View
10
Download
0
Category
Preview:
Citation preview
MARIGORRINGOA Bazen behin marigorringo distiratsu bat soro batean, piper artean, harri artean…bizi zena. Lagun bakarra zuen, Zizareo zizarea, oso itsusia zen eta nazka ematen zuen. Udaberria heldu zen eta animalia guztiak lagunekin jolasten hasi ziren, baina marigorringoa oso triste zebilen. ‐Zizarea! Zizareo! Non sartu zara? Soro guztietatik deika eta deika ibili zen, baina…Zizareo ez zen agertzen. Egun batzuk pasatu ziren, bero handia zegoen, eta marigorringoa hosto baten azpian etzanda zegoenean, tximeleta polit batek bere antenak sudurrean sartu zizkion marigorringoari. ‐Kontxo! Zer zabiltza egiten? Nor zara? –esan zion marigorringoak. ‐Ez nauzu ezagutzen? Tximeletak triste‐triste erantzun zion: ‐Ez! Utzi bakean! ‐Zizareo naiz, zure lagun maitea! Zizareo zizare nazkagarria tximeleta polit bihurtu zen. Bi lagunek poz‐pozik besarkatu zuten elkar. Eta handik aurrera gehiago ez ziren separatuko. Miren Aroa Silva (LH3)
MAIALENTXO TXIKIAREN ARAZO TXIKIAK
Urrutiko herri batean neskatxa txiki bat bizi zen. Maialen zuen izena. Maialen oso‐oso txikia zen, ez zen ezta mahai baten altuerakoa ere. Oso txikia zenez, denek burla egiten zioten; adibidez, Maialentxok, Erpurutxok
eta beste askok eta askok. Maialen nazkatuta zegoen eta ez zekien zer egin. Egun gutxi batzuetara gauza bat bururatu zitzaion, zerrenda bat egitea. Zerrenda horretan txikia izatearen gauza onak eta txarrak idatzi zituen. Onen aldean gauza hauek jarri zituen: edozein lekutan sartzen zen, harrapaketan makurtu egin beharko ziren besteak bera harrapatzeko, burla egiten ziotenean haiek konturatu gabe zapaltzen zituen… Azkenerako konturatu zen txikia izateak gauza onak ere bazituela. Handik aurrera zerbait esaten bazioten, Maialenek bere gauza onak azaltzen zizkien. Horrez geroztik inork ez zion burlarik egin. Hala bazan ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila Abadiñoko lehiaketan. Malen Goñi Gorritxategi (LH4)
NEREA DINOSAUROEN MUNDUAN Bazen behin neska bat Nerea deitzen zena, 8 urte zituen. Egun batean aitak museoara eraman zuen Nereari dinosauroak asko gustatzen zitzaizkiolako. Egun guztia museoan pasatu zuten. Dinosauroen eskeletoak, fosilak eta abar ikusi zituzten. Etxera joateko orduan, Nereari T‐rex baten eskeletoa mugitzen hasi zela iruditu zitzaion, eta aitari esan zion: ‐Aita, aita, dinosauro hau mugitzen ari da! Eta aitak erantzun zion: ‐Ez esan tontakeriarik, eskeleto bat da eta. Eta Nereak bere buruari esan zion irudipena izan zela. Ondoren, aitarekin etxera joan zen. Oheratzean, bere dinosauro panpinei eguna kontatzen hasi zitzaien. Eta bukatzean esan zien: ‐Dinosauroen munduan egongo banintz…
‐Nik eramango zaitut nahi baduzu –esan zion Dino bere dinosauro panpinak. ‐Nork esan du hori? –esan zuen Nereak harrituta. ‐Nik esan dut, Dinok, eta 4 gurari eman dizkizut. ‐Nik dinosauroen mundura joan nahi dut. Hori izan zen lehenengo guraria. Han inguruan brakiosauro kume bat ikusi eta maskota moduan eduki nahi zuen Nereak. Bat‐batean kume horren ama agertu zen, 4 metroko lepoa bazuen behintzat. Orduan, hegaz egitea nahi izan zuen Nereak. ‐Hori izango da zure bigarren guraria.‐esan zuen Dinok. Nerea hegaz zebilen bitartean pterodaktilo bat ikusi eta gainean jarri zen. Itsaso gainean hegaz nekatuta zegoenean, itsasora joan nahi izan zuen. Orduan, Dinok esan zuen: ‐Hori izan da zure hirugarren guraria. Itsasoan zebilen bitartean Latosaurioa, Teratosaurioa…ikusi zituen. Orduan, bale bat agertu zitzaion eta aho zabalik berarengana zihoan. Nerea beldurtu egin zen eta etxera joan nahi izan zuen amets bat izateko. Horixe izan zen bere azken guraria. Nerea panpinen ondoan esnatu zen eta konturatu zen dena amets bat izan zela. June Carcavilla (LH4)
AHAZTU EZINEZKO IKAS-BIDAIA
Urte gogor baten ondoren maiatza heldu zen, kurtso amaierako bost eguneko ikas‐bidaia egiteko eguna. Gelan hogei pertsona ziren. Asko eztabaidatu ondoren bidaia Parisera egitea erabaki zuten. Aitor, Mikel eta Peru kalean zeuden jai giroan. San Trokaz jaiak ziren hain zuzen. Hurrengo egunean denak plazan elkartu ziren, autobusaren zain. Autobusa heldu zen, gurasoak agurtu eta hamabi orduko bidaia hasi zuten.
Bidai luze eta aspergarri baten ondoren Parisera heldu ziren. Pozaren pozez denok autobusetik jaitsi eta oihuka hasi ziren: ‐Heldu gara, heldu gara!!!!!! ‐Begira zelako gurutze handia, Gorbeiako gurutzea, esan zuen Martinek. ‐Ez, kokolo, Eiffel dorrea da, o‐la‐la…, erantzun zion Enkarnik. Hotela nahiko txikia zen. Jarraian gelak eman zizkieten eta afaltzera joan ziren. Enkarni eta Jabi irakasleek hurrengo eguneko egitarauaren berri eman zieten: Eiffel dorrea igo, Louvre museoa ikusi, Sena ibaitik itsasontzian ibili ….. Lo egiteko ordua heldu zen. Neska‐mutilek lo egin beharrean jai giroan pasatu zuten gaua. Hurrengo egunean gosaldu eta segituan Louvre museora joan ziren. Mikel, Aitor, Jon eta Peru oso aspertuta zeuden museoko koadroak ikusten, baita nekatuta ere, gauean ez zutelako lorik egin. Lau lagunak museoko bazter batean jarri eta nekearen nekez lo gelditu ziren. Hamabost minutu pasatu ondoren, zalaparta baten ondorioz itzartu egin ziren. Larritu egin ziren ikaskide guztiak museotik joan zirela pentsatuta. Orduan korrika hasi eta bat‐batean ikusi zuten Enkarni, Jabi eta besteak Leonardo Da Vincik eginiko “Mona Lisa” koadroa begiratzen ari zirela liluraturik. Bazkaltzeko ordua heldu zen, hotelerantz joan ziren. Heldu bezain laster mahaian makarroi izugarri gozoak zeuden, denok ziztu bizian jan zuten bazkaria. Arratsalde osoa hiria ezagutzen pasatu zuten. Egun luze baten ondoren lo egiteko ordua heldu zen, segituan lokartu ziren. Oso nekaturik zeuden egun osoan leku batetik bestera ibili eta gero. Ondo lo egin, gosaldu eta Sena ibaitik itsasontzian ibiltzera joan ziren. Denak poz‐pozik sartu ziren itsasontzira. Peru eta bere lagunak itsasontzian jolasten ari ziren, eta halako batean Peru arrain potolo bat ikustera hurbildu zen itsasontzi ertzera; irrist egin eta uretara erori zen. Itsasontziko kapitaina istripuaz jabetu bezain laster, jendarmeei deitu eta hura salbatzera etorri ziren. Dardarka atera zuten uretatik, arropak aldatu eta Peru egun osoan irakasleen atzetik ibili zen ikaratuta. Eiffel dorrea igotzeko eguna heldu zen. Hoteletik irten, metrora hartu eta hamabost minutu pasatu ondoren, han zegoen Eiffel dorre handia.
