9
Laguntzaileak: 2012ko urriaren 24an, ‘Emakumea eta Kirola’ II. Mintegia egin zen Bilbon, Aspasia emakume elkarteak antolatuta. Elkarteko lehendakari Conchi Manzanalen agurraren ondoren, hasiera ekitaldi ofiziala egin zen, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendari nagusi Xabier Legarretaren eskutik. Euskal Herriko Unibertsitateko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko irakasle Ruth Cayero Alkortak eman zuen hasierako hitzaldia, ‘Nola landu berdintasuna, oinarriko kirolean’ izenburukoa. Ondoren, Marcela Herrarari egokitu zitzaion txanda. Marcela Herrara Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko Kirolaren Psikologiako irakasle eta psicoachingeko zuzendaria da, eta emakumearen esparruari aplikaturiko kirolaren psikologia izan zuen hizpide. Era berean, Basque Teamek egindako ‘Emeki, emeki: citius, altius, fortius’ ikus-entzunezkoa aurkeztu zuen. Jarraian, lan saio bat egin zuten parte-hartzaileek; taldeka, hainbat gairi buruzko eztabaida egin zuten, hala nola, amatasunari, familia bizitza eta kirol jarduera uztartzeari eta emakumezkoen kirolak hedabideetan duen isla urriari buruz. Bazkaltzeko atsedenaren ondoren, ‘work-coffee’ bat antolatu zen, emakumeek kirol jardueretan aritzeko dituzten zailtasun eta eragozpenak eta zailtasun horiek gainditzeko bideak ardatz hartuta. Parte-hartzaileei dagokienez, mintegian izan ziren, besteak beste: Athletic Clubeko emakumezkoen taldeko entrenatzailea eta sendagilea, Juan Luis Fuentes eta Gontzal Díaz, hurrenez hurren; Agustín Ruiz Larrinaga, Bizkaiko Txirrindularitza Federazioko lehendakaria; Itxaso Letamendi, Gimnasiako Bizkaiko Federazioko lehendakaria; Iranzu Arginzoniz, Jai Alai Bilbaoko lehendakaria; Dorleta Ugalde, Eusko Jaurlaritzako kirol teknikaria; Athletic Clubeko Aitziber Juaristi eta Iraia Iturregi futbolariak; Naiara Gómez eta Jone Otaño piraguistak; Ana Isabel Sordo kick boxingeko borrokalaria; eta Zuriñe Rodríguez eta Virginia Berasategi triatletak. Antolatzailea: Emakumea eta Kirola II. Mintegia 2012

Emakumea eta Kirola.pdf

Embed Size (px)

Citation preview

Page 1: Emakumea eta Kirola.pdf

2012 • Emakumea eta kirola II. Mintegia

1

Laguntzaileak:

2012ko urriaren 24an, ‘Emakumea eta Kirola’ II. Mintegia egin zen Bilbon, Aspasia emakume elkarteak antolatuta. Elkarteko lehendakari Conchi Manzanalen agurraren ondoren, hasiera ekitaldi ofiziala egin zen, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendari nagusi Xabier Legarretaren eskutik.

Euskal Herriko Unibertsitateko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko irakasle Ruth Cayero Alkortak eman zuen hasierako hitzaldia, ‘Nola landu berdintasuna, oinarriko kirolean’ izenburukoa.

Ondoren, Marcela Herrarari egokitu zitzaion txanda. Marcela Herrara Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko Kirolaren Psikologiako irakasle eta psicoachingeko zuzendaria da, eta emakumearen esparruari aplikaturiko kirolaren psikologia izan zuen hizpide. Era berean, Basque Teamek egindako ‘Emeki, emeki: citius, altius, fortius’ ikus-entzunezkoa aurkeztu zuen.

Jarraian, lan saio bat egin zuten parte-hartzaileek; taldeka, hainbat gairi buruzko eztabaida egin zuten, hala nola, amatasunari, familia bizitza eta kirol jarduera uztartzeari eta emakumezkoen kirolak hedabideetan duen isla urriari buruz.

Bazkaltzeko atsedenaren ondoren, ‘work-coffee’ bat antolatu zen, emakumeek kirol jardueretan aritzeko dituzten zailtasun eta eragozpenak eta zailtasun horiek gainditzeko bideak ardatz hartuta. Parte-hartzaileei dagokienez, mintegian izan ziren, besteak beste: Athletic Clubeko emakumezkoen taldeko entrenatzailea eta sendagilea, Juan Luis Fuentes eta Gontzal Díaz, hurrenez hurren; Agustín Ruiz Larrinaga, Bizkaiko Txirrindularitza Federazioko lehendakaria; Itxaso Letamendi, Gimnasiako Bizkaiko Federazioko lehendakaria; Iranzu Arginzoniz, Jai Alai Bilbaoko lehendakaria; Dorleta Ugalde, Eusko Jaurlaritzako kirol teknikaria; Athletic Clubeko Aitziber Juaristi eta Iraia Iturregi futbolariak; Naiara Gómez eta Jone Otaño piraguistak; Ana Isabel Sordo kick boxingeko borrokalaria; eta Zuriñe Rodríguez eta Virginia Berasategi triatletak.

