HAUR SOLDADUEN
ERREALITATEA
2012ko gida didaktikoa
Valentziako Amnesty International -2
AURKIBIDEA
SARRERA. 3. or.
1. HELBURUAK ETA METODOLOGIA. 4. or.
2. HAURREN ESKUBIDEAK. 5. or.
3. BIDEO-EMANALDIA. 6. or.
4. ZER EGIN DEZAKEZU ZUK. 9. or.
5. DINAMIKAK. 11. or.
Valentziako Amnesty International -3
SARRERA
Guztiok onartzen dugu haurrak heldugabeak direla fisikoki nahiz emozionalki, familiaren eta
komunitatearen mende daudela eta, hortaz, bereziki ahulak direla.
1959an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Haurren Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu
zuen, hamar puntutan haurren oinarrizko eskubideak jaso zituen dokumentua. 1989an,
Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena sinatuta, zabaldu egin zuen aldarrikapen hori,
dokumentu horrek askoz ere xehetasun handiagoz zehaztu baitzituen eskubide horiek. Horrez
gainera, hitzarmen horren arabera, haurren gaineko edozein erabaki hartzeko garaian haurren
beren interes gorena da kontuan hartu beharreko alderdi nagusia.
Nolanahi ere, hitzarmenak hitzarmen, sarri gertatzen dira haurren eskubideen aurkako
urraketak. Munduko leku askotan:
• Haurrak lan egitera behartzen dituzte.
• Haurrak ezkontzera behartzen dituzte, baita oso gazterik ere.
• Adingabeak hiltzera zigortzen dituzte.
• Haurrak gaixorik eta baztertuta bizi dira, eta adingabe elbarriek ez dute arreta berezirik jasotzen.
• Haur askok ez dute hezkuntza formalik jasotzen.
• Haurrak soldadu gisa erabiltzen dituzte (hori da, zalantzarik gabe, haurren esplotazio muturrekoena).
Adingabe horiek bizipen beldurgarriak izaten dituzte, sentiberatasunik gabe eta traumatizatuta
uzten dituzten bizipenak; haietako askok ezin dituzte ahaztu jasan behar izan dituzten
gehiegikeriak.
Gida didaktiko honek haur soldaduak dauzka ardatz, eta, zenbait kontzeptu aztertuta, haien
errealitatea zuzenean ezagutzeko aukera eskaintzen digu, baita errealitate hori sorrarazten
duten baldintzak ezagutzekoa ere.
Era berean, gogoeta egiteko eta esku hartzeko aukera ematen digu, oro har giza eskubideetan
eta bereziki haurren eskubideetan nahiz bake-hezkuntzan oinarritutako hezkuntza-prozesu
baten bidez.
Hezitzaileek lantzeko diseinatutako gida hau informaziozko materiala ez ezik material praktikoa
ere bada, eta aukera eskainiko die ikasleei ikustarazteko funtsezko eragileak direla bakearen
eraikuntzan eta haurren eskubideen defentsan, baita lan horretan haien partaidetza
sustatzeko ere.
Valentziako Amnesty International -4
1. HELBURUAK ETA METODOLOGIA
HELBURUAK:
Kontzeptuzkoak: Ikasleek honako hauek ezagutzea:
• Haurren Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala.
• Haur soldaduen errealitatea.
• Egungo gatazken kokapen geografikoa.
• Egiazko testigantzak. Prozedurazkoak:
• Ikasleengan jarrera kritikoa piztea.
• Ikasleei ulertaraztea giza eskubideen aldeko borrokan parte hartu behar dutela.
• Ikasleengan beste egoera eta errealitate batzuei begirako elkartasuna sorraraztea. METODOLOGIA:
MAILA: Jarduerak ikasleen hezkuntza mailaren arabera hautatu eta egokituko ditugu. IRAUPENA: Jarduera bakoitzean gutxi gorabeherako iraupena zehaztuko dugu. Denbora gehiago edo gutxiago eskaini ahal izango diogu beharren arabera. Tailer bakarrean egin ditzakegu zenbait dinamika, edo dinamikak denbora-tarte luzeagoan barrena gauzatu. AUKERAKETA: Hezitzaileok tailerrerako egokiak iruditzen zaizkigun dinamikak hautatuko ditugu, honako hauek aintzat hartuta: - Jarduera bat arrakastaz gauzatzeko, ikasleek hezkuntza maila egokia eduki behar dute; osterantzean, baliteke ikasleek jarduera ez ulertzea eta, hortaz, txantxetan hartzea edo beren burua frustratuta sentitzea. - Ikasle guztiek parte hartu behar dute. Ez badago denborarik jarduera banaka egiteko, ikasleek taldeka lan egingo dute. Tailerrak aktiboa izan beharko du beti. - Dinamika bat hasita ez badugu guk nahi genuen martxa lortzen, hobe izango da amaitutzat ematea eta beste bati heltzea.
Valentziako Amnesty International -5
2. HAURREN ESKUBIDEAK
2.1. Haurren Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala.
Nazio Batuek 1959an onartu zuten. Hona hemen laburpena:
1. Haurrek adierazpen honetan jasotako eskubide guztiak izango dituzte, inolako salbuespenik
gabe, edozein dela ere haien arraza, kolorea, sexua, erlijioa edo nazionalitatea.
2. Haurrek babes berezia jasoko dute, fisikoki, mentalki, moralki eta sozialki modu
osasungarrian eta askean garatzeko.
3. Haurrek nazionalitatea izateko eskubidea dute.
4. Haurrek osasunez hazteko eta garatzeko eskubidea dute. Elikadura, etxebizitza, olgeta eta
osasun-zerbitzu egokiak jasotzeko eskubidea dute.