Azalpen asko entzun ondoren, prest zeuden lagun guztiak igogailuan igotzeko. Jende dena pozarren zegoen, Mikel izan ezik, beldur handia zuen honek, bertan altuera handia baitzegoen. Igogailuan poliki‐poliki igo eta segituan jolas‐parke bat ikusi zuten urrunetik. Haien ondoan zegoen gizon bati, hango hura zer zen galdetu zioten eta gizonak azentu arraro batekin Disney Land Paris zela erantzun zien. Eiffel dorretik jaitsi zirenean, denek pentsatu zuten plan bikaina zela ikas‐bidaia amaitzeko Disneyra joatea. Baina arazo bat zegoen, ez zeukaten dirurik. Hotelera heldu eta denon artean pentsatzen hasi ziren diru hori nola lortu. Proposamen asko bota ondoren, kalera irten eta plaza handi batean, Maria txistua joten eta zortzi mutilak ezpata‐dantza dantzatzen hasi ziren. Jendea musikaren soinua entzun eta hurbiltzen hasi zen ikuskizuna ikustera. Loreak eta Jonek bitartean txapel batekin dirua batzen zuten. Zortzietan jadanik neka‐neka eginda zeuden. Enkarni eta Jabi dirua zenbatzen hasi ziren, baina ez zegoen nahiko. Etsita zihoazen denak hotelerantz, eta bat‐batean zerutik zerbait jausten ari zela jabetu ziren. Neska‐mutilak harriturik oihuka hasi ziren: Gerbas, Gerbas !!!!!! Han zegoen “Gerbas panpina” haien hanka aurrean. Enekok alkandorako poltsikoan zegoen gutuna irakurri eta Abadiñoko Udaleko telefono zenbakia zegoen. Telefonoz deitu eta 500 euroko saria irabazi zutela esan zioten. Ikas‐bidaia bikain atera zen, diru kopuru horrekin Disney Land‐era joatea lortu zuten. Hareek han eta gu hemen, gure kontua Parisen; gure txepetxak bizkarrean hazurra, eta gure ipuin guztia guzurra. Txomin Najera (LH6)
GERBASEN SENTSAZIOAK
Kaixo, ni Gerbas naiz, abadiñarra, eta nire gauzarik gogokoena gitarra jotzea da. Oso gogoko naute abadiñarrek. Nire herriko jaiak maiatzaren 15ean ospatzen dira, bi asteburutan hain zuzen ere. Azken asteburuko domekan, nire itxura duen panpina bat zerura botatzen dute globoekin urtero‐urtero. Panpina hori harrapatzen duenak saria du beti. Baina nik nire itxura duen panpina botatzea ez dut nahi, ni neu botatzea nahi dut. Orduan, oinez herriko udaletxera joan eta esan diot alkateari: San Trokazetan globoekin batera nire itxura duen panpina bat botatzea ez dut nahi, ni neu botatzea nahi dut. Orduan alkateak erantzun zidan: Arriskutsua da, baina zuk nahi baduzu, bai. Poz‐pozik joan naiz etxera, afaldu eta segituan ohera. San Trokazak astebete barru dira eta egunetik egunera urduriago nago, egutegian egunak ezabatzen. Azkenik heldu dira San Trokazak, ilusioz beteta nago. Plaza jendez gainezka dago, eta denon artean kolore ezberdinetako baloi magiko izugarriak airez betetzen ari dira niretzako. Nire barrua dardarka dago horrenbeste jende, iskanbila, kolore eta irribarrerekin. Orain arte ni bezalako panpina botatzeko koloretako globo gutxirekin nahikoa zen, baina ni astun xamarra naizenez, globo ugari behar dira. Kolore desberdinak dituzten hainbat globo ikusten ditut jendearen esku artean. Niretzako den lehenengo globo horia eguzkia bezain distiratsua da, hegaz noan bitartean epelduko nauen amandrea. Bigarrena berdea, belarra, zuhaitzak… naturaren edertasuna. Globo urdina, zerua eta uraren kolorea. Globo gorria, maitasunaren iturria. Globo beltza, iluntasunaren erregea. Globo zuria, hodeien alaitasuna. Globo laranja, goian nagoen bitartean fruitu goxoen usaina emango didana; eta azkenik globo morea, emakumea aldarrikatzen duena. Banoa astiro‐astiro gorantz, hau bai poza!!! Denek begiratzen naute, ze harro nagoen!!! Oraindik pertsonak ezberdintzeko gai naiz, begira non dauden nire lagun maiteak: Tomas, Nikasio, Josefa eta Eusebia, zein baino
zein ederragoak. Gero eta urrutiago noa eta lagunak inurri bihurtu dira. Zelako gogoa dudan hodeiekin hitz egiteko. A zelako poza!!! Hainbeste kolore artean paisaia liluragarria ikusten. Halako batean, PUMB entzun dut, susto galanta hartu dut, zer izango ote den pentsatzen gora begiratu eta globo laranja lehertu da, akabo nire frutak, baina oraindik beste globo mordoa geratzen zaizkit. Hurrengo globo leherketa gorriarena izan da, a zelako mina!!! Albora begiratu eta ez dago inor, bakarrik sentitzen hasi naiz. Josefa non zaude? Ai, ai, ai!! Txoria hurbiltzen ari da: Kaixo txoritxo, nire laguna izan nahi duzu? ________ (txoriak ez du erantzuten) Nola duzu izena? Nongoa zara? Zzzzzzzzzzzzzzssssssssssshhhhhh Zer ari da gertatzen? Zer da zarata hori? Gora begiratu eta globo urdina txiki‐txikia dago, txori madarikatua!!! Ura delakoan txoriak pikoka egin dio globo urdinari. Hainbat egun pasatu ostean, aspertzen ari naiz, ez dut inor hitz egiteko, ezta ezer jateko ere. Soilik bi globo geratzen zaizkit, beltza eta horia, baina haizea dabilenez alde batetik bestera nabil, zoratu beharrean. Abentura denek bezala, honek ere alde onak eta txarrak ditu. Oraindik bi globo geratzen zaizkit eta edonon jausi naiteke. Itsasoan jausten banaiz, balea batek jan nazake, kanpandorre batean kateatzen banaiz, suhiltzaileak nire bila etorri beharko dira, baina jendea dabilen lekuan eroriz gero, zortea edukiko dut Abadiñora bueltatzeko. Halako batean konturatu naiz beherantz noala, gelditzen diren bi globoek ez dutela indarrik. A zelako poza!!! Hor hurbil jende ugari dago, ez nago bakarrik. Azkenean, zorteduna izan naiz jendea dagoen lekuan erori naizelako. Abentura honekin konturatu naiz hegaz egitea denon ilusioa dela, baina oso bakarrik sentitu naizenez, esan nahi dizuet lagunak oso garrantzitsuak direla eta ondo zaindu behar direla. Hemendik aurrera, nik beti zainduko ditut. Eta zuk? Iker Escamez (LH5)
IPOTXEN MUNDUA
Orain dela urte asko herri txiki batean neskato bat bizi zen. Neskatoak Sara zuen izena eta oso atsegina zen mundu guztiarekin. Beti alai eta pozik zebilen saltoka. Egun batean herritik paseatzen zebilela ipotx baten itxura zuen izaki txiki‐txiki bat ikusi zuen. Ipotxak doministiku egin eta bi buruko katua bihurtu zen. Ipotxa korrika hasi zen eta Sara berari jarraika zebilen nora zihoan asmatzeko. Ordu erdi geroago basoko zuhaitz ustel baten enbor baten barrura sartu zen ipotxa. Sarak enborraren barrura sartu nahi zuen, baina handiegia zen enborrera sartzeko. Lurrera begiratu zuenean ipotxaren poltsa aurkitu zuen. Poltsaren barruan hauts magiko batzuk zeuden, hautsak bereak ez izan arren burutik behera bota eta ipotxa bezain txikia izatea pentsatu eta ipotxa bezain txikia bihurtu zen. Txikia izan arren enbor gainera igotzea lortu zuen. Zulotik behera txirrista luzea zegoen lurreraino. Ipotxa ikusi eta esan zion Sarak: Poltsa erori zaizu eta ekarri egin dizut. Mila esker, poltsa hau erosi dut, mundua esploratzera joateko. Ni Zurtxo deitzen naiz, eta zu? Ni Sara deitzen naiz.Non nago orain? Ipotxen munduan sartu zara, Sara! Ipotxak bere etxea erakutsi zion Sarari. Ipotxak berriro ere doministiku egin eta oraingo honetan sagu handia bihurtu zen. Ipotxak esan zion Sarari gaixorik zegoela. Sarak esan zion Zurtxori ohean sartzeko, ez zegoela ondo, eta txokolate bero bat prestatu zion Zurtxori. Sarak esan zuen: Zuk esan didazun bezala prestatu dut txokolatea. Sara kalera irten zen Ipotxen mundua nolakoa zen ikusteko eta harriturik gelditu zen. Milaka eta milaka ipotx zeuden lanean. Bata bestearekin haserre, zenbat etxe zuten asmatzen ibiltzen ziren. Baina dena gezurra zen, ipotx bakoitzak etxe bakar bat zuen. Azkenean esan zion ipotx batak besteari:
Bale, onartu egiten dut, zuk nik adina etxe daukazu. Egia da, beste gauza bat. Gaur etorri ez den ipotxa gaixorik dagoela entzun dut, erantzuten dio beste ipotxak. Alde guztietatik etxeak eraikitzen ikusten ziren ipotxak. Sara Zurtxoren etxera bueltatu zen esanez: Ipotxen mundu hau harrigarria eta oso polita da! Zurtxok baietz esan zuen buruarekin, eta ohetik irten eta bere lagunak aurkeztu zizkion Sarari esanez: ‐ Hau Franktxo da, hau Slipertxo, hau Sertxo, hau Poratxo eta Puinatxo. Baina beste lagun bat daukat, Fertutxo, berandu etorriko da opor eguna duelako. Hauek dira nire lagunik onenak eta abentura asko izaten ditugu. Nolako abenturak? – galdetu zuen Sarak. Adibidez, ipotxen erregina ipotxen mundutik kanpo eraman zuten eta guk berriro ekarri genuen. Beste galdera bat daukat. Zergatik bukatzen dira txo izen guztiak? Begira, gu guztiok adin berdinekoak gara. Adin berdinekoak? Bai, guztiok urte berdinean jaio garela esan nahi dut. Urtero ipotxen izenak aldatu egiten dira ez nahasteko. Adibidez, aurten unz bukatu behar da. Orain ulertzen dut, erantzun zion Sarak. Gaua iritsi zen eta Sarak Zurtxori agur esan, zuhaitzetik irten eta handiagotu egin zen. Orduan etxera bueltatu zen. Bat‐batean esnatu egin zen eta dena amets bat besterik ez zen izan. Amets oso polit bat. Maialen Barruetabeña (LH5)
ROCK & ROLL-A
Hamasei urterekin, uda aurrean duzula, dibertitzea besterik ez duzu buruan, eta batzuetan dena ez da hain dibertigarria. ‐Ikusi al duzu zer nolako sudurtzarra dudan? ‐Zuriñek komuneko ispiluari begira. ‐Ba, Zuriñe, ez da hainbesterako. Eta gainera gorputz horrekin inor ez da zure sudurrari begira geratuko! Besteok ere baditugu gure konplexuak! ‐A, bai? Ea ba, Maider, esadazu zein den zure konplexua, zeren eta nik ez dizut bat bera ere ikusten: ile marroia, aurpegi polita, begi berdeak, gorputz ederra… Ez zaizu ezer falta! ‐Bai falta zait zerbait, ausardia! Gustatuko litzaidake ezagutzen ez dudan norbaitengana hurbildu eta solasean aritzeko gaitasuna izatea! ‐Hori bultzadatxo batekin konpon daiteke, baina nire sudur hau… “Operacion Dermoestetica” delako horretara joan beharko dut‐ Zuriñek Maider alaitu nahian. ‐Rin‐rin!!!‐ Maiderren etxeko txirrina da. ‐Maider, jantzi zaitez, nik irekiko dut! ‐Ondo da, eskerrik asko! ‐Maider janzten den bitartean Zuriñek atea zabaltzen du ‐Ai neskak, zer demontretan ari zarete hainbeste denbora etxean sartuta, kanpoan dagoen eguraldi zoragarriarekin. Gaur gure opor luzeetako lehen eguna da, gure paradisua, eta eguzki zoragarria dago zeruan, gu bezalako neska zoragarrien dirdira berea baino handiagoa dela ikusita indar handiagoz berotzen gaituena, gaur gure amaigabeko jai‐giroko lehen eguna da, arratsaldean presara bainatzera eta gauean Gaztetxera nire Ekaitz maitearen taldearen kontzertura!‐ Itsaso izan behar zen, beti oihuka eta saltoka, ameslari, alaitasunez beteta sartzen zena leku guztietan, dena probatzen zuena, lagunak egiteko arazorik ez zuena, ezeren axolarik gabe, ezeren beldurrik gabe. ‐Itsaso, zure Ekaitz maite horrek zuk baino hiru urte gehiago ditu eta milaka neska atzetik! ‐Eskerrik asko zure animoengatik, Eider, “nik ere asko maite zaitut”! ‐Ironia puntu barregarria jarriz. Egia esan Eiderrek arrazoia ere badu, Ekaitzek ez baitu Itsaso neskalagun moduan ikusten, ez da Itsaso itsusia delako, ezta gutxiagorik ere, oso neska polita da, ilehoria, gorputz polita, kurba politez osatua eta izaera oso alaiduna, baina begi‐bistakoa da Ekaitzek ez lukeela nahiko Itsasok imajinatzen duen Disneyko maitasun istorioa, normalean bera baino neska nagusiagoekin ibili ohi baita, hala eta guztiz ere Itsasok ez du itxaropenik galtzen.