Antolatzailea:

Emakumea eta KirolaII. Mintegia 2012

Page 2: Emakumea eta Kirola.pdf

Emakumea eta kirola II. Mintegia • 2012

2

Zorionak eman nahi dizkizuet bigarren urtez jardunaldi hau antolatu izanagatik. Eta eskerrak, era berean, egin didazuen gonbitagatik.

Oso gustura nator, gainera, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean eta, hain zuzen ere, ordezkari naizen Berdintasunerako Zuzendaritzaren izenean.

Iaz bezala, aurten ere, kirola izango da gaia. Aurreko astean Emakundek antolatu zuen kongresuan ere argi ikusi genuen kirolaren eta emakumearen binomio horrek berdintasuna lortzeko daukan garrantzia. Beraz, gaia ezin hobeto aukeratuta dagoela esango nuke.

Eta hausnarketa pare bat egiteko aprobetxatu nahi nuke aukera hau.

Gurearen moduko Zuzendaritza batentzat, alderdi askotatik dira biziki interesgarriak era honetako ekimenak, baina, jardunaldien hasiera-ekitaldi honetan, alderdi horietako bi nabarmendu nahiko nituzke, bereziki:

1. Alde batetik, berdintasunean oinarrituriko mundu bat eta, beraz, mundu justuago bat eraikitzen laguntzeko gizarte zibilak, erakundeek eta elkarteek egiten duten lana.

2. Bestetik, kirola aukeratu izana rolen eraikuntzaren giltzarri modura.

1.- Aspasiaren moduko erakundeek egiten duten lanari dagokionez, esker ona adierazi beharrean nago, ezinbestean.

Berdintasuna eraikitzea gizarte osoaren egitekoa da; eta zeregin horretan, berebiziko ardura dugu erakundeek, gizarte justu eta parekideagoa eraikitzeko oinarriak finkatzea dagokigun heinean.

Nolanahi ere, erakundeek ezer gutxi egin ahal izango genuke gizarte zibileko erakunde eta elkarteen laguntzarik gabe. Izan ere, horiek bultzatzen eta behartzen gaituzte gure betebeharrak betetzera, eta, horrekin batera, gizarte eredu berri bat eraikitzeko premiaren mezu bateratua sendotzen laguntzen dute beren lanarekin.

Aurreko astean, Emakundek Euskalduna Jauregian antolatutako biltzarrean parte hartu genuen; biltzar horretan, bereziki nabarmendu zen “bizitzaren iraunkortasuna” ardatz izango duen eredu berri bat eraikitzeko premia, eta zeregin horretan emakumeek egiten duten ekarpena, askotan isildu egin ohi dena.

2.- Bigarrenik, nabarmentzekoa da Aspasiak eztabaida emakumearen eta kirolaren inguruan errotzeko egindako apustua.

Begiratu hutsean, gainetik begiratuta bada ere, berehala ikusten da jarduera fisikoaren esparruan desberdintasun handiak daudela gizonezkoen eta emakumezkoen artean:

Emakumeek eta gizonek kirol mota jakin batzuk aukeratzen dituzte (esan beharra dago oso erabaki baldintzatua izaten dela, oro har).

Neskek eta mutilek kirola egiteko modu desberdinak dituzte.

Emakumeek kirola bertan behera utzi ohi dute (nerabeek eta gazteek).

Emakumezkoek presentzia urriagoa dute goi mailako kirolean.

Presentzia hori ezkutuan gelditu ohi da, eta ikusarazi egin behar da (gehiago ikusten dira gizonezkoen partidetako chees leaderrak, txapelketetan norgehiagoka aritzen diren emakumezkoak baino?).

Kirol arloko lorpenen aintzatespena ez da maila berekoa gizonez–koentzat eta emakumezkoentzat.

Emakumezko kirolariez irudi jakin bat ematen dute hedabideek.

Ordainsarien arteko aldea.

Emakumezko aitzindariak, heroiak ia.

Emakumezkoen presentzia urriagoa zuzendaritza batzorde eta kirol elkarteetan.

Emakumezko epaileen kopuru txikia.

Kirola, aisia gisa. Emakumeek gizonek adina denbora eskaintzen diote aisiako kirolari?

Jardunaldietan adierazle horiek guztiak jarriko dira mahai-gainean, seguru asko. Baita azken Olinpiar Jokoetako paradoxa ere; alegia, emakumezkoak gizonezkoak baino hobeto ibili arren, emakumezkoak ia ikusezin izaten jarraitzea hedabideetan, “eguneroko” kirolean.