5. Ezintasun fisiko edo mentalak dituzten haurrek zaintza bereziak jasotzeko eskubidea dute.
6. Haurrek maitasuna eta ulermena behar dituzte. Gurasoen ardurapean hazteko eskubidea
dute. Gizarteak arreta berezia eskainiko die familiarik gabeko haurrei.
7. Haurrek hezkuntza jasotzeko eskubidea dute. Hezkuntza doakoa eta derrigorrezkoa izango
da oinarrizko mailetan. Haurrek jolas eta olgetarako eskubidea izango dute.
8. Haurrek lehenak izan behar dute babesa eta laguntza jasotzen.
9. Haurrek utzikeria, krudelkeria eta esplotazio mota orotatik babestuta egon behar dute.
Debekatuta dago haurrak lan egitera behartzea.
10. Haurrak babestu egin behar ditugu arrazakeriagatiko, erlijioagatiko edo beste edozein
arrazoigatiko bazterkeriatik. Ulermena, tolerantzia, bakea eta senidetasun unibertsala oinarri
hartuta hezi behar ditugu.
Taldeko gogoetak
Ikasleek galdera hauen gainean eztabaidatuko dute:
a. Zergatik behar genuen haurren eskubideei buruzko adierazpen bat? Ez al genuen nahikoa
1948an onartutako Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalarekin?
b. Aldarrikapenean jasotako eskubide guztiak dauzkazu?
c. Eskubide horien zer urraketa ezagutzen dituzu?
- Munduan.
- Zure inguruan.
Valentziako Amnesty International -6
Haurrek ezagutzen dituzten gehiegikeriak aipatuko ditugu: haurren lana, prostituzioa,
sexuagatiko bereizketa, sexu-esplotazioa, doako hezkuntzarik eza, bortxazko ezkontzak eta
muturreko errealitate bat, hots, haurren erabilera soldadu gisa.
3. BIDEO-EMANALDIA
Gida didaktikoari erantsitako bideoa ikusi ostean, galdera hauek egingo dizkiegu ikasleei.
Ikasleek zenbait ideia aipatuko dituzte, eta gero igorri nahi dugun ikuspegia azalduko diegu.
3.1. Haur soldaduak.
a. Ba al dakizu zer den haur soldadu bat?
Koalizioaren hitzetan, honako hau da haur soldadu bat: gatazka armatua izan ala ez gobernu
bateko indar armatuetan edo beste indar armatu erregular edo irregular batean sartuta
dagoen edo indar horiekin lotura duen 18 urtetik beherako pertsona oro. Haur soldaduek
zeregin hauek izaten dituzte, besteak beste: borrokatan parte hartzen dute; minak eta
lehergailuak ipintzen dituzte; espioitza-lanak egiten dituzte; mezulari edo zaindari gisa aritzen
dira; entrenatze- eta instrukzio- lanak egiten dituzte; logistikan eta laguntza-zereginetan
aritzen dira; atezaintzako eta etxeko lanak egiten dituzte, eta gainerakoen sexu-beharrak
asetzen dituzte.
Unicefek gai horri buruz kaleratutako azken txostenaren arabera, gaur egun 300.000 haur
soldadu inguru errekrutatzen, mehatxatzen eta drogatzen dituzte gatazka etniko edo
erlijiosoetan edo narkoen eta gobernuen arteko gatazketan borrokatzeko.
b. Haur horiek talde horietan beren borondatez sartu direla iruditzen zaizu?
Haurrak arrazoi hauengatik joaten dira soldadu:
• Ez dutelako babestuko dituen instituzio edo seniderik.
• Indarkeriaz inguratuta bizitzeagatik indarkeria errazago onartzen dutelako.
• Behar ekonomikoak dauzkatelako.
• Ez dutelako hezkuntzarik jasotzen.
• Soldadu errekrutatzaileen hitzak sinesten dituztelako.
• Haurrak direlako.
c. Zure ustez, zergatik errekrutatzen dituzte haurrak gatazka armatuetan parte har dezaten?
Hona hemen zenbait arrazoi:
• Ez dira ezinbestekoak.
• Ez daukate beldurrik.
• Merkeak eta manipulatzeko errazak dira.
• Herrialde askotan, herritarren herenak eta erdiak bitarte dauka 18 urte baino gutxiago.
• Arma arinak erabiltzeko erraztasuna dute.
d. Ba al dakizu zer den gatazka armatu bat?
Valentziako Amnesty International -7
Talde armatuen arteko liskar oro. Talde armatuek askotariko izaera izan dezakete, eta antolatu
eta armak edo beste suntsiketa-bide batzuk erabiltzen dituzte.
e. Zure ustez, neskatxak ere errekrutatzen dituzte?
Bai. Komandanteen sexu-nahiak asetzeko errekrutatzen dituzte, baita mezulari, sukaldari eta
soldadu gisa aritzeko ere. Mutikoek baino arazo handiagoak izaten dituzte. Komandanteekin
sexu-harremanak izateari uko eginez gero, taldean bortxatu, jo eta torturatu egiten dituzte.
Haietako batekin ezkontzera behartzen dituzte. Sexu-harremanen bidez kutsatzen diren
gaixotasunak hartzen dituzte; haurdun geratzen dira, eta ez dute jakiten haurraren aita nor
den. Senideek arbuiatu egiten dituzte, eta komunitateak baztertu, haurdun egoteagatik eta
gerran parte hartu izanagatik.
f. Haur horien kasuan, zer eskubide urratzen dira?