‐Tira neskak, ez zaitezte hasi ‐ dio Zuriñek lagun arteko liskartxo hori beste ezertan transformatu baino lehen. ‐Beno… ondo da, baina gaur gauean ikusiko duzu nola Ekaitzek kasu egingo didan Gaztetxean! ‐Itsaso, obsesionatuta zaude gaur gaueko festarekin! ‐Eider, nola ez naiz ba egongo, eta gainera ez pentsa Ekaitzengatik bakarrik egiten didala ilusioa. Nire bihotza beteta egoteak ez du esan nahi inguruko herrietatik datozen mutilak ez ditudala begiratuko, eta gainera kristoren parranda bota dezakegu, gurasoek ez baitigute ordurik ezarri, eta gainera, polita, zuk ez didazu esango ez zaudela pozak txoratuta Joseba ikusiko duzulako…? ‐Eider tomate bat baino gorriago jarri da‐ Zer uste zenuen ez zaizula igartzen, ala? Berarekin zaudenean irteten zaizun barre lelo horrekin…‐ Joseba Maiderren lehengusuaren laguna da eta urtebete gehiago du, ez da munduko mutilik goapoena baina pertsona moduan ezagutzen ditugun mutiletan jatorrenetarikoa da eta nik uste Joseba ere Eiderrengatik txoratuta dagoela. Eiderrek ez daki ezer baina egun batean Josebari diru‐zorroa kendu eta hainbat gauzaren artean papertxo bat aurkitu genuen, Eiderrentzako amodiozko gutun bat zen!!! ‐Denok barreka hasi ginen, oso polita zen baina eztiegia nire gusturako. ‐Zer neskak, zertaz ari zarete marmarrean?‐Maider bere gelatik irten zen. ‐Ai neska, ba hemen gabiltza Ekaitz gora eta Joseba behera! ‐Kar kar kar! Eta zuk Zuriñe, ez al duzu printze urdinik? ‐Ba, egia esan Pellorekin utzi nuenetik ez nau inork gehiago erakarri. ‐Batek daki, agian gaur gauean aukera izango duzu birkonkistatzeko!‐Esan dio Eiderrek animoak emanez. ‐Ez dakit ideia ona den, Pellok harreman libre bat nahi zuen, hau da, beste neskekin enrollatzea baina ni hor izatea badaezpada, bigarren plater moduan, eta nik ez dut asmorik horrelako harreman bat mantentzeko, baina hain da alaia... hain da goapoa... ‐Eta hain da kabroia... Joan dadila popatik hartzera.‐ Oihukatu zuen Itsasok. Denak berari begira geratu eta barrez lehertu ginen. Lokalera jaitsi ginen; eskuoihalak hartu eta presara joan ginen bainatzera, eguzkia hartzera, eta batez ere txutxu‐mutxuak elkarri kontatzera. ‐Ba al dakizue norekin dabilen Jon? ‐Ez, neskalaguna al du? ‐Neskalaguna, neskalaguna, horiek hitz potoloak dira, baina bai horrelako zerbait, Nerea omen du izena, oso jatorra dela diote. ‐Agian gaur aurkeztuko digu!
Egia da, ez dizuet esan, gure lagun taldean mutilak ere baditugu: Jon, Mikel, Beñat, Gaizka eta Xabi. Bostak oso jatorrak dira. Presan egon ostean bakoitza bere etxera joan ginen afaldu, dutxatu eta inoiz baino ederrago jartzera. Hamarretan gaztetxearen ondoko kalean geratu ginen eta betiko legez Zuriñe hamar minutu beranduago agertu zen, ez dago zereginik neska honekin, ziur nago ispiluari begira eman duela denbora bere sudurra gora eta bere sudurra behera. Gaztetxea nahiko handia zen baina han zegoen jendetzarekin txiki‐txikia gelditu zen. ‐Neskak, hemen gaude!!!‐ Agurtu gintuen Mikelek Gaztetxeko barra ondotik. Mutilak neska batekin zeuden, Nerea izango zela suposatu genuen, Jonen ondoan baitzegoen. ‐Apaaa!‐ Haiengana hurbildu ginen. ‐Apa neskak, hau Nerea da, Nerea, hauek Zuriñe, Eider, Maider eta Itsaso dira.‐ Bakoitzak bina musu eman genizkion. ‐Ta, zer, liatuta zaudete ala?‐ Galdetu zion Nereari Itsasok lotsa izpirik gabe. ‐Ba... bai‐ Erantzun zion Nereak, bere masailek kolore gorrixka harturik. ‐Jo Itsaso, zelakoa zaren batzuetan.‐ Esan zuen Jonek eskuarekin Itsasoren ilea korapilatuz. ‐Ei, ez nazazu desorraztu! ‐Ah! Zuk ezazu sartu muturra besteen kontuetan! ‐Jesus, mutil! Ni izan naiz galdetu duena baina denok jakin‐minak jota geunden!!! ‐Beno, lasai, ez zaitezte liskarrean hasi!‐ Gaizkak, beti bezain bakezale. ‐Hori da, eta orain denok festara! Zer hartuko duzue!‐ Galdetu zigun Xabik. Xabi beti dabil jairik jai, baina tipo horrek harrapatzen dituen mozkorrak ez dira normalak, behin Tarzanen fardel moduko horrekin heldu omen zen etxera. Kontzertua hastear zen, Joseba ere etorri zen eta Eider oso pozik zegoen. Maider ere jai‐giroan sartuta zegoen, Itsasok ez zituen begiak eszenatokitik kentzen Ekaitzi begira, mutilak euren giroan sartuta zeuden; Jon eta Nerea elkarrekin, Xabi batek daki zertan, agian edalontziari muxuka, Beñat eta Gaizka hankarekin erritmoa eramanez eta taldearen kantak abestu beharrean oihukatuz, Mikel neska artean betiko legez, eta Zuriñe zoritxarrez edo zorionez Pellorekin muxuka.
‐Ei, Zuriñe, non sartu zara?‐Galdetu dio Eiderrek. Taldekoak atsedenaldiaren aurreko azken kanta abesten hasi dira. ‐Badakizu, hortik eta hemendik.‐Zuriñek ez du egokia ikusten momentu horretan berriz ere Pellorekin liatu dela kontatzea, alde batetik musikarekin ez delako ezer entzuten eta bestetik nesken sermoia entzun beharko lukeelako. ‐Aizue, neskak, ikusi al dituzue horko mutil horiek! Gau osoa guri begira daramate eta honantz datoz!!!‐Itsaso beti bezala aurretik pasatzen zaizkion mutil guztiei begira, baina egia da mutil hirukote hori neskei begira dagoela eta hurbiltzeko asmoa dutela dirudi. ‐Ei, politak, ni Ibon naiz eta hauek Unax eta Borja dira, nahi al duzue pixka bat?‐Ibonek edaria eskaintzen die. ‐Zer da?‐Itsasok. ‐Kalimotxoa. Nahi al duzu?‐Edalontzi bana eskaintzen diete neskei. ‐Itsaso ez ezazu hartu, ez ditugu ezagutzen!‐ Esaten dio Maiderrek belarrira. ‐Ba, lasai, ez da ezer gertatuko, entzun duzu, kalimotxoa da!‐Edalontzietako bat hartu eta trago bat ematen dio.‐Eta kalimotxo zaporea du, badakizu ni aditua naizela edari kontuetan.‐Maiderrek ez dio beste ezer esaten. ‐Eta zuek, politak, ez duzue kalimotxorik nahi?‐Nahiz eta mutilek edaria eskaintzen ekin, beste neskek ezetz esan eta amore ematen dute. Itsaso edaria eskaini dion mutilarekin, Ibonekin, hasten da solasean, ligatzen ere esan daiteke. ‐Eider, non dago Itsaso?‐Maider kezkatuta dago azkeneko aldian Itsaso mozkortuta zihoala iruditu baitzaio, baina arraroa da, garagardo bat eta kalimotxoa baino ez ditu edan eta Itsasok oso ondo jasaten du alkohola, ez da pare bat tragorekin mozkortzen denetarikoa. ‐Kanpora irten da, segur aski Ekaitzen atzetik joango zen, badakizu nolakoa den‐ Eta garrantzi gehiegi eman barik Josebarekin hizketan jarraitzen du. Maiderrek ere ez dio garrantzi handirik ematen, baina ez dago guztiz lasai. Denak bere saltsan dauden bitartean... ‐Ekaitz, nora goaz? Jaia gaztetxean da...‐ Hain mozkortuta dago ez daki norekin dagoen ere. ‐Polita, nik ez dakit nor den Ekaitz baina badakit ni Ibon naizela. ‐Ekaitz, ez adarrik jo... ‐Kar kar kar…‐ Ibonek ez du ezer esaten
‐Ekaitz, nik maite zaituuuut!‐ Ibonek gaztetxe ondoko parkera eramaten du, eta Itsasok iparra galduta daukala ikusita aukera baliatzen du eta neskaren gainera botatzen da olagarro baten moduan. Itsaso zorabiatuta dago baina bat‐batean konturatu da mutil hori ez dela Ekaitz, Ekaitzek belarritakoak ditu eta ile marroia eta mutil horrek ez du belarritakorik eta oso ilehoria dela esan daiteke. Nonbaitetik indarra atera eta… ‐Nor zara zu? ‐Ni mmmm… Ekaitz, uste dut! ‐Ez, zu ez zara Ekaitz, aska nazazu! ‐Ez polita, ni Ekaitz naiz‐ Ibonek berean jarraitzen du. ‐Askatu, min egiten didazu zure erpe horiekin!‐ Baina erantzunik ez, Itsasok negarrez eta oihuka. Beste erremediorik ez duela ikusita, Itsasok poltsikotik metxeroa hartu eta Ibon erretzen saiatzen da. ‐Ah! Urdanga zikina! – Ibon erredura listuarekin bustitzen ari den bitartean Itsasok ahal duen moduan gainetik kentzeko aprobetxatzen du eta korrika ihes egiteko. ‐Maider, Itsaso? ‐Ba, ez dakit, Eiderrek kanpora irten dela esan dit, Ekaitzen atzetik edo… ‐Ba… Ekaitz kanpoan dago bai, baina lagunekin. ‐Agian oso mesfidatia naizela pentsatuko duzu, baina, lehengo hirukotearekin joan bada? Ez diet susmo onik hartu. ‐Egia esan nik ere ez, badaezpada goazen bila. Bi neskak gaztetxetik irteten dira ‐Ekaitz, Itsaso ikusi al duzu? ‐Ez, ze ba?‐Neskek dena kontatzen diote. ‐Zuekin noa badaezpada.‐ Denak Itsasoren bila zebiltzan; tabernetan, portaletan… ‐Maider… ‐Negar zotinka Itsaso agertzen da gaztetxe aurrean ‐Itsaso!‐ Denak batera, besarkatzera hurbiltzen dira. Lehenengo Itsaso lasaitzen saiatu dira eta gero gertatutako guztia azaltzen saiatu da. Ekaitz gaztetxeko arduradunengana joan zen eta ertzainei deitu zieten, neskek Itsasoren gurasoei deitzen zieten bitartean. Jai guztia galdeketa bihurtu zen, Ibon aurkitu zuten eta oraindik adin txikikoa zenez bere gurasoak arduratu ziren. Hortik egun batzuetara epaileak erabakiko zuen zigorra. Itsaso lur jota zegoen, oraindik dardarka, bere gurasoek ahalik eta azkarren etorriko zirela esan zuten, auto‐ilara baten baitzeuden: ‐Itsaso, zelan zaude?‐hurbildu zitzaion Ekaitz