Baina beste gogoeta bat ere egin nahiko nuke. Arazoa ez da kirol esparruan diskriminazio nabarmen eta agerikoak daudela soilik. Arazoa ez da diskriminazio horiek gainditzea, diziplina horietan berdintasuna nagusitu dadin. Alegia, gakoa ez da kirolaren esparruan soilik mundu parekideagoa eraikitzea.

Gure helburua hori baino handinahiagoa da; izan ere, berdintasuna gizartean oro har ezartzea da gure helburua. Eta, kasu honetan, kirola abiapuntu hartzea hori lortzeko.

Izan ere, ukaezina da kirolak berebiziko indarra duela gure gizartean. Aurreko udaberrian, esaterako, Athletic taldearen finalen fenomeno antropologikoa bizi izan genuen; goi mailako kirolariek hedabideetan duten oihartzunaren jakitun gara (gizonezkoena, batik bat); eta milioika ikuslek jarraitu dituzte Olinpiar Jokoak telebistaz. Eta ikastetxeetan nesken eta mutilen arteko bereizketa nola egiten den ikusten ari gara; nola betikotzen ari diren estereotipoetan oinarrituriko rolak, rol mugatzaileak, kirol jarduerari loturik.

Horrexegatik, funtsezkoa da joko arauak aldatzea, hasi eskola kiroletik, eta goren mailako kirolera; emakumezkoen eta gizonezkoen ordezkaritza sustatzea, emakumeen presentzia nabarmentzea…

Funtsezkoa da berdintasunean oinarrituriko kirol jarduera eraikitzeko, jakinik berdintasun horrek berarekin ekarriko duela rolak gainditzeko bidea eta gizarte eredu berri bat eraikitzekoa.

Hemen hainbat eta hainbat kirolari zaudete. Eta zorionak eman nahi dizkizuet kirolean jarraitzen duzuelako, batzuetan oztopo ugari gaindituta, gainera.

Gure gizartearentzat eta, batez ere, gure neskatoentzat eredu zarete.

Baina ez dut zuen gain behar den baino erantzukizun handiagoa jarri nahi. Zuek egindakoa gizartearen probetxurako da, baina gizarteak hartu behar du bere gain erantzukizuna, eta, bereziki, erakundeek, komunikabideek, eskolek, hezitzaileek, gurasoek… guztiok hartu behar dugu erantzukizun hori gure gain.

Eta hortik eratorritako probetxua ere guztiontzat izango da.

Izan dakizuela jardunaldi eraginkorra. Mezua izan dadila baikorra. Senti zaiteztela lagunduta, eta ez bakarrik. Eta jaso dezazuela guztion esker ona.

HASIERAXabier Legarreta, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako zuzendari nagusia

Page 3: Emakumea eta Kirola.pdf

2012 • Emakumea eta kirola II. Mintegia

3

HASIERAOso gai kezkagarria da, eta bide luzea dugu oraindik egiteko. Baina ezinbestekoa da eztabaida egitea, zer egoeratan gauden ikusteko eta zer alderdi landu behar diren zehazteko, ez soilik maila teorikoan, baita arreta gehien behar duten gaiak mahai gainean jartzeko ere.

Oinarriko kirolean berdintasuna lantzeari buruz arituko naiz, oinarriko kirola eskola kirol modura ulertuta. Lehenik eta behin, “berdintasunaz” ari garenean zer esan nahi den azaldu nahi dut. RAE hiztegiaren hirugarren adieraren arabera, “legez, herritar orori eskubide berak gauzatzeko eskubidea aitortzen dion printzipioa” da berdintasuna. Funtsezko printzipioa da, beraz, baina ez da beti betetzen. Azken urteetan, nabarmen egin dugu hobera, baina oraindik asko dugu lortzeko, eta urratsez urrats aurrera egin eta lanean jarraitu beharra daukagu.

Berdintasuna dago kirolean? Batzuen aburuz, bai; baina, hori jakiteko, oso adierazle zehatzak beharko genituzke, sentipen soilei edo entrenatzaileek bizi izandako bizipenei soilik erreparatu ordez. Hala, berdintasuna ebaluatzeko adierazle baliagarriak izan daitezke honako hauek, besteak beste:

Emakumeen irudiaren polarizazioa: adibidez, hondartzako boleibolean.

Prentsak gizonezkoei eta emakumezkoei ematen dien tratamenduaren berdintasunik eza. Ez dira berdin aintzat hartzen gizonezkoen eta emakumezkoen lorpenak.

Hizkuntzaren erabilera. Oraindik ere, entrenatzaile batzuek “maritxu” moduko esapideak erabiltzen dituzte beren jokalariekin.

Teknikarien ehunekoen arteko aldea. Askoz ere gizonezko gehiago daude, emakumezkoak baino. Emakumeek ere prestatu eta trebatu behar dute eginkizun horietarako: arlo horretan ere jardun behar dugu.

Emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruen arteko aldea are handiagoa da epaileei eta zuzendaritza taldeei dagokienez.

Teknikarien maila: teknikari-entrenatzaile nahiko badago, ez da arazorik izaten, baina talde guztientzako adina ez badago, maila gorenekoei gizonezkoen taldeak prestatzeko lehentasuna ematen zaie.

Emaitzak: klub edo ikastetxe bateko taldeen emaitzak jendaurrean aditzera emateko garaian, goiko aldean gizonezkoen taldeen emaitzak erakutsi ohi dira.

Ordutegiak: gizonezkoen eta emakumezkoen taldeak badaude, adi ibili beharko dugu ordutegirik onenean beti gizonezkoen taldeek joka ez dezaten, hau da, ordutegi horietan gizonezkoek nahiz emakumezkoek joka dezaten, txandaka.

Materiala: gauzak aldatzen ari dira, baina, orain dela denbora ez askora arte, gizonezkoei banatzen zitzaien materiala, eta haiek erabiltzen ez zutena gelditzen zen emakumezkoentzat.

Arropa: orain badugu emakumezkoentzako arropa, emakumezkoen gorputzari egokitua, baina, duela ez asko, gizonezkoen tankerako jantziak erabili behar izaten genituen, ez gure gorputzari egokituak, edo gizonezkoei sobera gelditzen zitzaizkienak.

Ordainsariak: maila berean arituta ere, gizonezko eta emakumezko kirolarien ordainsariak ez dira berdinak. Norbaitek esan dezake batzuek eta besteek dakarten etekin ekonomikoa ere ez dela berdina. Ados. Baina zergatik gertatzen da hori? Hedabideek ez dietelako oihartzun bera ematen. Eta, horrela, nekez erakarriko dute babeslerik. Gurpil zoroa da. Lan bera, ordainsari bera, ez? Ala gutxiago entrenatzen dugu emakumezkoek? Ez. Ez zaio oihartzunari soilik erreparatu behar. Gauza bera gertatzen da sariekin. Adibidez, ATPren

tenis lehiaketetan, ez diete sari berdina ematen gizonezkoei eta emakumezkoei.

Txapelketen diseinua. Gizonezkoen kirolari begira diseinatzen dira. Gertatu izan da, adibidez, eskalatzeko txapelketa batzuetan heldulekuak ez etortzea emakumeen neurri antropometrikoekin bat. Eta zergatik egin behar dugu luzera bereko lasterketa? Gauza bera gertatzen da materialen egokitzapenarekin. Ez da hainbeste denbora eskubaloiko baloia emakumeen arabera egokitu zela, edo saskien altuera, etab.

Zer egin daiteke berdintasuna lortzeko?

Diskriminazio positiboa behar da. Emakumezkoen kirola nabarmendu behar dugu, ikusarazi; izan ere, ikusten ez dena ez da existitzen. Haurrek emakumeak kirolean ikus ditzaten lortu behar dugu, haurrentzat emakumeak ere erreferente izatea.

Kirol ekitaldiak sustatzea, ez soilik lehiaren ikuspegitik, baizik eta baita parte-hartzearen ikuspegitik ere.

Eskola kirola:

Eskola kirolaren xede nagusietako bat heztea da. Balio positiboak transmititzeko bitartekoa izatea, hala nola, berdintasuna transmi–titzeko. Eskola kirola gizabanakoaren osoko hezkuntzaren osagaia da. Horregatik, oinarrizko hainbat alderdi aintzat hartu behar ditu:

Profesionalizaziora jo behar dugu. Eskola kirola kontuan hartu behar dute ikastetxeen hezkuntza plangintzek. Eta dagokion garrantzia aitortu behar zaio. Eskola kirolaren bidez balio jakin batzuk landu behar dira. Ikastetxe bakoitzak arduradun bat behar du, kirol arloko titulu baten jabe dena, prestakuntza maila jakin bat duena; eta ikastetxeko zuzendaritza taldeko kide izan beharko luke arduradun horrek.

Taldeen arduradunek hezitzaile gisa duten erantzukizunaz jabetu beharko lukete; haien jarrera garrantzi handikoa da, haurrek haien ispiluan begiratuko baitute beren burua.

Gurasoak: kirol jardueran parte hartzeak eskatzen duen ahalegina gorestea, garaipena erlatibizatzea. Kirol jarduera bat ikustera joaten garenean, ikusle eredugarriak izan behar dugu, gurasoak eredu baikara geure seme-alabentzat.

