuz. Erresumako eskualde handi eta txikiak orobezala. Erabaki horrek bizkitartean abantaila batekarri zigun, hiruak bat eginez, baina zoritxarrezeuskal departamendu baten eskaerari muzin egi-nez. Biarnokoan hetsi zituen eta beti horretangaude, euskal erakunderik gabe. Ardoa badugu,baina kupela falta, edalontziak ere bai.

Horrela bukatu zen, Iparraldetik bederen, Fer-nando Katolikoak 1512ko udan hasiriko lana.

* Idazlea

LARRUN pentsamendu aldizkariaARGIArekin batera banatzen daZuzendaria: Xabier LetonaJabea: Komunikazio Biziagoa S.A.L.Helbidea: Zirkuitu ibilbidea, 15. pabiloia 20160Lasarte-Oria Posta Elektronikoa:[email protected] Telefonoa: 943 37 15 45Inprimategia: Antza S.A.L. Informatika: ASPSCOOP.

(ARGIAko 2.212. zenbakiarekin banatua, 2009ko abenduaren 27an)

Paueko Gaztelua, Nafarroako Gorteen egoitza. Iturria:Historia de Navarra, el Estado Vasco.