‐Ba, ikusten duzu, nik dibertitu besterik ez nuen nahi, lagun berriak egin eta begira nola amaitu dudan.‐Ekaitz, nahiz eta neska zalea izan, oso mutil ona da, Itsaso animatzeko besarkatu egin zuen. Momentu horretan Itsasoren masailak tomateak baino gorriago jarri ziren eta horrela egon ziren denbora luzeeeee batez. Itsasori gertatutakoa ez da txantxetako gauza: ez ezetz delako, eta nahiz eta gai hauetaz telebistan, eskoletan, eta hainbat lekutan hitz egin, gauza hauek maizegi gertatzen dira mundu honetan, gehiegi. Jaia ondo dago, dibertsioa ondo dago, alkohola neurri batean edan daiteke… baina droga nahasten denean, intentzio txarrak nahasten direnean… Horrelako zenbat kasu gertatzen ote dira edo larriagoak? ‐Zuriñe, amaitu al duzu nerabeei emango diezun hitzaldia? ‐Bai! ‐Ta, zeri buruz hitz egingo diezu oraingoan? ‐Gogoratzen al duzu Itsasori gertatutakoa orain dela lau bat urte? ‐Bai ‐Ba, gai hori jorratzea erabaki dut, guk hurbilean pairatu genuen gertaera izan zenez, gaztetxoek gauza horiek gertatu daitezkeela ikusi nahi dut, ez da beti besteari gertatzen zaiona, urruneko herrietan gertatzen dena, ez da edonortaz fidatu behar… gai honekin gela guztietan iritzi eta jokaera ezberdinak aipatuko dituztela uste dut, interesgarria izango dela. Irati Bazeta (DBH2)
AFGANISTANEN ODOLA 2013/01/07
14 urte dauzkat, Afsna deitzen naiz; 3 urteko alaba dut eta bigarrena ere bidean dator. Afganistaneko herri batean bizi naiz nire senarrarekin, Kabulen. Nire aita oso ezaguna da herrian, ez dut amarik, 4 urte nituenean
saldu egin ninduen nire 13 urteko amak, eta orain 7 ama ditut eta aita bakar bat. Ez da izan saldu nauten lehen aldia… 11 urte nituenean gizon batek bortxatu egin ninduen. Gizon horrek emaztea zuenez ni kartzelaratu egin ninduten eta harekin ezkondu ezean lapidatu egingo ninduten. Hil egin nahi nuen, baina barruan neukan umeak bizia merezi zuen, ume hori bortxaketaren ondorio izan zelako. Ume hura bizi zedin gizon horrekin ezkondu behar nuen, nire bortxatzailearekin… Zoritxarrez, ume hori emakume jaio da Afganistanen, Jamileh deitzen da. Bidean datorren umea, ostera, gizonezkoa izatea espero dut, hala bada Ibrahim deituko diot eta emakumea bada Samira. Gerran gaude, erosketa sinple batzuk egitea infernua da; gure artean tiroka ari gara; gure ondoan bertan, emakumeak (gehienak) eta gizon apur batzuk hiltzen ikusten ditugu egunero. Gizonek emakumeak ezkutu bezala erabiltzen dituzte. Gerran bakarrik dago emakumea aurretik, tiroak direnean lehenengoak haiek izateko, baina edozein lekutara joateko gizona bost metro aurrerago joango da. Nik neuk ikusi dut emakume bat seme bat besoetan, lurrean negarrez eta eskuak odolez bustiak. Horrelako asko eta asko ikusten ditut… Afganistanen bizitza gogorra da, batez ere emakume jaio bazara. Ni eta nire umeak salbatuko zituena nire aurrean ikusi dut, begiak negarrez zituela, hilzorian. ONG bateko agintari espainiarra zen, adoptatu egingo gintuen. Baina dirudienez nik Kabulen geratu beharko dut, nire alabak ostera ez, ezin dut onartu hark nik beste sufritzea. Plan bat dut! Asteazkenero, Ameriketako helikoptero bat dator herrira minak kentzera,. Helikoptero hori joan aurretik umeak minen kutxan sartuko ditut Amerikan zaindu ditzaten. 2013/04/16
Nire ume txikienak hilabete du orain, hemendik ateratzeko ordua da. Helikopterorako bidean zarata gogor bat entzun nuen, nahiko gertu, tiro bat heldu balitzaidan moduan. Ez zegoen zorakeriatarako denborarik, ez nuen minik eta. Bi alabak gogor hartu eta bizkor‐bizkor helikopteroan sartu nituen, baina… Samira uzterakoan ez nuen mugimendurik sentitzen eta burkarekin ez nuen gauza handirik ikusten. Burka kendu egin nuen; nire alaba Samirak tiro bat jaso zuen saihetsean, besoetan neukala. Zergatik bera eta ez ni? Helikopteroa Ameriketara joango zen hurrengo astelehenera arte. Jamileh barruan sartu nuen eta justu‐justu itxi ziren ateak. Pixkanaka‐pixkanaka helikopteroa desagertzen hasi zen zegoen hautsarekin. Nik Afganistanen dagoen hauts horri arima deitzen diot. Uste dut Afganistanen hil diren pertsona guztien arimak nahastu egiten direla eta hauts gorria sortzen dela haien odolarekin. Bat‐batean hauts artean eztanda ikusi zen, helikopteroan zeuden minek eztanda egin zuten nire alabarekin batera. Bidean nindoala jakitun nintzen hil egingo nintzela, nire senarrak lapidatu egingo ninduelako. Bi alaba galdu nituen. Senarrari ez zitzaizkion alabak axola, birjinak nahi zituen saltzeko. Esaten dute Afganistaneko lurra gorria dela, hara jausi den odolagatik… Agur mundua Afsana Afganistaneko emakumeek idazten jakingo balute, horrelako egunerokoak aurkituko genituzke… Nagore Malaxetxebarria (DBH2)
BEGI UMELEN ITXAROPENA
Angoleta, Ipar Euskal Herrian kokaturiko herri txiki bat zen. Herri guztietan bezala, hemen ere ohitura, itxura, izakera edota pentsakera ezberdinetako pertsonak bizi ziren. Biztanle bakoitzak, gainontzeko guztiengandik ezberdintzen zituen zerbait zuen, baina aldi berean, denek zuten zerbait harremanetan: lortu nahiriko amets bat. Bai, nahiz eta herri txikia izan, biztanle guzti‐guztiek zeukaten ametsen bat haien barrenean, noiz egi bihurtuko zai. Batzuek, ilargia bisitatu nahi zuten, beste batzuek aldiz, uda heltzea besterik ez. Baina bazegoen ume bat, beste era bateko ametsa zuena. Itxar zuen izena, eta umezurtza zen. Beno, egia esan, ez zen guztiz umezurtza; haren ama, bera jaiotzean hil zen, baina aitak, etxetik alde egin zuen. Ez ezazue pentsa, Teresa, Itxarren ama, maite ez zuelako izan zenik, alderantziz izan baitzen. Gizonak, ezin zuen jasan bere emaztea horrenbeste gogorarazten zion ume hura berarekin izatea, begietara begiratzen zuen bakoitzean, bere emaztea zenaren irudia ikusten baitzuen. Beraz, neguko gau hotz batean, haurra jaio eta pare bat astera, arrebaren etxera joan eta Itxar bertan utzi zuen, notatxo batez lagundua. Paper hartan, zera zioen: “Ene arreba maitea, badakit hau ez dela egin nezakeen gauzarik egokiena, baina momentuz, ezin dut jasan haur hau nirekin izatea. Jakin ezazula, Itxar izena itxaropen hitzagatik jarri diodala, egunen batean beraren bila bueltatzeko itxaropena baitut. Orain, hori baita geratzen zaidan bakarra: itxaropena. Momentuz, denbora gehiago behar dut. Sentitzen dut. Mila esker bere kargu egiteagatik. Arren, ez ezazu ahaztu maite zaitudala, eta mesedez, gogora iezaiozu berari ere, bere bizitzako egun bakoitzean. Maitasunez, Roy.”
Eta horrela, Itxar guraso gabe geratu zen. Jada, 12 urte zituen, baina oraindik bere aitaren esperoan zen; izeba Enkarnarekin bizi zen bitartean. Eta bai, lehenago aipatu dudan bezala, Itxarrek amets berezi bat zuen, eta noski, hori bere aita ezagutzea zen.