HITZALDIARuth Cayero, EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko irakaslea

‘Berdintasuna eta kirola: nola landu berdintasuna, oinarriko kirolean’

Page 4: Emakumea eta Kirola.pdf

Emakumea eta kirola II. Mintegia • 2012

4

Basque Teamek egindako “Emeki-emeki, citius, altius, fortius” bideoa aurkeztu zen: bideo horretan, goi mailan diharduten lau emakume kirolari agertzen dira –Maider Unda, Jone Otaño, Tania Calvo eta Naiara Gómez–, emakume izateak beraien ibilbidean sortu dizkien trabei buruz hiketan, eta, batez ere, etorkizunera begira dituzten kezkei buruz hizketan. Bideo emanaldiaren ondoren, lantaldeetan eztabaidatzeko zenbait gai proposatu ziren. Hala nola, amatasuna eta goi mailako kirola, bi arlo horien arteko uztarketa, eta emakumeek kirol ibilbidea utzi eta biharamunerako dituzten aurreikuspenak. Eztabaidetatik honako ondorio hauek atera zituzten parte-hartzaileek, besteak beste:

Amatasuna: bateragarri jotzen da goi mailako kirolaria izanik ama izatea, baina nabarmendu zuten kirol motaren arabera asko aldatzen dela egoera, kirol arloko politiken eraginez, besteak beste. Parte-hartzaileei beharrezkoa iruditzen zaie erraztaile edo bideratzaileak izatea, Estatu Batuetan bezala, adibidez; han, kirol batzuetan, kirolariak beren jardunean ari diren bitartean haien seme-alabak zaintzeko pertsonak izaten dituzte. Azpimarratzekoa da taldeko kiroletan antolatzeko zailtasuna eta emakumeek amatasunaren aldeko apustua eginez gero taldean duten tokia galtzeko duten beldurra.

Trantsizio garaian gaude. Garai batean, goi mailako kirolarientzat kirol ibilbidearen amaiera zen ama izatea, nahiz eta baziren emakume kementsu batzuk, ama izan nahi zutenak, ororen gainetik, eta beren kirol ibilbideari eustea lortzen zutenak, familiaren babes handiarekin bazen ere. Gaur egun, berriz, amatasunaren eta kirol jardueraren arteko uztarketa arautzeko premia agerian gelditzen ari da. Eusko Jaurlaritza hasia da bide horretan urratsak ematen, Basque Team bekekin. Nolanahi ere, kirola ezin arautu daiteke lan arrunt baten moduan, lan tresna kirolariaren beraren gorputza baita kasu honetan. Gainera, alde handiak daude kirol batetik bestera eta pertsona batetik bestera. Funtsezkoa da amatasuna planifikatzea, ez bikotekidearekin soilik, baizik eta klubarekin berarekin, taldeko kirolez ari bagara. Lehenik, jakina, lan kontratuak sortu beharko dira; izan ere, gaur egun oso gutxi dira emakumezko kirolariei lan kontratuak eskaintzen dizkieten klubak: Reala eta eskubaloiko kluben bat baino ez.

Edonola ere, amatasunaren ondoren kirol jarduerari berrekiteak ez du zertan izan arazoa, egiaztatuta baitago erditu ondoren ere aurretiko sasoi eta maila berera edo hobera irits daitekeela kirolaria.

Lan esparrua: kirolarientzako lan erregimen berezia sortu beharra dago, baita lan jarduera hori arautzeko lan hitzarmenak ere. BAT Team Fundazioa bidea egiten ari da arlo horretan, pixkanaka, baina hark eskaintzen duena beka bat besterik ez da. Gero, egunerokotasunari begira, klubetan zerbait beharko litzateke; izan ere, klub bateko kidea izanik zerbait kobratzen ari den kirolari bat haurdun geldituz gero, utzi egiten dio kobratzeari. Hori dela eta, lan hitzarmenak beharko lirateke, kotizatzen jarraitzeko.

Goi mailako kirolarien karreraren iraupena kirolaren araberakoa izaten da, baina horretan eragina dute beste hainbat faktorek ere, hala nola, kirol

jarduera ikasketekin bateratzeko aukerak, klubaren babesak edo familiaren babesak.

Kirol jarduera bertan behera uzten den garaiari begira, funtsezkoa da formazioa sustatzea. Baina kirolariak bakardadea sentitu ohi du bere karreraren amaieran, eta orientazioa beharko luke, kirola egiteari utzitakoan zer bide hartu aztertzeko. Goi mailako kirolari moduan garaipen ugari lortzea enpresek aintzat hartzeko moduko gaitasun eta trebetasun jakin batzuen erakusgarri da –ahaleginarekin, motibazioarekin, talde lanarekin loturiko gaitasunen erakusgarri–, baina prestakuntza egokirik gabe, nekez atera ahal izango zaio etekina esperientzia horri guztiari.

Kirol jantziak: kirolarientzako janzkera kirolariek beraiek aukeratu beharko lukete. Erakundeek edo federazioek ez lukete ezarri behar janzkera, ez bodya saskibaloirako, ez galtzak boxeorako, ez bestelako arroparik teniserako, boleibolerako, eta abarretarako.

Hori guztia lortzeko, legeak aldatu beharko dira, baina ez da batere lan erraza izango, emakumeak agintearen goreneko mailetara iritsi ezean.