Eskubide guztiak.
g. Zure ustez, zilegi da gerra-egoeran 16 eta 17 urteko gazteak alistatzea? Eta bake-egoeran?
Ikasleen gogoetak entzun eta eztabaidatuko dira, baina ondorioa hau izango da: inoiz ez da
zilegi adingabeak alistatzea.
h. Beren borondatez alistatu eta etsaiak edo zibilak hil edo gaizki tratatu dituzten gazteak
errudunak dira? Epaitu eta zigortu egin behar dituzte?
Haur soldaduek behartuta jarduten dute, eta, hortaz, biktimak dira, ez borreroak.
i. Mutil soldadu ohi bat izango bazina, zer arazo izango zenituzke egoera horretatik bizirik
irten eta zure komunitatera itzuli nahi izanez gero? Eta neska soldadu ohi bat izango bazina?
Mutila izanik, ez zenuke ez inolako prestakuntzarik ez ogibiderik, eta arazo psikologiko asko
izango zenituzke, baita min eta sendatu gabeko zauri ugari ere. Neska izanik, agian ezingo
zenuke bortxatzaileengandik aldendu, haietakoren baten emaztea izango baitzinateke. Ezingo
zenuke etxera itzuli. Inork ez du hautatzen non jaio.
3.2. Armamentua:
a. Zer dira pertsonen kontrako minak? Zer ondorio dituzte?
Pertsonen aurkako minak lurrazaletik gertu lurperatu eta zapalduta lehertzen diren
lehergailuak dira, eta hiltzeko edo ezintasunak eragiteko diseinatuta daude. Halakoen ondorio
ohikoenak anputazioak, sexu-organoen mutilatzeak, muskuluen eta barneko organoen lesioak
eta erredurak dira. Minek aktibatuta jarrai dezakete gatazka bat amaitu eta 50 urte geroago
ere.
b. Gatazka-egoeran dauden herrialdeei edo giza eskubideak urratzen dituztenei armak
saltzen dizkieten herrialdeek ba al dute erantzukizunik gatazka horietan?
Valentziako Amnesty International -8
Pertsonen aurkako minak lurrazaletik gertu lurperatu eta zapalduta lehertzen diren
lehergailuak dira, eta hiltzeko edo ezintasunak eragiteko diseinatuta daude. Halakoen ondorio
ohikoenak anputazioak, sexu-organoen mutilatzeak, muskuluen eta barneko organoen lesioak
eta erredurak dira. Minek aktibatuta jarrai dezakete gatazka bat amaitu eta 50 urte geroago
ere.
Ottawako Hitzarmena, 1999ko martxoaren 1ean indarrean sartua, gizarte zibilak pertsonen
aurkako minak debekatzeko egin zuen nazioarteko kanpaina baten emaitza izan zen. Kanpaina
hori 1992an abiarazi zuten, eta 1997an Bakearen Nobel saria jaso zuen. Hitzarmenaren
sinatzaileek pertsonen aurkako minak ez erabiltzeko, ez garatzeko, ez fabrikatzeko, ez
pilatzeko edo ez salerosteko konpromisoa hartu zuten. Izakinak hitzarmena sinatu osteko lau
urteetan suntsitu behar zituzten.
Hitzarmena sinatu ez zuten herrialde handienak Txina, India, Ameriketako Estatu Batuak eta
Errusia izan ziren. Gaur egun, 15 herrialdek bakarrik fabrikatzen dituzte pertsonen aurkako
minak (edo ez diote halakoak fabrikatzeari uko egin): Txina, Ipar Korea, Hego Korea, Kuba,
Ameriketako Estatu Batuak, India, Iran, Irak, Myanmar, Pakistan, Errusia, Singapur eta
Vietnam.
Zenbatespenen arabera, 110 milioi mina baino gehiago daude 64 herrialdetan sakabanatuta.
Urtero, 26.000 pertsonak baino gehiagok galtzen dute bizia edo jasaten dute mutilazio
traumatikoren bat soldaduen eta herritar zibilen arteko bereizketarik egiten ez duten arma
horien leherketen ondorioz.
Sarri, minaz betetako guneak ez daude seinaleztatuta. Egoera bereziki dramatikoa da zenbait
herrialdetan: Kanbodian, esaterako, minak daude herrialdeko ia udalerri erditan, eta Laosen
hori bera gertatzen da herritar-guneen laurden batean.
Egun, ez dakigu zenbat mina dauzkaten mundu osoan diharduten talde armatuek, baina
badakigu oraindik zenbat izakin dituzten indar militar nagusietako batzuek. Txinak, adibidez,
110 milioi mina dauzka; Errusiak, 50 milioi, eta Ameriketako Estatu Batuek, 10,4 milioi.
3.3. Eta gero…
a. Zer egin behar da senideekin itzultzeko aukerarik ez duten haurrekin?
Desmobilizazioa eta desarmea haurrei etxera eta komunitateetara itzultzen laguntzeko
prozesu baten lehenengo fasea dira. Haurrak desarmatzeko, desmobilizatzeko, berriz
gizarteratzeko eta errehabilitatzeko programak bake-hitzarmenetatik eratorritako prozedura
formalak dira. Desmobilizazioaren helburuak dira haurrek talde edo indar armatu batean parte
hartu dutela egiaztatzea, haurren nortasunari buruzko informazioa biltzea eta ondorengo
egoerari buruzko informazioa eskaintzea, besteak beste.
