Upload
magiapotagia
View
202
Download
5
Embed Size (px)
Citation preview
Ion Urruzola Lasa
Hezkuntzari aplikaturiko teknologia berriak
2010eko maiatzak 31n
AZKEN HAUSNARKETA
Zer nolako irakaslea izan nahi dut? Azkenaldi honetan askotan egin diot galdera hau nire buruari, eta egiterakoan, hiru urte hauetan zehar ikusi eta ikasitako makina bat kontzeptu, irudi eta ideia datorzkit burura. Haur Hezkuntzako irakasle batek hainbat erregistro izan behar ditu, eta egoera eta pertsona ezberdinetara modu egokian moldatzeko gai izan behar du.
Orokorrean, konfidantzan oinarritutako erlazioak (haurrekiko, beste irakasleekiko, gurasoekiko…) eraiki nahiko nituzke, zutabe sendoa kontsideratzen baitut lan egiteko orduan. Hau da, haurrei gertutasuna sentiaraztea gustatuko litzaidake, baina bakoitzak dituen ardurak eta zereginak baztertu gabe, noski.
Hemendik abiaturik, eskolan ongi pasatzea eta, era berean, sozializazio prozesuaren lehenengo pausuak eraginkortasunez barneratzea izango da nire helburu nagusietariko bat. Horretarako, Haur Hezkuntzako etapan funtsezkoak diren arloak kontuan hartu (autonomia, komunikazioa eta harremanak, ingurunea, adimen emozionala, maila bakoitzari dagozkion edukiak…), eta bakoitzaren beharren eta garapenaren arabera, denon artean landuko ditugu.
Teknologia berrien erabilerari dagokionez, jakina da Haur Hezkuntzako haurrak irudiaren kulturan hezi eta bizi(ko) direla. Honela, eskolan esparru horrekin “lehenengo” kontaktu bat izatea interesgarria dela deritzot (xagua, teklatua eta programaren bat erabili, bideoren bat ikusi, ipuin multimediak landu/sortu…). Baina hezkuntzako etapa honetan nire ustez, mundu fisikoak eta elkarren arteko harremanek eta bizipenek izan behar dute lehentasuna.
Dena dela, gaur egun irakaslegoak –kasu honetan, nik- IKT-en inguruan ongi prestaturik egon behar duela pentsatzen dut, oso tresna boteretsua baita hamaika gauzetarako (esate baterako, nik argazkien/bideoen muntaiak egitea espero dut familien gozamenerako). Ikasgai honek, zentzu honetan, eskura dauden baliabideak ezagutzeko eta erabiltzeko aukera eman dit, eta baliagarria izan da.