GOIZEKO LANTALDEAK

Amatasuna eta goi mailako kirola, bi arlo horien arteko uztarketa, eta emakumeek

kirol ibilbidea utzi eta biharamunerako dituzten

aurreikuspenak...

Page 5: Emakumea eta Kirola.pdf

2012 • Emakumea eta kirola II. Mintegia

5

Nola hasi zinen piraguismoan?

Jendea beste edozein kiroletan hasi ohi den bezalaxe: ikastaro bat egin nuen, gustatu egin zitzaidan, eta aurrera.

Eta nola iritsi zen zaletasun hura gaur egun den honetara?

Entrenatzen hasi nintzen, helburu jakinik finkatu gabe, gustukoa nuelako. Eta, pixkanaka, gora egin dut, klub batetik bestera; gero Getxon hasi nintzen, gaur egun nagoen tokian, eta aurrez Plentzia, Barrika eta Zumaian ibilia naiz.

Piraguismoa duzu jarduera bakarra?

Ez, inoiz ez naiz aritu horretan bakarrik. Beti aritu izan naiz ikasten eta entrenatzen, aldi berean, eta, ikasketak amaitu nituenetik, lana eta piraguismoa uztartu behar izan ditut.

Zenbat denbora eskaintzen diozu zure kirolari?

Aldatu egiten da, denboraldian zer sasoitan gauden. Baina, oro har, egunean lau ordu bai, uretako entrenamenduetan, gimnasioan eta korrika.

Zer helburu dituzu, aurrera begira?

Urte hau berezia izango da, maiatzaren amaieran ama izango bainaiz bigarrenez. Ikusiko dugu nola antolatzen naizen entrenatzeko; lehen haurdunaldian, inolako arazorik gabe jarraitu ahal izan nuen entrenatzen, eta horrela errazagoa da erditu ondoren berriro sasoian jartzea.

Nola bateratu zenituen zure kirol bizitza eta lehen haurdunaldia, eta, ondoren, amatasuna?

Oso egoera berezia izan zen, urte hartan Tarragonan ari bainintzen lanean. Gauzak nola egin ez jakitea oztopo latza izaten da, askotan.

Gogoratzen naiz emaginarenera joan, eta esan zidala lehenengo hiru hilabeteetan ez egiteko ia ezertxo ere. Urte hartan, ez nuen entrenamendu saiorik egin. Erditu eta handik bi hilabetera, bizikletan ibiltzen hasi nintzen. Gero, entrenatzeari ekin nion, alabak uzten zidan heinean, eta senarraren, gurasoen eta aitaginarreba-amaginarreben laguntzarekin. Urte hartan, ez nuen lanik egin.

Sasoian jarri zinen?

Bai, horixe! Hurrengo urtea izan nuen nire kirol ibilbideko onenetakoa. Brontzezko domina lortu nuen munduko txapelketan.

Emakumea izateagatik diskriminaziorik sumatu duzu kirol arloan?

Hedabideak kirolak ezagutzera emateko bitarteko bikaina dira, baina ez dute ia ezeren berri ematen. Askotan, kirol txikia izateak berak dakar diskriminazioa. Lehenengo, kirola ezagutarazi beharra dago, eta, ondoren, kirolari bakoitzaren ahalegina eta emaitzak. Zeinek bere maila ematen du, eta munduko onena ez izateak ez du esan nahi aitortzarik merezi ez duzunik. Dena dela, ez nuke esango diskriminazioa dagoenik ere.

ELKARRIZKETANaiara Gómez, Piraguista

“Ama izan ondorengo urtea izan nuen kirol arloko urterik onenetakoa”

Naiara Gómezek brontzezko domina lortu zuen, iaz, Singapurren egindako piraguismoko

munduko txapelketan, K-2 modalitatean. Garaipen bereziki adierazgarria izan zen,

kontuan hartuta lehen aldiz ama izan eta hurrengo urtean lortu zuela.

Page 6: Emakumea eta Kirola.pdf

Emakumea eta kirola II. Mintegia • 2012

6

Zergatik hasi zinen futbolean?

Neska-mutil asko eta asko hasten diren bezala: nebak eta ahizpak ere jokatzen zuten, eta, azkenean, futbolerako grina kutsatu zidaten.

Zer ibilbide egin duzu, nagusiki gizonezkoena den kirol honetan?

Futbola gozamena izan da niretzat beti; azken batean, gustukoa nuen, eta mutilekin jolasean ematen nuen eguna. Nolanahi ere, ingurukoena beste kontu bat zen, arraroa banintz bezala begiratzen baitzidaten.

Gaur egun, Athleticen ari zara, baina ez zen erraza izango horra iristea.