Programa horiek nazioarteak haur soldadu ohiei arreta eta babesa eskaintzeko neurri gisa
sustatutako ekimenak dira. Gobernuek, Nazio Batuetako erakundeek eta haurren defentsan
diharduten erakundeek babestu egin behar dituzte, eta bermatu egin behar dute haurren
behar eta eskubide berariazkoak aintzat hartuko direla, neskatxenak bereziki. Horrez gainera,
Valentziako Amnesty International -9
protagonista nagusiak izaki, ezinbestekoa da haurrek berek halako programen plangintzan
parte hartzea, bermatuta gera dadin haien ikuspuntua jasota geratuko dela.
b. Eman behar zaie asilo politikoa haur soldadu ohiei?
Bai. Beti kontuan hartu behar dira gatazka armatuetan murgilduta egon diren neskatxen behar
eta ahuldade bereziak, hala nola familia-buruenak, umezurtzenak, sexu-esplotazioaren
biktimenak eta borrokalarienak. Haien eskubideak, babesa eta ongizatea aintzat hartu behar
dira prebentzioko, desarmeko, desmobilizazioko eta gizarteratzeko politikak eta programak
prestatzean.
4. ZER EGIN DEZAKEZU ZUK
• Gaia lantzen duten erakundeei lagundu: Amnesty International (BHIko taldean) edo beste batzuk.
• Amnestyren edo beste erakunde batzuen premiazko ekintzen sarean sartu.
• Haur soldaduak errekrutatzen dituzten gobernuei gaitzespen-eskutitzak bidali.
• www.menoressoldado.org webgunean sartu (Koalizioaren orrialdea), informazioa, bideoak eta abar eskuratzeko.
• Informazioa bildu, Interneten bilatu…
• Zure ingurukoak kontzientziatu.
• Nazioartean presioa egin.
4.1. Lagunduz.
Haur soldaduen egoera azaldu ostean, ikasleek bosteko taldeak osatuko dituzte, eta Ugandako
Jaunaren Erresistentzia Ejertzitotik ihes egin zuen 15 urteko neskatxa baten mezu hau
irakurriko dute.
“Mezu bat helarazi nahi dizuet. Mesedez, ahal duzuen guztia egin mundu osoari jakinarazteko
haurroi zer gertatzen ari zaigun. Modu horretan, beste haur batzuek ez dute halako
indarkeriarik jasan beharko.”
Talde bakoitzak neskatxa horren eskaerari erantzuteko proposamen bat prestatuko du.
Azkenik, talde bakoitzak gainerakoei azalduko die bere ideia.
4.2. Gaitzespen-eskutitzak.
Bosteko taldetan, ikasleek eskutitz bat idatziko diote Kongoko Errepublika Demokratikoko
presidenteari.
Adibidea:
Presidente jauna:
Talde armatuek adingabeak errekrutatzea eragozteko behar diren neurri guztiak har ditzazun
eskatu nahi dizut. Halaber, gaur egun errekrutatuta dauden haurrak desmobilizatzea ere
Valentziako Amnesty International -10
eskatu nahi dizut, eta horretarako enplegua eta ogibidea lortzeko aukera legitimoei lotutako
programak erabiltzea, berriz errekrutatu ditzatela ekiditeko.
Adeitasunez,
Arauak:
• Testuak laburra eta argia izan behar du. • Begirunez eta adeitasunez idatzi behar da. • Inpartzialtasuna adierazi behar da: ez da iritzi politikorik edo erlijiosorik aipatu behar;
kezka humanitarioa adierazi besterik ez da egin behar. • Eskuz idatziz gero, txukun idatzi behar da, testua irakurterraza izan dadin. • Helbidea:
Kongoko Errepublika Demokratikoko presidentea eta defentsa-ministroa:
Présidence de la République
Kinshasa-Ngaliema
Kongoko Errepublika Demokratikoa
• Kongoko Errepublika Demokratikoko Enbaxada: La Castellana pasealekua, 255. zk., 1-C, 28046 Madril Telefono-zenbakia: 91 733 26 47 Helbide elektronikoa: [email protected]
Kasuari buruzko informazioa Kongoko Errepublika Demokratikoan dozenaka mila haur errekrutatu dituzte, baita 10 urtetik beherakoak ere. Zenbaitetan, haurrak nahita alistatzen dira, baina gehienetan gogoz kontra errekrutatzen dituzte, eta, besteak beste, bahiketak erabiltzen dituzte horretarako: gizon armatuen taldeek auzoan jolasean dabiltzan haurrak bahitzen dituzte, eta armak eman eta borrokatzera behartzen dituzte. Trebakuntzak iraun bitartean, haurrek jipoiak eta bortxaketak jasaten dituzte, eta giza eskubideen aurkako urraketa larriak egitera behartzen dituzte. Zamaketari eta sukaldari gisa ere erabiltzen dituzte, baita etxeko lanak egiteko ere, eta batzuetan sexu-esplotazioa ere pairatu behar izaten dute. Orain dela askotik herrialdea suntsitzen duten gatazka armatuek ondorio latzak izan dituzte borrokatzera behartutako haurren segurtasun fisikoan eta mentalean. Horietako askok gatazkan murgilduta amaitzen dute eskarmenturik ezagatik, ausarkeriagatik eta prestakuntza faltagatik; beste askok nagusi militarren tratu txarrak edo torturak jasaten dituzte, eta batzuk haien eskutik hiltzen dira. Bestalde, desmobilizatzea lortzen dutenek ez dute berriz gizarteratzeko laguntzarik jasotzen, eta, ondorioz, batzuetan berriz errekrutatzen dituzte. Gomako elizaren ordezkari batek Tokiko Defentsa Indarrek haurrak nola errekrutatzen dituzten deskribatu zuen: "Bi aste eta hilabete bitarte entrenatzen dituzte, eta gero frontera bidaltzen dituzte, milizien aurka borrokatzera". Haur soldaduen erabilerak urratu egiten ditu Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean jasotako eskubideak, eta Kongoko Errepublika Demokratikoak izenpetuta dauka hitzarmen hori. Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren Aukerako Protokoloak, haurrek gatazka armatuetan parte hartzeari buruzkoak, argi zehazten du 18 urtetik beherakoek ezin dutela zuzenean parte hartu borroketan, ez indar armatuen baitan, ez talde armatuen baitan. Protokolo hori 2000. urteko maiatzaren 25ean onartu zuen NBEren Batzar Nagusiak, eta izenpetzeko eta berresteko irekita dago. 15 urtetik beherakoak indar armatuetarako
Valentziako Amnesty International -11
errekrutatzeak eta borroketan erabiltzeak urratu egiten ditu nazioarteko eskubide humanitarioaren oinarrizko printzipioak. Amnesty Internationalen ustez, 18 urtetik beherakoak borondatez edo bortxaz errekrutatzea eta borroketan erabiltzea arriskutsua da haien segurtasun fisiko eta mentalerako. Amnesty Internationalek eta Haur Soldaduen Erabilera Geldiarazteko Koalizioko beste kide batzuek behin eta berriz eskatu dute 18 urtera igotzeko gobernuko indar armatuek edo oposizioko talde armatuek kideak errekrutatu ahal izateko adina (izan behartuta, izan borondatez) eta borroketan parte hartu ahal izateko adina.