Royk, ia egunero deitzen zion Enkarnari Itxarrek hiru bat urte bete zituen arte, baina ondoren, geroz eta gutxiago deitzen zion, urtean birritan bakarrik deitzera iritzi zen arte. Gainera, arrebarekin baino ez zuen hitzegiten, beti lanera deitzen baitzion, Itxarrekin hitzegin behar ez izateko. Aitak oraindik gogoan zuen alabaren begirada hura, emaztea izan zena horrenbeste gogorarazten ziona. Eta, noski maite zuela, baina ez zuen berarekin hitzegin nahi; beldur baitzen, egin ziona barkatuko ez zion beldur. Itxar, bere adineko ume guztiak bezala, alaia eta oso berbatia zen. Oso gutxitan galtzen zuen irribarrea eta ozta‐ozta pasa zitzakeen 5 minutu ezer esan gabe. Baina bazegoen irria galarazi eta isilazten zuen gai bat: bere gurasoena. Ikasgelan haien familien inguruan mintzo ziren bakoitzean, isili‐isilik geratzen zen, eta ez zuen txintik ere esaten. Txikiagoa zenean, bere aita oporretan zegoela esaten zuen, eta bere izeba, ama zela. Baina hura herri txikia zen, eta denek zuten bertan gertatzen zenaren berri. Itxarrek, gainditua zuen bere amaren kontua. Inoiz, amaren heriotzaren errua bere buruari bota izan zion, baina bazekien ez zela horrela, eta berak ez zuela errurik. Gainera, ez zuen gehiegi pentsatzen horretan, Enkarnak amaren papera bikain bete baitzuen, eta nahiz eta gaiari 20.000 itzuli eman, bazekielako ez zuela ezer lortuko. Aitaren gaiak aldiz, askoz gehiago tristetzen zuen. Bizitzaz gain, abandonatu zuen egunean utzitako gutun hori zen berarengandik jaso zuen gauza bakarra. Ez zen asko, baina bere altxorrik preziatuena balitz bezala gordetzen zuen, eta gauero, loak hartu baino lehen, irakurri egiten zuen, gehienetan bere begietatik negar malkoren bat zein beste erortzen utziz. Gutun hura irakurtzen zuen bakoitzean, itxaropen eztanda txiki bat sortzen zen bere barrenean, aitak gutunean zioen bezala, bere bila joango zen itxaropena. Itxar gazteak, bazekin aitak abandonatu egin zuela, eta baita ere, ez zuela berarekin hitzegin nahi; eta bi erabakietako bat bera ere ulertzen ez zuen arren, aita maite zuen: bai bere aita izate utzagatik eta baita ere izebak egunero aitak maite zuela esaten ziolako. Hala ere, ez zitzaion batere ondo iruditzen egin ziona, eta sarritan aitarekiko gorrotoa sentitu nahi izaten
zuen, baina aldi berean, horren handia zen berarekiko sentitzen zuen maitasuna ezinezkoa egiten zitzaiola. Hori guztia askotan esana zion izebari, eta honek aldi berean Royri. Baina hala eta guztiz ere, azken hau ez zen ausartzen bere alabarekin harremanik izaten. Itxarrek ere bazuen aitaren telefono zenbakia, izekok emana, baina ez zion inoiz deitu, denbora galtze bat iruditzen baitzitzaion, aitak berarekin hitzegin nahi ez zuela kontuan hartuz. Hala ere, halako egun batean, egoera hartaz nazkaturik, Itxarrek etxeko telefonoa hartu, aitaren zenbakia markatu eta deitu egin zion. Berehala, gizonezko ahots grabe batek erantzun zion. Orduantxe entzun zuen bere aitaren ahotsa lehengoz. 12 urte luzeren ondoren, azkenean entzun zuen gutunaren ahots originala. Eta nahiz eta Bai? xume bat baino ez zuen esan, emozioaren emozioz, neskatila negarrez hasi zen. Hura, bizitza berri baten hasiera opatzen zion soinua balitz bezala hartu baitzuen. Orduan, malkoak ahal izan zuen bezala lehortuz eta barruko sentimendu guztiak gordez, telefonoaren beste aldeko gizonari erantzuteari ekin zion: ‐ Kaixo: Ni... Zera... Ni... Zure alaba naiz. Esan zuen Itxarrek. Momentu hartan, aparailuaren beste aldetik, soinu arraro bat entzun zen, negar iskanbilatsu batez jarraitua. Instant hartan, aita hizketan hasi zen, negar eta muki artean: ‐ Mesedez, barkatu, barkatu, barka nazazu, arren! Sentitzen dut, asko sentitzen dut. Damu naiz. Damu naiz zu abandonatu izanaz, damu horrenbeste sufrimendu eragin izanaz, eta batez ere, damu zurekin egon ez izanaz. Badakit dagoeneko berandu dela, baina benetan esaten dizut: maite zaitut, eta damu naiz gertatutako guztiaz. Alaba, are gehiago unkitu zen, eta zoro baten legez, negarrez hasi zen. Aitak ere negarrez jarraitzen zuen eta denbora batez biak negarrez egon ziren, hitz bat bera ere esan gabe. Laster, biak lasaitu zirenean, hizketan jarraitu zuten. Alabak, nola ez, azalpenak eskatu zizkion, eta honek dena kontatu zion, amaren haurdunalditik hasita momenturaino gertatutako guztia. Elkarrizketa luze baten ostean, Itxarrek, ezagutu nahi zuela esan zion, eta Royk, ea Enkarna eta berarekin bizitzera joan zitekeen galdetu zuen. Neska, pozarren, oihuka hasi zitzaion izebari, ea aita bertara joan
zitekeen galdezka, eta honek ere izugarrizko poza hartu zuen. Haurrak, baietz esan zion, eta aitak 3 egun barru joango zela esan zien. Horrela, Itxarri amaitezinak egin zitzaizkion 3 egun horien ostean, aita Angoletara iritsi zen. Musu eta besarkada artean eman zioten ongi etorria; eta hala, gertatu zena ahaztuz, hirurak batera bizi izan ziren, aita‐alaben ametsa itxaropenez egia bihurtuz. Lorea Solana (DBH2)
LATZAREN GOXOTASUNEZ
Hondarra, dena zen hondarra Sahara basamortu lehorrean. lehorra zen
zorua, eguzkiaren argipean apropos lehortzen jarria; eta hala zeuden gure
eztarriak ere, garrasi lehorretan, ur eske. Osabak zioen horregaitik egin
genuela alde lur idor haietatik, ur bila etorri ginela Abadiñora, baina nik
hasieratik jakin izan dut osabak berak ere ez zuela hori sinesten, ahare
gehiago, osabak bazekien nik ere ez nuela bere gezurra irentsi. Baina inork
ez zion aurka egin eta hala abiatu ginen. Kanpamendu itogarria utzi eta
gameluz bidaiatu genuen lehenik, itsasoz gero. Gauez heldu ginen
hondartzara, ez dakit nora, ez dakit nola eta geroago jakin nuen zergatik.
Ilun zegoen guztia; ilun osabaren begiak eta malkoz bustita izebarenak.
Gogorra izan zen bidaia, haurtzaroa bezain gogorra ia. Egia esan, ez dut
aurtzaroa baino gogorragoa egingo zaidan ezer bizitzeko asmorik, ezta
gogorik ere. Bost urte nituela, militar marokoar armatuek aita eta
amarengandik urrundu gintuzten ni eta zazpi anai‐arrebak. Bakarrik geratu
ginen, elkarrekin bakardadearen konpainian. Bizilagunek beraien etxean
hartu gintuzten, beraiek hazi gaituzte; ordutik osaba‐izebak dira guretzat.
Osabak esan zidanez, bizitza ezagutzearren eraman zituzten gurasoak. Oso
maitatuak ziren herrixkan, ama medikua zen eta aita filosofoa, bizitzaren
jakinduria iturrietatik edanak biak.
Geroztik ez dut haien berririk izan. Aita hilda egongo da, ama auskalo
non... Aita da inoiz ezagutu dudan gizonik ausartena. Gogoan ditut niri
zuzendu zizkidan azken hitzak: “Iturria etxean dutenek, itsasoa nahi izaten
dute”. Ahoa odolez beteta zeukan. Nik negar eta negar egiten nuen. Harri
bat neukan eskuan, lapikoak kolpatu eta zarata egiteko erabiltzen nuena.
Gogor jaurti nion soldaduetako bati, kaskoan kolpatuz. Orduan fusilari
kanoitik heldu eta atzeko aldeaz buruan eman zidan, odoetan utziz.
Konortea galdu nuen arte. Gogoratzen dudan azkena amaren erreakzioa
da. Soldaduen eskuetatik ihes egin eta nire alboan belaunikatu zen. Bere
malkoak nireekin nahastuta sentitzen nituen, masailetan behera. Orduan,
musu eman zidan eta nik begiak itxi nituen. Hilda nengoela uste nuen;
hobe hala balitz.
Soldadu baten ostikadak iratzarri ninduen, hormaren kontra bidaliz. Han
ez zegoen amaren arrastorik, aita ere galdua zen. Soldaduetako batek nire
ahizpa zaharrena, Sahiba, nola hartu eta logelara eramaten zuen ikusi
nuen. Beste bi sartu ziren atzetik. Orduan, Osmanek, anaia guztietan
zaharrenak, ukabilkada bat eman zion haietako bati matrailean. Berari hiru
soldaduk itzuli zioten kolpea, lurrera bortizki botaz. Osman ere hartu eta
logelara sartu zuten; arinago atera zuten ordea. Odolez blai zegoen,
ubeldurak zeuzkan non‐nahi. Hilda zegoela uste nuen. Zohiak, nire
ahizpak, oihal bat ekarri zuen orduan eta Osmanen gorputz erdi hiloztua
laztantzen zuen bitartean, zorrotz begiratzen zidan. Erraz uler zitekeen
begirada: "joan laguntza bila".
