HIRITIK MENDIRA
MURUA IRIGOIEN,Mitxel//Fano, Daniel. Elkarlanean; Ikastolen Elkartea.
Munduan beste asko bezala, Patxi, Pantxo eta Itziar izeneko neska-mutil
batzuk bizi ziren hiri handi batean. Udaberriko egun eguzkitsu batean
ikastolara joan ziren egunero bezala. Gelara sartu zirenean, hala esan
zuen andereño Joxepak:
-Gaur giro ederra egiten du eta mendira joango gara. Zer iruditzen zaizue?
Ikastolako haur guztiak bibaka eta txaloka hasi ziren pozak zoratzen.
-Iufi! Biba, gora eta aupa andereño Joxepa!-esan zuen Pantxok.
-Biba, gora eta aupa!-erantzun zuten neska-mutil guztiek.
•
•
Neska-mutil haiek oso pozik joaten ziren mendira. Han oso gustura
ibiltzen ziren jolasean. Aspertuta zeuden hiriko iskanbila eta
zaratekin.
Hirian jendea beti presaka eta haserre ibiltzen da, eta arrisku handia
dago automobil, autobus edo motorren batek harrapatzeko.
Hala, egun hartan kantari abiatu ziren haurrak mendira. Aurrena
autobusa hartu zuten eta gero, hiritik irten eta autobusetik jaitsi
zirenean, korrika joan ziren mendian gora.
Andereño Joxepa gizen-gizena zen eta atzean geratu zen, neska-mutil
bizkorrei jarraitu ezinik.
-Uf, uf, uf! Ezin dut gehiago!-esaten zuen aldapan gora izerdi patsetan
zihoala-. Polikiago mesedez, lehertu egingo naiz-eta!
Mendi gainera iritsi zirenean, haurrek galdetu zioten
andereñoari.
-Andereño Joxepa! Andereño Joxepa! Zer egingo dugu orain?
Andereño Joxepa, ordea, ez zegoen ezertarako. “Apatxo!”
esan eta harri zabal baten gainean eseri zen.
-Ni ezin naiz mugitu ere egin. Hementxe geratuko naiz pixka
bat deskantsatzen. Zuek bitartean jolasean ibili.
-Bale! Ibiliko al gara harrapaketan?-proposatu zuen Patxik.
-A ez! Nik nahiago dut gordeketan jolastu!-kexatu zen Itziar.
-Ba, ni kilkerrak harrapatzera noa!-esan zuen Pantxok.
Batzuk harrapaketan hasi ziren jolasten Patxirekin, beste batzuk
gordeketan
Itziarrekin eta beste batzuk Pantxorekin joan ziren kilkerrak
harrapatzera.
Patxi eta bere lagunak basoan ari ziren harrapaketan jolasten. Bat-
batean katagorri bat azaldu zen eta purrustaka hasi zitzaien:
-Aizue! Zertara etorri zarete hona? Alde hemendik! Aide Luzaide!
Oso haserre zegoen katagorria. Haurrak beldurtu egin ziren eta
andereño Joxeparengana joan ziren korrika zer gertatu zitzaien
esatera.
Itziar eta bere lagunak ere basoan ari ziren
gordeketan jolastn. Halako batean, zozo beltz
bat atera zen sasi artetik eta errietaka hasi
zitzaien:
-Alde hemendik, kaletar muturzikinak! Hanka
hemendik!
Oso haserre zegoen zozoa. Haurrak beldurtu egin
ziren eta andereño Joxeparengana joan ziren
korrika.
Pantxo eta bere lagunak kilkerrak harrapatzen ari ziren.
-Pantxo, zuk ba al dakizu nola harrapatzen diren kilkerrak?-esan zion lagun
batek.
-Bai, noski, zuloan pixa eginez! Zuloan pixa egin eta kikerra kanpora
ateratzen da-erantzun zuen Pantxok-. Begira…
Eta kilker-zulo batean pixa egitera zihoanean, justu orduan, kilker bat
azaldu zen zulo barrutik errietaka.
-Zertan ari zara, mutiko demonioa? Ezin al duzue bakean utzi bakean
dagoena! Ospa
hemendik!-esan zien petral-petral eginda kilkerrak.
Haurrak beldurtu egin ziren eta andereñoarengana joan ziren lasterka.
Patxik, Itziarrek era Pantxok zer gertatu zitzaien kontatu
zioten andereño Joxepari.
-Hauxe gauza harrigarria!-esan zuen andereño Joxepak-. Ea,
goazen denok animalia horiekin hitz egitera. Hemen bada
misterioren bat!
Joan ziren denak animalien bila eta basoko bazter batean
topatu zituzten. Katagorria, zozoa eta kilkerra bilera bat
egiten ari ziren.
-Aizue!-esan zien andereño Joxepak-. Jakin al daiteke zergatik
zaudeten haserre gurekin?
Zozo beltzak petral samar erantzun zion:
-Eta galdetu egiten duzu gainera! Zuek herria edo hiria esaten diozuen
leku horretan bizi nintzen ni lehen lagun batzuekin. Bazen han nahiko
zuhaitz, sasi eta belardi. Baina egun batean, ai!-suspiroa bota eta isildu
egin zen zozoa.
-Egun batean, zer?-galdetu zion jakin-minez andereño Joxepak.
-Zera!-gero eta petralago zegoe zozoa-.Egun batean etorri zirela gizon
batzuk makina handi batzuekin eta gu bizi ginen lekua txikitu zutela,
etxe zatar batzuk egiteko. Eta gu, izorrai! Hona etorri behar izan
genuen!
Isilunea egin zen. Gero, katagorriak hartu zuen hitza:
-Gu ere han bizi ginen. Eta oso ondo, zuhaiz asko zegoen eta. Baina zuhaitzak bota
zituzten, eta ez zerurako eta ez lurrerako geratu ginen.
Kilkerrak hitz egin zuen ondoren.
-Gu ere pozik bizi ginen, ba, han. Oso etxe politak genituen lurpean eginda. Baina zulo
guztiak estali zizkiguten kaleak egiteko. Nire zuloaren gainean, semáforo bat jarri
zuten, eta izorrai!, hona etorri behar.
-Baina guk ez daukagu horren kulparik-esan zuen Pantxok.
-Zaude isilik zu, demonioa!-haserretu zen kilkerra-. Lehen ia pixa egin duzu nire
zuloan eta. Horix egiten diguzue zuek beti, pixa burutik behera.
-Kilkerrak horrela harrapatzen dira eta…-esan zuen Pantxok lotsatuta.
Katagorria, zozoa eta kilkerra haserre joan ziren handik.
Hurrengo egunean, andereño Joxeparen laguntzarekin, haurrek gutun bat idatzi
zioten alkateari. Hauxe
eskatu zioten: hirian zuhaitz gehiago jartzeko katagorri, zozo eta txorientzat, eta
belardiak kilkerrentzat, nahi adina zulo egin ahal zezaten.
Alkateak onartu egin zuen haurren proposamena eta zuhaitz eta lorategi asko
jarri zituen hirian.
Eta katagorria, zozoa eta kilkerra hara joan ziren bizitzera beren lagunekin.
Handik aurrera, Patxi, Pantxo, Itziar eta hiriko haurrak katagorria, zozoa eta
kilkerra bisitatzera joaten ziren egunero ikastolatik irten ondoren.
Eta Pantxok ez zuen gehiago pixa egin kilkerren zuloetan.
Hau hala bazan, ipuin polita zan.
Eta ez bazan? Ixo!, eta ez inori esan!