5. DINAMIKAK.
5.1. Irakurri artikulua, eta erantzun galderei.
a. Nor da Thomas Lubanga? Zer mugimendu sortu zuen?
b. Zer kontrolatu nahi zuen haren miliziak? Zergatik?
c. Zer leporatzen zaio?
d. Nor dira “Kasko Urdinak”?
e. Zure ustez, zer froga izan daitezke salaketa horiek frogatzeko?
f. Epaiketa hori oso garrantzitsua da. Zergatik?
Valentziako Amnesty International -12
Valentziako Amnesty International -13
5.2. Thomas Lubangaren aurkako epaiketaren simulazioa.
Ikasleek epaiketa antzeztuko dute.
Pertsonaiak:
- Thomas Lubanga, akusatua.
- Auzitegiko epailea.
- Bi abokatu defentsari (eta aholkulariak, nahi izanez gero).
- Bi fiskal akusatzaile (eta aholkulariak, nahi izanez gero).
- Zazpi haur soldadu ohi (edo behar bezainbeste).
- Zazpi kideko epaimahaia.
Prozedura:
- Epaileak arauak azalduko ditu.
- Abokatu defentsariek eta akusatzaileek lekukoak galdekatuko dituzte lehenengo, nork bere
esperientzia konta dezan: zergatik joan ziren soldadu? (haietako batzuk Lubangak errekrutatu
edo “bisitatu” zituen, kanpamentuak ikuskatzean); egindako gehiegikeriengatik errudun
sentitzen dira?; zer egiten zuten taldeen arteko tentsio-egoeretan?; haien ustez, zergatik
jasotzen dute soldadu ohi batzuek euren senideen gaitzespena?; etab.
- Gero, abokatu defentsariek eta akusatzaileek Lubanga galdekatuko dute. Prentsako berrietan
aurkitutako frogak erabil ditzakete.
Lekukoen galdeketak taldeka prestatuko dituzte.
5.2. Informazio bila.
Tailerrak egun bat baino gehiago iraungo badu, aste osoko egunkarietan haurren eskubideen
urraketei buruzko artikuluak bilatzeko eskatuko diegu ikasleei.
Gero, ikasgelan landuko ditugu, eta kasu bakoitzean zer eskubide urratu den zehaztuko dugu.
5.6. Irakurketa.
Neska soldadu ohi baten liburua irakurtzea gomendatuko diegu:
Mi vida de niña soldado, China Keitetsi, Maeva argitaletxea.
5.7. Ezin lo egina dakarten egiazko ipuinak.
Ikasleei haur soldaduen egiazko testigantzatan oinarritutako istorio batzuk banatuko dizkiegu.
Bi aukera proposa diezazkiekegu:
Valentziako Amnesty International -14
a) Testuaren irakurketa dramatizatua egitea.
b) Testutik abiatuta abesti bat sortzea.
Azkenik, testuetan deigarriena zer iruditu zaigun aztertuko dugu.
a) IRAKURKETA DRAMATIZATUA: jarraibideak.
- 12 urtetik gorako ikasleekin bakarrik egingo dugu, eta behar bezain helduak direla iruditzen
bazaigu bakarrik.
- Ikasle batek irakurriko du testua, edo asko jota bik.
- Beste batzuek soinuak egingo dituzte: erritmoak, perkusio-kolpeak, tiro-soinuak, oihuak.
- Hitz edo esaldi garrantzitsuak errepika daitezke.
- Helburua haurrek testua irakurtzea eta sakontasunez aztertzea da, bertan esandakoa ulertuta
eta barneratuta.
- Iraupena: 20 minutu prestatzeko, eta 3 minutu talde bakoitzak antzezteko.
Adibidea:
KALAMI (mutiko soldadu ohi baten testigantzan oinarritua)
Ikasle batek irakurriko du:
“Kalami izeneko mutikoa amarekin eta hiru anai-arreba gazteagorekin bizi zen. Egunero
ibiltzen zen jolasean haiekin, eta salto eta barre egiten irakasten zien.”
Beste bik hau esango dute barrezka: “–Ezetz harrapatu! (jaja).”