Arnasa sakon hartu eta korrika irten nintzen etxetik. Soldadu batek jarraitu
zidan atzetik, baina ni azkarragoa nintzen hondatutako etxe eta harri
zatien artean. Fusilaz apuntatu ninduen orduan. Gelditzeko ohiu egin eta
tiro egin zuen, abisu gisa. Balaren txistu‐hotsa entzun nuen belarri alboan,
hatz gutxi batzuetara pasatzen. Gelditu eta buelta eman nuen. Urduri
nengoen, beldurtuta. Hankek ez zidaten zutik egoten ere uzten ia. Halako
batean, ezerezetik irtenda bezala, auzokide batek sekulako makilakada
eman zion soldaduari buruan. Belauniko erori zen lurrera; eta
konturatzerako, beste lau auzokide zeuzkan ostikoka. Nahikoa izan
zutenean, sokaz lotu zuten haietako baten etxeko ohean eta fusila kendu
zioten. Orduan, guztia bukatzeko beharra neukanean, dena aldrebestu
zen. Gure etxera sartu ziren auzokideak. Lau soldadu zeuden han: bat gela
nagusian, anai‐arrebak kontrolatzen eta beste hirurak Sahibarekin logelan.
Fusila zeukan auzokideak, sartzeaz batera, tiro egin zion gelako soldaduari;
gorpua lurrean luze utziz. Besoa fusilaren inguruan jarri zuen, zarata
gehiegi atera ez zezan katua sakatzean; logelako soldaduei abisurik ez
emateko asmoz. Baina ez zitzaion oso ondo atera. Logelako atea ireki eta
soldaduetako bat atera zen, erreakzionatzeko denbora izan aurretik
lurrean zegoen, bala bat bularrean zuela. Zarata entzun zen orduan
logelan; beste biak ziren, zutik jarri eta fusilak hartzen zituztelarik. Ez
zegoen plan bat prestatzen hasteko astirik. Gehiago ginen, etxean hil ziren
bien fusilak ere bageneuzkan, baina ez geunden gerran aritzeko
prestatuta.
Osman izan zen hitza hartu zuena. Gelaren albo batean zegoen, dardarka,
erdi hilik; baina bera izan zen herritarren mugimendua eragin zuena. Zutik
jarri eta ahots nekatu bezain zihurrez esan zuen: “Goazen!”.
Ez dakit nola, ez dakit zergatik, baina inguruan zeuden guztiak mugitzea
lortu zuen. Taldekoek eskuan zeuzkaten fusilak hartu eta gelarantz abiatu
zen. Fusilaren kanoia gelan sartu eta tiro egin zuen. Bi soldaduek tiroa
itzuli zuten, baina Osman kanpoan zen. Orduan, fusila kargatzen zebiltzala
aprobetxatuz, gelara sartu eta beste fusilaz bietako bati tiro egin zion.
Segituan irten zen Osman gelatik. Soldadu bat baino ez zen gelditzen,
baina Osman ere ez zegoen borrokarako. Orduan bai, buruak argitu
zitzaizkien herritarrei. Hildako soldadu baten gorpua hartu eta gelara jaurti
zuten. Soldaduak tiro egin zuen eta bere lagunaren gorpuari beste zulo bat
egin zion. Aukera bakarra. Azkar sartu zen Mohamed auzokidea gelara.
Soldaduari kanoia zuzendu eta tiro egin zuen. Besoan eman zion, minez
baztertzera behartuz. Orduan Osmanek, gelara sartu eta ahalik eta
azkarren, ostikada bat eman zion soldaduari aurpegian, Mohamedi
errematatzeko aukera emanez. Honek ez zuen bi aldiz pentsatu eta bala
bat ezarri zion soldaduari bi begien artean. Sahiba konorterik gabe zegoen,
biluzik, ohean etzanda. Osmanek izara batez estali zuen eta auzokideak,
pixkanaka, etxeratuz joan ziren. Baina oraindik soldadu bat gelditzen zen,
ohean loturikoa. Etxeko jabeak egingo zuen berekikoa, hala esan zuen
behintzat.
Gauez ametsek esnatu ninduten. Aitarekin amestu nuen, bere bizar luzeaz,
bere irribarre galduaz... filosofiaz ari zitzaidan hizketan, bizitzaz. Zelai zabal
batean geunden, ametsetako zelai horietako batean; guztia zen lore,
guztia zen usain. Baina halako batean, soldadu bat agertu zen korrika; eta
tropa oso bat haren atzetik. Lehen soldaduak bazterrera bota ninduen,
atzeko tropa guztia berriz, aitaren gainetik pasa zen. Guztiak pasa zirenean
ordea, han ez zegoen aitarik, ezta aitaren arrastorik ere. Bakarrik nengoen
zelai zabalean. Pixkanaka loreak harri txiki bihurtu ziren eta belarra
hondar. Bero usaina besterik ez zegoen. Izerdia botatzen hasi nintzen
orduan, eta hala esnatu nintzen, izerdiz blai.
Gaua isila zen, baina berriketa batek hausten zuen isiltasun sakona. Lehio
gisa erabiltzen genuen hormako zirrikitura hurbildu nintzen eta alboko
etxearen ondoan, ilargiaren argitan, auzokide bat ikusi nuen beste gizon
batekin hitz egiten. Auzokidea banekien nor zen, soldadua etxean gorde
zuena; baina nor ote zen bestea? Zertan ari ote ziren? Halako batean
eskua luzatu zioten elkarri eta gizon misteriotsua soldaduak etorri ziren
autoan sartu zen. Motor hotsa entzun zen orduan eta gizonak alde egin
zuen. Alboko etxe batean kandela bat piztu zen orduan, eta kalean zegoen
auzokidea azkar sartu zen etxera. Pixkanaka‐pixkanaka, herriko etxe
guztietan piztu ziren kandelak; gurean izan ezik. Gurean ez zegoen gutaz
arduratu edo gugatik kezkatuko zen gurasorik. Asanblada itzela antolatu
zen kalean. Ohera joatea erabaki nuen.
Hurrengo goizean, osaba etorri zen gugana, gosaritarako zerbaitekin:
ahuntz esne pixka bat, etxean egindako gailetatxoekin batera; jai
egunetako gosaria. Baina hura ez zen jai eguna, ez geunden
ospakizunetarako. Negarra arintzeko modua zen gosari hura.
Osabari hitz egiteko tarte bat eskatu nion eta logelan sartu ginen. Gauean
hizketan entzun nituela esan nion, egia erdia baino ez; eta berak esan
zidan lotutako soldaduak alde egin zuela, askatzea lortu eta fusilarekin
ihes egitea lortu zuela. Orduan lotu nituen nik datu guztiak: auzokidea,
gizon misteriotsua, soldadua, bostekoa...
Soldaduak ez zuen ihes egin, beno bai, egin zuen, baina aukera eman
ziotelako. Osabari kontatu nion guztia, ametsetik hasita asanbladara arte.
Osabak bostekoa eman zidan orduan, gizon handien hantzera eta zin egin
zidan goizero etorriko zela gu bisitatzera, guri gosaria ematera.
Besteengana joan ginenean, denek harrituta begiratu ziguten eta osabak
bururatu zitzaio lehena esan zuen: “Ali gizon handia da jada! Hilea hazi
zaio hanketan”.
Ni txikia nintzen, baina ez leloa. Banekien irribarre egin behar nuela eta
hala egin nuen. Osman hobetuz zihoan. Aurpegian zauriak zituen oraindik
eta Zohia hanketako zauri sakonak josten ari zitzaion, Asmein txikiak
bizkarreko orbainak ohial batez igurzten zizkion bitartean. Sahiba etzanda
zegoen, lo. Ez zen ia iratzarri ere egiten, eta iratzartzen zen bakoitzean
negar egiten zuen. Hurrengo egunak hala igaro ziren, astiro, astun, ia
amaigabe...
Aste batzuk behar izan zituen Osmanek indarberritzeko eta pare bat
hilabete Sahibak. Artean, osaba egunero etortzen zen goizean;
eguzkiarekin batera, eta gurekin egoten zen; eguerdira arte hasieran,
iluntzera arte denborak aurrera egin ahala. Familia giroa hobetu genuen,
elkar zaintzen genuen guztiok. Sahiba hitz egiten hasi zen, baina inoiz ez
zigun esan zer gertatu zen egun hartan, gela hartan.
Bizitzak aurrera egin zuen; ni handi egin nintzen, metro eta hirurogehi ia.
10 urte nituen jada, bizitza berriz ere loratzen hasia zen, baina nola ez;
guztiak pikutara joan beharra zuen berriro. Goiz batean osabak esan zigun
soldaduak itzuli egingo zirela, dena suntsituko zutela. Berak eta nik
bagenekien zergatik; hobe esanda, nori esker itzuliko ziren; bere orduan
soldadua akabatu behar zuen auzoko madarikatua! Lerdoa! Ez al zuen
pentsatu itzuli eta bera ere hilko zutela?
Handik bi hilabetera osabak bagindoazela esan zigun, hango bizitza ez zela
ona, ur garbia behar genuela. Bazekien nonbait, urrunean, bazela herri bat
gure egoera bera bizitzen ari zena, zapaldurik zegoena, Euskal Herria. Han
ere baziren gurasorik gabe eta azalpenik gabe bizitzera behartuta zeuden
umeak. Hara gindoazen. Soinu polita zuen belarrientzat, Euskal Herria.
Nik banekien osabari berdin zitzaiola saharako ur zikinak edan behar
izatea, banekien soldaduen beldur zela, baina isilik geratu nintzen. Herri
hura ezagutzeko gogoa neukan.
Astebete ere ez genuen behar izan guztia batu eta handik alde egiteko.
Gauez irten ginen, osabaren gameluarekin. Txandaka igotzen ginen
gamelura. Hala igaro genuen basamortu latza. Eguzkiak ez gintuen garaitu,
ur gabeziak ia‐ia, baina hark ere ez. Eta hala, hiri handi batera heldu ginen.
Etxeak sendoak ziren, altuak, buztinezko txabolak baino gogorragoak; eta
jende ugari zegoen.
Osabak lagun bat zeukan han, itsasontzi bat salduko ziguna. Bederatzi
lagun ginen eta itsasontzi txiki bat lortu behar genuen, ez zeukan itsura
onik. Osaba dirudun gizona zen; hala zen behintzat gure herrixkan, beraz,
ez genuen gutxienez itsasontzia beste inorekin banatu beharrik izango.
Gau hartan bertan barneratu ginen itsasoan, iluntzean. Ordu luzeak izan
ziren haiek; ez ziren asko izan, baina bai luzeak.
Hondartza batera iritsi ginen, han ere hondarra zen nagusi, baina erraz
ikusten ziren landareak ere, hondarretik harago. Polita zen lekua,
ikusgarria benetan.
Oraindik ez zen gure bidaia bukatu, kilometro ugari geneuzkan aurretik.
Izeba negarrez ari zen, bere herritik urrun zegoen, bere familiarengandik
urrun. Osabaren begietan ez zen malkorik nabari, bai ordea oroitzpenak.