Ez da izan erraza, ezta zaila ere. Jokatzen hasi nintzenean, ez neukan mutilek noizbait Athleticera iristeko izan dezaketen neurriko ilusiorik, ez baitzegoen emakumezkoen talderik. Banekien futbola gozamena izango zela niretzat, eta Athletic sortu izana sari handi baten modura hartu nuen. Taldeari esker, garai batean pentsaezinak ziren erraztasun batzuk ditugu orain; baina, garai hartan ere, genuen apurrarekin moldatzen ginen, eta horixe da emakumezkoen futbolaren errealitatea. Athleticen egotea pribilegio itzela da, baina lurrean izan behar ditugu oinak: ez dugu ahaztu behar halako erraztasunak lortzea ez dela posible beste toki batzuetan, eta ahalik eta etekin handiena atera behar diogu.

Zure ustez, merezitako nabarmentasuna eman zaie zuen lorpenei?

Ezetz iruditzen zait. Ez dut konparaziorik egingo mutilekin, baina ez zait iruditzen. Gauza handiak lortu ditugu, eta ospatu dira, baina nik uste dut ez dutela izan behar adinako oihartzunik hedabideetan; ez dakit emakumezkoak edo gutxiengoa garelako ote zen. Batzuei jaramon gehiegi egiteko joera dugu, adibidez, gizonezkoen futbolean, izugarria da; eta beste kirol batzuetan, ez dugu arreta bera jasotzen, nahiz eta ahalegin bera egin, eta, kirol batzuetan, ahalegin are handiagoa eginda ere.

Baina jendeak, zaleek, ongi erantzun izan dute, eta kalera atera dira garaipenak ospatzera.

Bai, jendeak erantzuten du, baina zaila da babes horri eustea. Azkenean, ikusi besterik ez dago hamabostean behin Lezamara joaten den jendea, eta ez da jende gutxi, hala ere, partidaz partida ikusle gehien erakartzen dugun taldea garela kontuan hartuta; baina iruditzen zait jende gehiago mugitu beharko lukeela.

Goi mailako jokalariak izanik, futboletik atera dezakezue bizibidea?

Ez, inor ez da horretatik bizi. Laguntza bat da, baina ez bizibidea ateratzeko nahikoa. Alderdi ekonomikotik, ez du gizonezkoen futbolarekin batere antzik, beraz. Ez dago gizonezkoen egoera emakumezkoenarekin alderatzerik, baina ezta gainerako kiroletan ere, oro har.

Uztargarriak dira familia eta kirola?

Zaila da. Ama izan nahi baduzu, barneratu behar duzu urtebetez gelditu, eta kirol jarduera bertan behera utzi beharko duzula. Familian eta gizarte harremanetan eragiten du, egunero entrenatu beharra dagoelako, lana egin behar duzulako eta hamabostean behin kanpora atera beharra daukazulako; oso zaila da, hortaz.

Ahalegin handia eskatzen duen arren, futbolean aritzeko gomendatuko zenieke neskei?

Futbolean aritzea gomendatuko nieke, gozamenagatik. Edozein kirol egitea gomendatuko nuke, futbola edo beste edozein; azken batean, hezibide bat delako eta pertsona gisa aberastu egiten zaituelako.

Zer helburu dituzu denboraldi honetarako?

Taldeari dagokionez, gorenera iristea da gure helburua, beti bezala. Bikain hasi gara, eta saiatuko gara bolada onari eusten. Niri dagokidanez, ea belauneko lesiotik osatzen naizen, eta, aurreko maila hartuta, berriro taldean tokia izatea lortzen dudan.

ELKARRIZKETAAitziber Juaristi, Futbolaria

“Hedabideek ez diete merezitako nabarmentasunik eman

gure garaipenei”

Aitziber Juaristi ‘Tzibi’ (1976) Athleticeko emakumezkoen taldeko kideetako bat da. 250 partidatik gora jokatu ditu, eta Ligako lau txapelketa irabazi ditu talde zuri-gorriarekin. Bilboko taldeko futbolari izateak ematen duen “pribilegioa” baliatuta, hedabideek bere taldearen lorpenei arreta handiagoa eman diezaioten aldarrikatu du.

Page 7: Emakumea eta Kirola.pdf

2012 • Emakumea eta kirola II. Mintegia

7

Noiz eta zergatik erabaki zenuen kick boxinga egiten hastea?

Orain hamar bat urte hasi nintzen. Betidanik egin izan dut kirolen bat, nagusiki atletismoa eta fitnessa. Baina kontaktu kirolak ere oso gustukoak ditut; baliteke familiatik jaso izana zaletasuna, osaba boxeolaria izan bainuen eta aitak ere oso gustukoa baitzuen kirol hori. Behin, kick boxinga probatu nuen, gustatu egin zitzaidan, eta halaxe hasi nintzen entrenatzen. Handik bost hilabetera borroka batean parte hartzeko aukera eman zidaten, eta, ringera igo nintzenean, liluratuta gelditu nintzen. Eta horrelaxe igaro ditut azken hamar urte hauek.