Lehenengoak irakurtzen jarraituko du: “Askotan gose izaten zen, baina ez zion axola,
familiarekin zegoen eta. Egun batean, bederatzi urte besterik ez zituela…”
Gainerako ikasleek errepikatu egingo dute: “–Bederatzi urte besterik ez.”
“…militar jantzidun gizon batzuk…”
Gainerako ikasleek oihu egingo dute: “–Txan, txan, txan.”
“…Kalamiren etxean agertu ziren, eta eurekin eraman zuten, inolako azalpenik eman gabe.
Ama eragozten saiatu zen, baina basatiki jipoitu zuten.”
Gainerako ikasleek kolpe bat emango diote mahai bati, eta garrasi egingo dute.
“Kalami desagertu egin zen, eta ez zen haren berririk izan sei urte geroagora arte.
Errekrutatuta egon zen. 2000. urtean 15 urte bete zituen, eta ekintza ikaragarri bat egitera
behartu zuten.”
Gainerako ikasleek ikara-oihuak egingo dituzte.
Valentziako Amnesty International -15
“Eta RCD-ML (Rassemblement congolais pour la démocratie-Mouvement de Libération)
taldetik ihes egitea eta laguntza eskatzea erabaki zuen.”
Gainerako ikasleek honela esango dute: “–Lagundu, mesedez, lagundu!”.
“Zoritxarrez, Kalami berriz harrapatu zuten”
Gainerako ikasleek oihu egingo dute: “–Eeeezzz!”.
Jarraian, guztiek erritmo bat markatuko dute, lurrari ostikoak emanez gero eta bizkorrago.
Gero txaloak ere joko dituzte, eta ahal dituzten soinu guztiak egingo dituzte, intentsitate
handiagoa lortzeko.
Beste haur batek hau irakurriko du: “Borroka ez zen inoiz amaitzen. Jendea hil behar genuela
esan ziguten, euren etxeetan geldiarazi behar genituela guk etxeak erretzen genituen
bitartean. Zenbait pertsona bizirik lurperatu behar izan genituen. Egun batean, nagusiek
familia bat hiltzera, haien gorpuak zatikatzera eta jatera behartu gintuzten.”
Erritmoa bat-batean geldituko da.
“Hori gertatu ostean, ihes egitea erabaki nuen, eta oihanera alde egin nuen. Baina soldadu
batzuek aurkitu egin ninduten Luberon, eta kanpamentu militarrera eraman ninduten berriz”.
Gainerako ikasleek honela esango dute: “Ez, ez dut nahi!”.
“Giltzapean sartu ninduten, eta egunero jipoitzen ninduten. Hilzorian nengoela ikusirik,
soldadu batek Luberoko ospitalera eramatea erabaki zuen; bertan, NBEko langileek hartu eta
desmobilizatu egin ninduten. Orain beldur naiz. Ez dakit irakurtzen; ez dakit nire familia non
dagoen; ez daukat etorkizunik. Egoera okerragoa da egunez, etorkizunean pentsatzen
dudanean. Nire bizitza suntsituta dago. Ez daukat inolako ilusiorik. Ezin dut lorik egin. Soldadu
nintzenean ikusitako eta egindako ekintza ikaragarriak buruan bueltaka dabilzkit oraindik ere”.
b) ABESTIA: jarraibideak.
- Ikasleek ondo ezagutzen duten abesti bat aukeratuko dute.
- Jatorrizko letra ezabatuko dute, eta haren ordez testua erantsiko diote musikari.
NESKATXA BAT
“Soldadu talde batek bahitu ninduen eskolarako bidean. 14 urte neuzkan. Mai Mai taldeko
kideak ziren (Kongoko gobernuaren aldeko talde militarra). Oso izututa nengoen. Garrasi egin
nuen laguntza eske, baina ez zen inor agertu, basoan baikeunden eta inork ez baininduen
entzun. Oihuka jarraitu banuen ere, soldadu haiek nahi zutena egin zuten nirekin.
Hemen hori ohitura da. Milizietako edo ejertzitoko gizonek indarrez hartzen dituzte
emakumeak, eta inork ez du horri buruz hitz egiten, ezta egoera hori eragozten ere. Ohiko
ekintza da.
Valentziako Amnesty International -16
Etxera itzultzean, senideei kontatu nien gertatutakoa. Soldaduei nahi zutena egiten utzi izana
leporatu zidaten, eta baztertu egin ninduten. Ez zidaten eskolara itzultzen utzi, eta etxetik bota
ninduten. Izebaren etxera joan behar izan nuen. Ez nuen ulertzen zergatik jokatzen zuten
horrela.
Ahizpa eta biok bortxatu egin gintuzten. Izebak normalean ez digu tratu txarrik ematen, baina
ez digu gainerako haurrekin batera jaten uzten.
Komunitate-sareko kideez gain, ez zaigu inor hurbiltzen hitz egitera edo aholku ematera. Haiek
haziak ematen dizkigute baratzerako.
Gurasoek berriz etxean har nazatela nahi dut, besterik ez. Hori da barnean darabilten kezka
nagusia.”
Zaina 14 urte zituela bortxatu zuten, eta senide hurbilekoenek baztertu egin zuten. Haren
ahizpa Vunilla urtebete geroago bortxatu zuten, hura ere 14 urterekin. Orain 16 eta 15 urte
dituzte, hurrenez hurren, eta Save the Children erakundeak sortutako komunitate-sare baten
laguntza eta babesa jasotzen dute.
Iturria: Haur Soldaduen Erabilera Geldiarazteko Koalizioa. 2006ko otsailaren 9a.
