BASOA Sarrera
Ikasturte hasiera da eta bederatzi ume ditut gelan: bost urteko bi eta lau
urteko zazpi.
Hizkuntza idatziaren lanketa gogoan, umeak beren hipotesiak erabiltzen
ikustea oso pozgarria zait eta lasai-lasai hasi nahi dut kurtsoa: hitzak
idazteko lanak prestatuko ditut eta beraiek dakiten bezala idazteko
eskatuko diet, dakiten hori oso garrantzitsua eta baliagarria dela adierazi
nahi baitiet idazten badakitela senti dezaten.
Gainera, irakurketa lantzeak idazketan duen eraginaz oharturik, gai baten
inguruko irakurketa-saio laburrak egingo ditugu sarri-sarri; hori bai, talde
handian, elkarrekin ikasten dugu eta ondoen.
Zer dela eta gai hau?
Batzuetan umeekin sortzen diren elkarrizketek ematen didate pista gai bat
aukeratzeko garaian eta oraingoan ere horrelaxe gertatu zen.
Ipuin asko eta asko basoan girotuta daude: Neu naiz ederrena, Hiru txerritxoak, Zazpi antxumeak…Otsoa azaltzen da ipuin horietan guztietan
eta horietxek dira umeei gehien gustatzen zaizkienak, behin eta berriz
kontatu behar izaten ditugunak.
Otsoak erakartzen ditu umeak; mendira joan eta ikusi egiten dute, batzuk
baita harrapatu ere, amets egiten dute berarekin… Aita batek esan zidan
bere semeak sarri-sarri egiten zuela amets otso eta azeriekin eta beldurtu
bezainbeste erakartzen zutela animalia horiek.
Hori entzunda, basoaren inguruko lanketa egitea erabaki nuen eta horren
inguruan arlo batzuk landu: hizkuntza, matematika, plastika eta ingurunea.
Definizioa
Hasiera emateko, ipuina entzun ondoren kontu-kontari hasi gara: non bizi da
otsoa? Gure etxe ondoko basoan ba ote dago otsorik? Zer dago? Joaten al
zarete basora? Norekin?... Basoa aipatzean zer bizipen datorkien gogora
elkarri kontatzea nahi dut, ume hauen inguruan baitago basoa.
Elkarrizketa horretan definitu dugu basoa; pentsatzen nuen jakingo zutela,
baina dakiten hori hitzetan jartzea nahi nuen, hitzez eta irudiz adieraztea
eta marraztu egin dugu:
1. arbelean denon artean
2. orrian banaka
Argazkiak ikusi ondoren, zuhaitzak marrazten ikasi dugu.
Basora irteera
Eskolako leihotik ikusten
da basoa. Inguruan
ibilalditxoak egiteko
ohitura daukagu; gainera,
udazkenean zorroren bat
hartuta joan ohi gara
gaztainak edo intxaurrak
biltzeko asmoz. Oraingoan
basora joango gara eta
basoari buruzko
erakusketa jarri nahi
badugu, bertako gauzak
ekarri beharko ditugu.
Abiatu aurretik zer aurkituko ote dugun aipatu dugu. Poltsak hartu eta
atera gara.
Ez pentsa erraza denik baso polit batera iristea, baina ohiko ibilbidetik
atera gara eta umeak pozik
ibili dira.
Basoko bidean gabiltzala,
ikusten denari buruzko
galderak eta aipamenak
egiten hasi naiz; baita
argazkiak ateratzen ere.
Izen asko ez dituztela
ezagutzen oharturik,
hiztegiaren lanketari
tartea eskeintzea erabaki
dut eta, beraz, aurretik
prestaturiko unitate
didaktikoa aldatu behar izan dut.
Irteerari buruzko hormirudia
Argazkiak lagungarriak izan dira ikusitakoari buruz hitz egiteko. Ibilaldian
ikusitakoak ez ahazteko, hormirudia egingo dugu: denon artean osatu eta
pasiluko horman jarri dugu eskola osoarentzat.
Idazketa lana bikoteka egin dute: bikote bakoitzak arkatz bakarra hartu du
eta bere hipotesien arabera idatzi du argazkian zer ikusten den; txandak
egiteko eskatu diet, lana biena izan dadin.
Basoko erakusketa
Basoan ikusitako hainbat elementu bildu
ditut mendira joan naizen batean: larra,
garoa, goroldioa, zuhaitz jaioberriak,
adar zaharrak, orbela, pago ezkurrak…
eta erakusketa jarri dugu izenak ondoan
dituztela. Izenak idaztean, hormirudia
egitean bezala egin dute lan.