Oroitzapenez beteta zeuden haren begiak. Nire begirada nabaritu zuen eta
irribarre egin zidan. Soldaduengandik urrun geunden. Nik irribarrea itzuli
nion. Orduan bai, bidea bukatutzat eman nuen. Irribarre hura izan zen nire
helmuga. Handik aurrera zegoena jadanik ez zen bidea, garaipena zen.
Garaitu egin genuen!
Oinez jarraitu genuen, autobusez gero; trenen bat ere hartu genuen eta
oinez ere egin genuen gehiagotan; baina bukatu zen guztia. Orain bizitza
berri baten hasiera zen; Euskal Herrian.
Herri txiki bat behar genuen, lasaia; batez ere, soldadurik gabea. Abadiño
aurkitu genuen, kanpandorre handi eta zelai zabalekin. Umeak pozik ziren
han, larre aldapatsuetan lerak labainaraziz neguan eta bainujantzi berriak
errekan estreinatuz udan. Leku ezin hobea zen bizitza berri bat hasteko.
Osabak, aurreztuta zuenarekin, erloju denda bat ireki zuen. Erlojuak
atsegin zituen; denbora oso garrantzitsua bait zen osabarentzat. Ez zituen
bizitako urteak nehurtzen, zoriontsu pasatako urteak baizik. Osabak
mantendu gintuen; eguneroko jana bermatzen zigun, bai eta bizileku
eroso bat ere.
Denbora latzak pasatzen ikasi dugu; eta denbora goxoez gozatzen. Izan
ere, erloju guztiak apurtu arren, inork ez du denbora geldituko.
Txaber Altube (DBH3)
AMAIERA POLITAK EZ DIRA EXISTITZEN Berandu da ordea, ezer konpontzeko. Istorio horren amaiera nire begien aurrean egon da denbora osoan. Neure buruari hainbeste aldiz egindako galderak, hala nola, zein izango da nire etorkizuna? Norekin bizi izango naiz hil arte? Jada, badakizkit erantzunak. Nahiz eta nire buruari handik irtetea posible zela esan, banekien, nola edo hala, gertatuko zela.
Galtzen duzunean, ni orain nagoen moduan, alegia, ez duzu bizitzeko asmorik. Etzanda geratzen zara, indar barik. Begiak ixten dituzu, ez duzu errealitatea ikusi nahi eta. Galtzen duzunean, ez dakizu nola jarraitu zure bidea, uste duzulako ez zaizula ezer geratzen, eta, hori, egia hutsa da. Galtzen duzunean, ezin duzu aurrera jarraitu. Baina jarraitu egin behar duzu, dena zeure errua izan baita, eta zuk galdu egin duzu, baina beti egongo da pertsona bat inork baino gehiago galduko duena. Ezkondu nintzenean, hogei urte nituen soilik. Ezagun askok, beno, eta ezezagun batzuek ere bai, zoratuta nengoela esaten zidaten. Nik neuk soilik ezagutzen nuen egia, egia osoa eta bakarra. Ekaitz ez zen tipo normal bat baino, guapoa eta atsegina. Nire lehen amodioa, begi guztien aurrean. Nire infernua, neure bihotz hutsean. Gogoratzen dut hasiera. Egunero bezala, autobusa hartzen nuen institutura joateko, hamazazpi urterekin alajaina. Igotzen nintzen bakoitzean, han ikusten nuen, niri begiratuz, aurpegi eder horrekin. Hain zen erakargarria... Baina goiz hartan, azterketa nuen lehenengo orduan, eta oso goiz joan nintzen klasera irakasleari azken galdera batzuk egiteko asmoarekin. Gogoan daukat, nola azterketa gaizki atera zitzaidan, lau bat besterik ez nuen atera, aurreko aste guztian ikasten egon ondoren. Egun hori txarto hasi zen, eta txarto jarraitu zuen. ‐ Kaixo, gaur ez zaitut ikusi eta arraroa egin zait. Baina, zer zen hori? Nola bururatu zitzaion nire institutuko ate aurrean egotea ordua izan arte ni atetik ateratzeko? Geldi‐geldi geratu nintzen, gertatzen ari zena nireganatzeko. Leloa nintzela pentsatuko zuen seguruenik, hortaz, erantzunen bat jaso behar zuela erabaki nuen. ‐ Zergatik etorri zara hona? ‐ Zu ikusteko. ‐ Baina... ez dugu elkar ezagutzen. ‐ Ni Ekaitz naiz, hara, ezagutzen nauzu. Nor zara zu? Benetan arraroa zen. Baina ez nuen beldurrik, ordea. Gustuko nuen egoera hori. Eta are gehiago, gustuko nuen aurrean zegoen mutil hori, Ekaitz deiturikoa.
‐ Ni, Alaia. ‐ Alaia, orain klasea bukatu duzu, ikusten dudanez. Gustatuko litzaizuke zerbait hartzera joatea tipo arrunt honekin? Arrunta? Adjektibo asko bururatzen zitzaizkidan bera definitzeko, baina arrunta ez zegoen barne. Normalena ezezko bat ematea izango zen edonorentzat, baina, ez bazenekiten, niri normaltasunez jokatzea ez zidan graziarik egiten garai haietan. Imaginatzen duzue, orduan, nola... kimika egon zen, eta denborak aurrera egin ahala, Ekaitz eta biok bikote inbidiagarri bihurtu ginen. Haren lagunak ezagutu nituen, eta hark nireak. Orduan, zer ez zebilen ondo? Zer gertatu zen hori guztia pikutara bidaltzeko? Gorka zen erantzunaren jabe. Ezkontza egunean, oso goibel sentitzen nintzen. Kostatu zitzaidan ohetik altxatzea, are gehiago ispilura begiratzea, soineko zuri eta eder hori jantzita nuela. Posible al zen nire ezkontza eguna izatea apirilaren 19 hori? Banekien modu bakar bat zegoela handik alde egiteko, baina laguntza behar nuen. Bi ordu eskas geratzen ziren zeremoniarako, eta bakarrik egoteko baimena eskatu nien guztiei. Nire askatasunaren azken minutuak ziren, eta ez nuen utziko inork xahutzea hori. Baina isiltasun hori amaitu zen, eta malkoak nabarmendu ziren. Begiak margo beltzez bustitzen ari zitzaizkidan, baina berdin zitzaidan, barruan nuena kanporatu behar nuen modu batean edo bestean. Orduan, atea zabaldu zen, eta bai, nire laztana zen. ‐ Banekien hemen egongo zinela, inork ikusi barik etorri naiz. ‐ Arriskutsua da. Badakizu azken egunean gertatutakoa. ‐ Ez duzu ulertzen, Alaia? Ezin zara ezkondu nazkagarri harekin, eta egin duenaren ondorioz, are gutxiago! ‐ Egin zuena arrazoiarekin izan zen. Bere laguna zinen, uler iezaiozu. ‐ Nola nahi duzu ulertzea norbaitek zuri egindakoa? Zergatik ez duzu alde egiten behingoz? ‐ Ez da hain sinplea, Gorka. ‐ Ez dut ulertzen, zergatik ez duzu egiten nahi duzuna. Zer da benetan behartzen zaituena? Ez dut sinesten beldurra izatea gertatu zenarekin. Badakizu hori konpon daitekeela, konpon dezakedala nahi baduzu. Baina benetako arrazoia jakin behar dut. Zer, ez didazu inoiz esango, ala?
Ez nion erantzun. Laguntzen nengoen, baina bera ez zen hartaz ohartzen. Ez al zen egia maite banuen alde egiten utzi behar niola? Jarraian, alde egin zuen. Geroago ez nuen ikusi inondik, ezta ezkontza ostean. Ez zuen egin niri zin egin zidana; ez zen egon nirekin asken unera arte. Hurrengo hilak oso arin igaro ziren. Ekaitzek nahi zuena egiten nuen, bai goizean, bai arratsaldean, eta noski, bai gauean. Horrela, bi urtez egon ginen, eta egun batean, Ekaitz lanean zegoela, kalera irtetea bururatu zitzaidan. Inoiz egin nuen gauzarik okerrena izan zen ordea... Paseotxo goibel bat besterik ez zen, putzuak zeharkatzen nituen, eta laino beltz batek zerua estaltzen zuen. Zoritxarrez, aterkia ahaztu nuen, eta euria hastean, bustitzen hasia nintzen. Ez nintzen etxera bueltatu, ez horixe, ezin nituen nire pentsamenduak baztertu une hartan. Ez zen bidezkoa Gorkarentzat nire burutik alde egitea, hori baitzen berarekin egoteko nuen aukera bakarra. Edo hori, behintzat, uste nuen nik, nire begi aurrean nuena ikusi baino lehen. Begi beltz haiek niri begira zeuden, eta irribarre zabal batez nigana hurbiltzen ari zen. Barne‐barneko taupadak gero eta bizkorrago zihoazen, une batez bihotza kanporatuko nuela uste nuen. Berriro gertatzen ari zen. ‐ Ez nuen pentsatzen berriro ikusiko zintudanik ‐ hasi zen azaltzen. ‐ Bada, neu ere ez... Zelan zabiltza? ‐ Ba, ondo, emaztea daukat orain dela urte eta erdi. Zelan Ekaitzekin? Zalantzan nengoen, baina banekien Gorka zela munduan zegoen pertsona bakarra zeini gezurra esatea ezinezkoa zen. Maite nuen mutil hura zen, eta egia esan behar nion. ‐ Betiko moduan. Bi urte hauek infernua besterik ez da izan. Badakizu ez zaitudala ahaztu segundu batean ere? ‐ Hara, zer uste duzu? Nirea egia zela? Ez daukat emazterik. Bakarrik nago. Ez dut nahi inorekin egon zurekin ez bada, eta ez dut inor utziko nik nahi ez dudana egitera behartzea. ‐ Gorka, esaten dizut arrazoi on bat nuela egiteko. ‐Ezin duzu justifikatu. Ez zen hobe izango poliziara deitzea zu jotzeagatik? Zerk gelditzen zaitu? ‐ Zu! ‐ Nola ni?