AKALLO (2012/06/19)
Orain dela 12 urte, Akallo neskatila bat zela, haren bizitza erabat aldatu zen bat-batean, Joseph
Konyk zuzendutako Jaunaren Erresistentzia Ejertzitoaren eskutan erori baitzen beste 139
neskatxarekin batera. “Zazpi hilabetez eduki ninduten preso, baina bizirik irten, ihes egin eta
etxera itzuli nintzen”, kontatu zuen Grace Akallo ugandarrak.
Gaur egun, Akallo ezkonduta dago, eta seme bat dauka. Maisutza bat lortu du, eta helburu bat
dauka: haur soldaduen ahotsa entzunaraztea.
“Bahitzen dituztenean, neskek mutilek jasaten duten guztia jasan behar izaten dute: kolpeak
eta tratu txarrak ematen dizkiete; borrokalari izateko entrenatzen dituzte; AK-47 fusilak
ematen dizkiete, eta jendea hiltzera behartzen dituzte”, azaldu zion Akallok IPSri. “Haur
gehienak frontera bidaltzen dituzte, eta taldeetako buruak atzean joaten dira. ‘Ez duzu balarik?
Egin tiro zure lagunari gehiago lortzeko’. Halaber, nagusiek ezkutu gisa erabiltzen dituzte
haurrak, borrokatik bizirik irteteko”, erantsi zuen.
Baina bada neska eta mutil soldaduen arteko alderik: sexu-abusuak. “Neska gehienek sexu-
abusuak jasan zituzten, baita nik ere. Baina nik zortea izan nuen: ez nintzen haurdun geratu,
eta ez zidaten ez giza immunoeskasiaren birusa (GIBa, hiesa eragiten duena) ez beste inolako
gaixotasunik kutsatu”, kontatu zuen. “Neska askok bahituta zeuden bitartean erditu zuten;
batzuek seme-alabak bizkarrean hartuta joan behar izan zuten borrokara, eta beste batzuek
bataila-eremuan erditu zuten”, erantsi zuen Akallok.
Afrikarrak Elkarturik Emakumeen eta Haurren Eskubideen Alde izeneko gobernuz kanpoko
erakundea sortu du, egoitza Ugandako iparraldean duena. Erakunde horrek haur soldadu ohiak
jatorrizko komunitateetan berriz gizarteratzearen garrantzia azpimarratzen du. Gaur egun,
Valentziako Amnesty International -17
osasun-zentro komunitario bat eta arreta psikologikorako zentro bat eraikitzen ari dira,
komunitatea adiskidetzeko asmoz.
Kongoko Errepublika Demokratikoko gerran parte hartu ostean bizirik irten diren eta bizitza
berregiten saiatzen ari diren lekuko batzuen testigantzak.
Benedicte, 11 urterekin errekrutatua
Nire lagun batzuk borrokan hil ziren. Beste batzuek gorputz zatiak galdu zituzten: besoak eta
hankak. Gogoan dut lagun batek sudurra galdu zuela. Beste batek zulo handi bat zeukan
aurpegian, ahoaren inguruan.
Albert, 1999an errekrutatua, 15 urte zituela
Kadoga (haur soldadu) ugari geundela baiezta dezaket. Herrixka bat hartzen genuenean,
chanvrea (kabanisa) ematen ziguten, eta herritarrak hiltzera behartzen gintuzten, gogortu
gintezen. Borroketan parte hartu aurretik, inor hil aurretik, kanabisa erre behar genuen, modu
horretan hildakoaren espiritua hiltzailearen gorputzean sartzea ekiditen baita.
Séraphine, Kavimvirako ama bat
Soldaduak etxera etorri ziren, eta 9 urteko semea eraman ezean hil egingo nindutela esan
zidaten. Haurrak negar egiten zuen. Soldaduei aurre egiten saiatu nintzen, baina oso
indartsuak ziren. Aurpegian kolpatu ninduten.
Jeanne, 1996an errekrutatua, 12 urte zituela
Goman errekrutatu ninduten eskolatik etxerako bidean. Soldadu batzuekin topo egin nuen;
ibilgailu bat konpontzen ari ziren itxurak egiten zituzten. Dei egin zidaten, eta hurbildu
nintzenean, harrapatu, ibilgailuan sartu eta trebakuntza-zentro batera eraman ninduten.
Entrenamendua jaso ostean, Kinshasara abiatu ginen. Eskolatik etxerako bidean bahitu
nindutenez, gurasoek ez zekiten non nengoen. Orain ere ez dakit gurasoak bizirik dauzkadan,
eta, bizirik badaude, ez dakite zer gertatu zitzaidan.
Alme, RECD-Goma taldeak errekrutatua; demobilizatua
Azkenik etxera iritsi nintzen, baina orduan berriz errekrutatu nahi ninduen soldadu bat agertu
zen.
Ni desmobilizatzeko agindua hartu, eta apurtu egin zuen. Berriz bidali ninduten frontera, mayi-
mayi taldeen aurka borrokatzera. Borrokaldian, etsaiek lagun bat hil eta zatitu zutela ikusi
nuen. Ez dakit zenbat pertsona hil nituen behartuta. Berriz desmobilizatu naute, baina hemen
geratu nahi dut, ez Kindura itzuli.
Beldur naiz berriz errekrutatuko nauten.
Valentziako Amnesty International -18
Natalia, 16 urte, 12rekin errekrutatua
Herrixka batean bizi nintzen ama eta anai-arrebekin. Egun batean, RCD-Goma taldeko
soldaduek herrixka eraso zuten. Soldaduek senide asko hil zituzten, eta nire ama eta bi ahizpak
bortxatu zituzten; aurrez aurre ikusi nuen guztia. Ni ezkutatuta nengoen, baina ongi ikusi nuen
zenbat soldaduk bortxatu zituzten nire ama eta ahizpak. Beldurtuta nengoen, eta ejertzitoan
sartuz gero babestuta egongo nintzela pentsatu nuen. Neure burua babestu nahi nuen.