Zuhaitzak falta dira erakusketan. Nolakoak izan ohi dira? Altuak=luzeak,
bajuak=motzak, lodiak, meheak, gazteak, zaharrak… basoen argazkietan
ikusi ditugu zuhaitz desberdinak.
Zuhaitzak egin ditugu lego piezekin: ikasleak bikoteka jarri, dadoa bota eta bertan adierazten den
adina pieza hartu dorrea=zuhaitza osatzeko. Bukaeran, zuhaitzak seriatu
ditugu altueraren arabera.
Ondoko egunetan, altuera eta luzeraren inguruko lanketa txikia egin dugu
gelan daukagun materiala erabiliz: makilak eta botilak.
Ikasleak konparatu dira altueraren arabera. Neurtu eta apuntatu egin
ditugu gelako atean daukagun metroaren ondoan hurrengo batean gaiari
heltzeko.
Zuhaitzak basoan
Zuhaitzik gabeko basorik ez
dagoenez, geuk egin ditugu:
kartoizko materialen artetik,
zuhaitz enbor itxurako piezak
aukeratu ditugu, tutuak hain zuzen
ere. Adarrak erantsi eta margotu
ondoren, erakusketan jarri ditugu.
Animaliak basoan
Ikusten erraza ez bada ere, badakigu animalia
batzuk bertan dutela bizilekua; baina zein bizi
da basoan? Ikasleak bikoteka jarri dira
animalia zerrenda idazteko; horretarako,
isiltasuna garrantzitsua da elkarri ez
eragozteko eta bikote bakoitza gelako leku
batean jarri da bere zerrenda idazten.
Bukaeran, denok elkartu eta zerrenda bateratua osatu dugu: niri diktatu
dizkidate izenak txandaka. Izen gehiago ere bururatu zaizkie eta zerrenda
luzea osatu dugu (erraza da animaliekin interesa piztea!)
Irakurketa lantzeko jarduerak animalien izen eta argazkiekin: ia egunero,
talde osoak batera lan egin du irakurketa-saioetan:
• alde batean argazkia eta bestean izena daukaten txartelekin:
o irudia ahozpez jarri eta animalia jakin bat bilatzeko eskatu edo
alderantziz, zein animalia ikusi nahi duen galdetu bistaratu
aurretik
• argazkien eta izenen txartelak aparte eta basoen argazkiak:
o argazkiari izena egokitu
o izenari argazkia egokitu
(argazkiak)
Ariketa askotan, ikasleari izen hori jartzen duela nola konturatu den
galdetu diot bere ezagutza besteekin konparti dezan. Ezinean dabilenari
laguntza eskeintzeko esan diet denon artean ikasteko.
Normalean hitzaren hasierako hizkian bakarrik fijatzen dira; beste jauzi
bat eman dezaten, berdin hasten diren hitzak elkarren ondoan jartzen
dizkiet eta, berdin hasten direnez, gehiago fijatu behar dutela esan.
Jarduera zein eratakoa den ikasi ondoren, euren kasa jarduteko moduan
dira edozein tartetan.
Hitzen arteko konparazio kualitatiboak ere egin ditugu.
Fitxak ere egin dituzte banaka: animalien izenak eman marrazkiak
pegatzeko.
Idazketa lantzeko jarduerak
Erakusketan animalien irudiak jarri dituzte izenak idatzita. Izenen idazketa
bikoteka egin dute eta
euren hipotesien arabera,
hau da, beraiek dakiten
ondoen, belarriak esaten
diena kontutan hartzeko
adierazten diet.
Fitxak ere prestatu
dizkiet izenak idazteko.
Hasi aurretik, talde
handian prestatu dugu:
izena esan, zenbat hizki
jarri behar dituzten
kontrolatzeko silaba
adina txalo jo edo behatzak luzatu, belarriak zer entzuten duen konturarazi
(hasierako hizkia behinik behin)… Idazketa saioan aldamenekoa ez
nahasteko isilik jardun behar dugula gogora erazi eta lanari ekin diote.
Saioren batean, ikasle batek bukatu ondoren beste ikasleren batena
irakurtzeko esan diot elkarri hobetzeko iradokizunak ematearren eta sortu
dira interakzio politak.
Gero, niri irakurri didate idatzitakoa eta momentu horretan ere konturatu
dira hizkiren bat falta dela, edo sobratu, edo ez duela idatzi esaten eta
entzuten ari den hori (A bukaeran, adibidez)
5 urteko ikasleei gehiago eskatzen saiatzen naiz: ia hizki guztiez
idaztearren, erreferentzi-hitzekin osatutako hiztegia erabili dute behar
dutena bertan bilatzeko.