Zoramena nitaz jabetzen ari zen. Ez, hobe zen isiltzea. Banekien nolakoa zen, eta nahiz eta arrazoia jakin, ez zuen ulertuko. Banekien Gorka ezin zela nire oromenetatik ezabatu, baina ez nuen nahi mundutik ere ez desagertzea. ‐ Joan beharra daukat. Egongo gara. ‐ Ez, Alaia. Orain ez duzu alde egingo nik egin nuen moduan. ‐ Zer proposatzen duzu, ba? ‐ Elkarrekin egotea. Biok. Bakean. Aske bizitzea. ‐Ezinezkoa da. Ekaitz, izugarrizko boterea dauka mundu mailan... Ez ninduke bakean utziko, eta zu... ‐ Ni, zer? Hil behar dut tipo hori? Egingo dut beharra badaukat. Eta erantzuna eman baino lehenago, nigana hurbildu zen. Behar nuen, bai. Etsi egin nintzen bere besoetan, ezin nuen berriro ere atzean utzi. Baina, oraingoan, kontu handiagoz ibili behar ginen. Ekaitzek berriro harrapatuz gero... banekien amaiera izango zela. … ‐ Ez dakizu zer den norbait maitatzea! ‐ oihukatu nion malkoen artean. ‐Badakit, zu maite zaitut. Eta horregatik, nirekin behar zaitut. Ezin dut sinetsi Gorkarekin egotea. Ziztrin halakoa... ‐ Bera ez da erruduna. Zure laguna zen, bai, eta gaizki egin dugu, baina, ezin genion eutsi, sentizen genuenak garaitu gintuen. Ulertzen dut haserre egotea, baina hainbeste aldiz eskatu nizun hau amaitzeko, eta ez zenuen entzun nahi. Gainera hori ez da arrazoia ni jipoitzeko! ‐ Bakarrik esango dut gauza bat. Gorka ahazten duzu, edo gehien maite duzuna desagertuko da, betiko. … Behin eta berriro elkarrizketa hori buruan nuen. Gehien maite nuena betiko desagertuko zen. Ohean bueltak eta bueltak ematen nituen, ea nola konpon nezakeen hori. Ekaitz nire alboan zegoela, ezinezkoa egiten zitzaidan. Horregatik, etxeko zapatilak jarri eta sukalderantz abiatu nintzen, esne edalontzi bero bat edateko asmoz. Malkoak jarraian agertu ziren, isilpean, gauero bezala. Baina banekien gau hartan, desberdina izango zela. Ordu batzuk lehenago, Gorkarekin egon bainintzen.
‐ Zer gertatzen da, laztana? Hurrengoa oso arin gogoratzen dut. Nire begietara begirada bat besterik ez zuen bota, jakiteko zer gertatzen zen. Minutu batzuk egon zen oihuka, kolpeak jotzen edozeri, eta lasaitu zenean, ni gela batean atea itxita utzi ninduen. Gorputzean zehar nituen zauriak eta minak ez zidan eragotzi elkarrizketa hura entzutea. ‐ Bai? Beno, gogoratzen duzu orain dela urte batzuk hitz egin genuena, ezta? Ordua heldu da. Ekarri hona ahal duzun arinen. … Galtzen duzunean, ikusten duzu nola goiz hartan egon zintezkeen pertsona batekin, eta egun bat pasa baino lehenago, pertsona hori zure begien aurrean hiltzen dutela. Hara, egun hartan, nire bizitza osoa galdu nuen. Ekaitzek beti lortzen zuen nahi zuen guztia, eta bazekien, ezingo niola eutsi horrelakorik ikusteari. Oso luzea izan zen haren heriotza; minak hainbat orduz iraun zuen, baina azkenean, hainbeste odol galtzearen ondorioz, haren bihotza gelditu egin zen, betiko. Eta ez bazenekiten, nirea ere bai. Indar barik geratu nintzen, ikusten nola Gorkaren azken arnasketak gero eta geldoagoak ziren... Noski lagundu nahi niola, baina aulki batean soka gogor batekin lotuta egoteak ez zuen asko laguntzen, egia esanda. Horrela izan zen nola guztia galdu nuen. Erreza ematen zuen ordea, zoriontsu izatea. Baina gauzak ez dira beti ikusten diren modukoak. Edozer eginda ere, Gorka hilko zen. Urrundu behar nintzen. Ez nuen lortu. Orain aurrera jarraitu behar da, erruarekin bizitzen, merezita daukadalako. Alaia dut izena. Gaztea naiz, ezkonduta nago, eta maite dudan pertsona hil egin dut, nahiz eta fisikoki ez izan. Banekien ordea, hori geratuko zela, amaiera politak ez baitira existitzen. Jone Astorkia (DBH3)
31 URTE ADOPZIOAN EMAN NINDUTENETIK
Kaixo! Telmo naiz, 30 urte ditut eta Elantxoben bizi naiz. Txikitatik gustatu izan zaizkit detektibeen istorioak. Duela bost urte langabezian geratu nintzen eta nire anaia Ibonekin batera detektibe pribatuen agentzia bat sortu nuen. Hasieran ez geneukan kasu interesgarririk eta bi‐hiru egunetan bukatzen genuen bakoitzarekin; orain, ordea, gauzak aldatu dira, ez dugu gizonezkorik jarraitu behar, bere emaztearen aginduz ea beste norbaitekin dabilen jakiteko, edota 15 urteko neska bat jarraitu behar honen gurasoek hala eskatu digutelako. Ez, ez dugu horrelakorik egin behar, baina orain ikertzen ari garen kasua interesgarria da, oso interesgarria. Gure lagun batek orain dela gutxi jakin du ume lapurtua dela, bere ama biologikoak adopzioan eman zuela edota medikuek amari hilda zegoela esan ostean guraso gisa ezagutzen dituen senar‐emazteei diruaren truke eman zietela haur jaio berria, gure laguna. Bi hilabete daramatzagu kasu hau ikertzen eta gezurra badirudi ere tentsio handiko momentuak bizi izan ditugu. Hasieratik kontatuko dizuet guztia, detailez detaile. Gure laguna Aimar deitzen da, Aimar Urretabizkaia, edo horrela ezagutzen dugu guk, hori baita bere adpozioko gurasoen abizena. Dirudienez, 1981eko maiatzaren 12an jaio zen, Bilboko “Virgen Blanca” ospitalean, goizeko 4:30ak aldera. Datu horretatik abiatuz, bertara joan ginen eta harreran egun hartan jaiotako umeen zerrenda eskatu genuen. Bertako neskak, aurpegi serioa jarriz, horrelako daturik ezin zigula eman esan zigun. Gau hartan, Aimarrekin hitz egin genuen eta esan zigun ez zeukala arazorik diru gehiago emateko bere benetako ama aurkituko bagenu. 1.000 euro gehiago eman zizkigun eta hacker bat kontratatu genuen. Honek ospitaleko artxiboetan sartzea lortu zuen baina han ez zuen Aimarri buruzko ezer jartzen. Aimar ez zen ospitale hartan jaio. Non jaio zen gure laguna?
Inguruko ospitale guztietako artxiboak begiratu genituen. Bilboko ospitale pribatu batean ordu eta egun berean mutil bat jaio zen, Aimar izan zitekeen ume hura. Ikertzen jarraitu ostean ospitale hartako zuzendariaren izena jakin ahal izan genuen, Jesus Martin. Jesusen helbidea aurkitu eta bertara abiatu ginen. Bilboko Basurto auzoko 5. zenbakira heldu ginenean emakume gazte batek zabaldu zigun atea, ez zuen ezer esan eta Jesusen izena entzutean buruarekin keinu egin zigun barrura sartzeko esanez. Sartu eta elkarri begiratu genion anaiak eta biok. Hormak koadroz eta disekatutako animaliaz beterik zeuden. Egongelara iritsi ginen, 80 urte inguruko gizon bat leiho ondoan eserita zegoen. Begiratu eta ea nor ginen galdetu zigun, anaiak Jesus Martinen bila genbiltzala esan zion, gizonak berean jarraitzen zuen, ea nor ginen eta zergatik ari ginen bere bila galdetzen. 1981eko maiatzaren 12az galdetzean ez zuen zirkinik ere egin, baina ea bera zuzendari zen ospitalean umeak adopzioan ematen ziren galdetzean urduritu eta pistola bat atera zuen kuxin batzuen azpitik. Guk elkarri heldu genion, gizonak pistola bajatu eta begietara begira honela esan zigun: ez ezazue bide hori jarraitu, bestela... Berriz ere pistola altxatu zuen. Ibonek eta biok elkarri begiratu eta joatea erabaki genuen. Gertatutakoa Aimarri kontatzean zur eta lur geratu zen, ez zeukan zalantzarik, gizon horrek esaten zuena baino gehiago zekien, askoz gehiago. Berriz ere hackerrari deitu eta ospitaleko artxiboetan sartzeko eskatu genion, Aimar jaiotako egunean zenbat ume jaio ziren ikusteko eta, nola ez, ume horien guztien amen izenak ikusteko. Egun hartan 5 mutil jaio ziren eta haietako bat hilda. Aimar izan zitekeela pentsatu eta emakumearen izena apuntatu genuen, Feli Goienetxe. Hiru egun eman genituen emakume horren helbidearen bila, baina aurkitu genuen. Ean bizi zen. Autoa hartu eta berehala abiatu ginen herriko plazako 2. zenbakira. Aimarrek gurekin etorri nahi zuela esan zigun, guk ez genion ezetzik esan nahi, beraz, gurekin etorri zen. Lur jota zegoen berak guraso bezala maite izan dituen senar‐emazteak hil ostean, zer eta adopzio papel batzuk aurkituta.
Atea jo eta gizon batek zabaldu zigun, 50 urte baino gutxiago izango zituen. Feliren izena aipatzean gizona negarrez hasi zen, sukaldean eseri ginen. Gizonak Feli bere emaztea zela eta duela 3 egun hil zela esan zigun. Aimarrek ezin izan zuen emozioa kontrolatu eta negarrez hasi zen. Ibon eta bera kalera irten ziren. Ni gizonarekin gelditu nintzen; seme‐alaben gaia ateratzean gizonak bi seme zituztela esan zidan, bata Bilbon bizi dela orain, eta bestea... medikuek hilda jaio zela esan arren ziur dagoela 31 urteko gizona izango dela. Bat‐batean, besarkada bat eman nion eta egia osoa kontatu nion, Aimarren gurasoena, Jesus Martinena... Ibon eta Aimar sukaldera sartzean, gizonak ez zuen birritan pentsatu, Aimarrengana hurbildu, begietara begiratu eta zera esan zion: badakit, nire semea zara, maite zaitut. Aimarrek indar guztiz besarkatu zuen ezagutu berri zuen aita. Ibon eta biok kalera irten ginen, ezin genuen sinestu. Gure lagunak aita aurkitu zuen 30 urteren ostean, guri esker. Amaia Roman (DBH3)
Recommended