Ejertzitoan, fusila erabiltzen ikasi nuen, eta zaintza-lanak egin nituen gauez nahiz egunez.
Beldurgarria zen: 12 urte bakarrik neuzkan, eta askotan beste soldadu batzuek kolpatu eta
bortxatu egiten ninduten gauez. Egun batean, komandante batek emaztetzat hartu nahi izan
ninduen, eta ihes egiten saiatu nintzen. Harrapatu, eta jipoitu eta bortxatu egin ninduten egun
askoan. 14 urterekin seme bat izan nuen. Aita nor duen ere ez dakit. Berriz ihes egin nuen, eta
orduan lortu nuen. Baina ez daukat nora jo; ez daukat janaririk haurrarentzat, eta etxera
itzultzeak beldurtu egiten nau, soldadua izan bainaiz.
ZER IRUDITU ZAIGU TESTIGANTZETATIK DEIGARRIENA?
Hasteko, nabarmendu beharra dago haur asko borrokan hiltzen direla, edo zauriak nahiz
mutilazioak jasaten dituztela. Nolanahi ere, adingabe horien sufrimendu fisiko nahiz
psikologikoak eragiten digu zirrara handien: senideengandik eta komunitatetatik aldentzen
dituzte, eta askotan ez dakite senideak bizirik dauden eta berriz haiekin elkartzeko aukerarik
izango duten. Entrenamendu gogorrak egitera, jendea hiltzera eta mutilatzera eta sexu-
harremanak izatera behartzen dituzte, eta horrek guztiak nekez gaindituko dituzten traumak
sorrarazten dizkie.
Errekrutatzeko moduari buruzko xehetasunak ikus ditzakegu: haur batzuk indarrez bahitzen
dituzte. Beste batzuk beren borondatez alistatzen dira, etxea eta familia galdu dituztelako
gerraren ondorioz; ez daukate nora jo, eta arma bat gainean dutela babestuta egongo direla
uste dute.
Trebakuntza krudela da: haurrak zaintza-lanak egitera eta jendea hil eta mutilatzera behartzen
dituzte. Borrokara joan aurretik kanabisa erre behar dute, pentsatu gabe hiltzen laguntzen
baitie eta erruduntasun-sentipena arintzen baitie.
Neskatxen egoera are okerragoa da, jendea hiltzeaz gain sexu-harremanak eduki behar
baitituzte soldaduekin. Gatazka armatuak amaitzean, neska ugari desagertuta daude; bortxatu
dituen soldaduren batekin geratu direla edo hirietan prostituzioan dihardutela igarri dezakegu.
Ihes egiten badute edo desmobilizatzen badituzte, baliteke senideek eta bizilagunek ez beren
artean onartzea.
Onenean jarrita, desmobilizatutako haurrak senideengana edo komunitateetara itzuliko dira.
Baina sarri ezin dute jaioterrira itzuli, bertakoek arbuiatu egiten baitituzte soldadu izan
direlako. Harrapakin bikainak dira berriz bahitu eta alistatzeko: dagoeneko trebatuta daude,
eta borrokatzera ohituta, eta oso baliagarriak dira talde armatuentzat.
Gaztaroa borrokan igaro duten neska-mutilek ez dakite senitartean edo komunitatean bizitzen;
ez dira eskolara joan; ez dute bizitza zibilerako prestakuntza erabilgarririk jaso.
Valentziako Amnesty International -19
5.8. Marrazkiak.
Lau marrazki hauek erakutsiko dizkiegu ikasleei. Bakoitzak bat aukeratuko du, eta testu bat
idatziko du. Azkenik, ikaskideei irakurriko die.
Valentziako Amnesty International -20
5. 9. Abestia.
1.- SKA-P taldearen Niñ@ soldado abestiaren letra irakurriko dugu.
2.- Abestia entzungo dugu.
3.- Ikasleek deigarriena zer iruditu zaien aipatuko dute.
Niñ@ soldado
Fui a nacer donde no hay nada
tras esa línea que separa el bien del mal
Mi tierra se llama miseria
y no conozco la palabra libertad
fui secuestrado en una guerra
torturado y preparado “pa” matar
me han convertido en una bestia
soy solo un niño que no tiene identidad
me han obligado a disparar
me han ensenado como asesinar
me han obligado a mutilar
en un infierno terrenal
EH NO, TU INDIFERENCIA NO TIENE PERDÓN
¿QUIEN TE ROBO EL CORAZÓN?
NO TE LEVANTES DEL SILLÓN
EH NO, TU INDIFERENCIA NO TIENE PERDÓN
¿QUIEN TE ROBO EL CORAZÓN?
APAGA LA TELEVISIÓN
una pistola en mi cabeza
me está obligando a asesinar a mi papa
soy una máquina de guerra
mi dedo aprieta ese gatillo sin mirar
me han obligado a disparar
me han ensenado como asesinar
me han obligado a mutilar
en un infierno terrenal
EH NO, TU INDIFERENCIA NO TIENE PERDÓN
¿QUIEN TE ROBO EL CORAZÓN?
NO TE LEVANTES DEL SILLÓN
EH NO, TU INDIFERENCIA NO TIENE PERDÓN
¿QUIEN TE ROBO EL CORAZÓN?
APAGA LA TELEVISIÓN…