Animalien hormirudia
Erakusketako animalien argazkiak eta izenak txiki samarrak dira eta
hormirudia egitea proposatu diet. Oraingoan, izenak irakurtzeko erabiltzen
ditugun txartelen artean bilatu dituzte eta kopiatu.
Txantxangorria
Lan guztian zehar hitzetara mugatu gara eta testuren bat landu eta
esaldiak idazten jarri nahi nituenez, txantxangorriaren inguruko azalpen
testua idaztea erabaki dut. Jarraitu ditugun pausoak ondorengoak izan dira:
o Hasiera gisa: leihoa zabaltzen dugunean, batzuetan, txori baten
kantua entzuten dugu, txantxangorriarena hain zuzen ere. Non bizi
ote da? Nola?
o Dakitena eta zalantzan dutena jaso: nik apuntatu ditut ideak orri
handian
o Zalantzan duguna argitzeko non begiratuko dugu? Informazio iturriez hitz egin.
o Mantangorria gehigarriko erreportajean azaltzen den informazioa
irakurri. o Ikasi duguna ez ahaztearren, hormirudian jasotzea proposatu. Hori
osatuko duten puntuak erabaki eta lanerako bikoteak osatu
(oraingoan neuk)
o Gidoiko puntuak banatu (ikasleek erabaki dute zertaz idatzi nahi
duten) eta idazten hasi aurretik, zer jarriko duten erabaki (nik orri
zahar batean apuntatzen dut ez ahaztearren)
o Testua idatzi: idazketa txandak beraiek egiten dituzte. o Nik izenburuak idatzi ditut eta argazkiak prestatu
o Hormirudia osatu: testu bakoitzari zein izenburu eta zein argazki
dagozkion erabaki eta pegatu.
Olentzero basoan
Abendua aurrera doa eta hasi gara Olentzero kontuak entzuten. Basoan
jarri dut panpina eta zertan ari den galdetu diet. Ikasleek badakite ikazkina
dela eta egurrarekin egiten duela ikatza. Ikatza egiteko prozesua erakutsi
diet Mantangorria gehigarriko marrazkiak erabiliz.
Lanaren azalpena
Lana bukatutzat eman ondoren, talde handian bildu eta zer ikasi dugun
aipatu dugu denon artean.
Egindakoa bikaina geratu da eta ikasle txikienak etorri dira ikustera. Lana
besteei erakustea gustuko dutenez, azalpena prestatzea erabaki dugu.
Nire asmoa txikienei eta LHko 1. ziklokoei bakarrik azaltzea bazen ere, nori
azaldu nahi zioten galdetzea erabaki nuen arrisku guztiekin. Eskolako denei
erakustea erabaki zuten; ondoren, zer esan eta nola esan entsaiatu dugu.
Azalpena: entsaioak ondo joan dira baina azalpen garaian, gauzak ez dira
atera nik nahi bezala: ikasleren bat harrotu egin da, beste batzuk jolasean
hasi dira, txandak ahaztu… Irakasle batek bideoz grabatu duenez,
grabazioan ikusi dugu zer gertatu den eta azalpenak eskatzen duen
seriotasunaz hitz egin dugu.
Txosten banaketa:
Ikasle bakoitzak egindako lan guztia biltzen duen txostena jaso du.
Ebaluazioa
Proiektua ebaluatzeko garaian, orokorrean umeak gustura ikusi ditut
jarduera desberdinetan. Egin zitezkeenak ugari dira gaiak aukera ugari
ematen dituelako: basoko lanak lehen eta orain, egurrezko gauzak…
Irakurketa eta idazketa lantzeko lanetan umeen aurrerapena nabaria izan
da eta ariketa bakoitzean ikus ahal izan dut. Irakurketa-saioetan hizkiei
buruz asko ikasi dutela konturatu naiz eta ikasitako hori idazteko garaian
erabili dutela.
Dena dela, behaketa froga banaka pasatzean beti jaso ohi dut sorpresaren
bat eta gai honekin lotutakoa pasa diet. Espero bezala, ez da alferrikakoa
izan.
ONDORIOA
Gaiaren zabaltasuna dela eta egin gabe geratu direnak alde batera utzita
gauza onekin geratuko naiz. Arlo desberdinetako jarduerak eginez osatu
dugu erakusketa eta polita geratu dela entzun dugu. Interesgarria izan da
talde handian egin ditugun lanak eta baita binaka eta banaka egin dituztenak
ere: elkarrekin eta elkarri lagunduz lan egin ahal izan dute; isilik, norbere
belarriak entzuten duena kontutan hartuz idazten ikasi dute…
Sarreran aipatu dudan bezala, bakoitzak berak dakien ondoen idatz ahal
izan du askatasun osoz eta ikasturteari hasiera ona eman izanaren inpresioa
geratu zait.