Nola moldatzen da emakume bat, nagusiki gizonek egiten duten kirol batean?

Zorionez, erraztasun asko topatu ditut. Gimnasioan izugarrizko laguntza eman didate, eta, borrokara edonora joan naizela ere, jendea ezin hobeto portatu da nirekin. Gero eta neska gehiago ari dira kick boxingean saiatzen, eta askok ekiten diote entrenatzeari, nahiz eta gero borrokari ez heldu, gogorra delako, batzuetan kolpe latzak jasotzen dituzulako; baliteke neska guztiak ez egotea horretarako prestatuta eta hori izatea ringera igotzeko oztopoa.

Arazorik izan duzu kick boxingaren esparruan, emakume izateagatik?

Nik, ez. Arazo nagusia da sustatzaileek oraindik ez dutela garrantzizko gaualdietan emakumeen arteko borrokak antolatzeko adina konfiantzarik emakumeongan. Ezjakintasunagatik, eta aurreiritziengatik. Askotan, pentsatu ohi dute bi emakumeren arteko borroka batean elkarri iletik tiraka hasiko direla lehiakideak. Aldiz, nire ustez, kick boxingean, politagoak dira emakumezkoen arteko borrokak gizonezkoen artekoak baino, oso teknikoak direlako, oso garbiak, eta oso kirolari onak izaten garelako eta joko garbia atsegin dugulako.

Zaila al da kirola eta familia uztartzea?

Niri dagokidanez, zorionez, ez; nire bikotekideak nirekin batera egiten ditu entrenamendu saioak, eta, borrokak prestatzeko garaian-eta, asko laguntzen dit, bai entrenamenduetan, baita prestakuntza psikologikoan ere. Gizarte harremanetan, hor bai sumatzen dela zailtasuna; azkenean, alde batera uzten duzu gizarte bizitza, kirolari lehentasuna emateko.

Zer asmo duzu, amatasunari dagokionez?

Denboran gero eta gehiago atzeratzen duzun erabakia da. Denboraldi baten amaieran, garaia iritsi dela pentsatzen duzu; baina, gero, esaten duzu: “tira, beste urtebete itxarongo dut”.

Zer helburu dituzu, kirol esparruan?

Ongi prestatu nahi dut datorren urteko Espainiako txapelketarako, balitekeelako nire azken urtea izatea. Beti eskuratu izan dut zilarra, eta badut urrea lortzeko irrika, nire kirol ibilbidea urrezko domina eskuratuz amaitzekoa. Lehian arituko naizen azken txapelketa izango da, nahiz eta, etorkizunean ere, kirol honi loturik jarraituko dudan, epaile modura, ringaren gainean.

Neskei kick boxinga egiteko gomendatuko zenieke?

Bai; eta ni baino goizago hasteko ere bai, 26 urterekin ekin bainion nik. Kirol honetan, norberak hala erabaki ezean, ez du zertan egon kontakturik; alegia, aukera duzu entrenatzeko eta borrokarik ez egiteko. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, ringera igotzeko grina sortu ohi da. Eta lagungarria da, gainera; izan ere, kolpe bat jasoz gero, buruari eragiten diozu, hurrengoan halako kolpe bat nola saihestu lantzeko. Dena dela, haurrez ari garela, litekeena da eskolan-edo elkarrekin borrokan hasiko ote diren beldurra sortzea helduei; baina kick boxingak diziplina handia eskatzen du, eta oso arau zorrotzak ditu.

ELKARRIZKETAAna Isabel Sordo, kick boxinga “Sustatzaileek ez dute garrantzizko gaualdietan

saioak antolatzeko adinako konfiantzarik

emakumeongan”

Ana Isabel Sordo orain hamar urte igo zen ringera lehen aldiz, eta esperientzia haren

ondoren buru-belarri lotu zitzaion kick boxingari; gizonezkoek egin ohi duten kirola da, eta

borrokako edo boxeoko teknikak eta borroka arte batzuetakoak (hala nola, karatearenak eta thailandiar boxeoarenak) uztartzen ditu.

Page 8: Emakumea eta Kirola.pdf

Emakumea eta kirola II. Mintegia • 2012

8

Nola hasi zinen triatloian?

Oso modu naturalean; askotariko kiroletan saiatu izan naiz, eta atletismoa eta igeriketa nituen gustukoenak, eta, gero, lasterketetarako bizikleta oparitu zidaten, nota onak atera izanagatik. Gainera, aita triatloia egin zuen Estatuko lehen kirolaria izan zen, eta Hawaiira lehiaketan parte hartzera joan zen lehena. Hamabost urterekin hasi nintzen triatloia lantzen, Europako txapelketetara eta mundukoetara joaten; ongi moldatzen naiz, ongi ibiltzen naiz trantsizioetan, eta, primeran pasatzeaz gainera emaitzak lortzen hasi nintzelarik, buru-belarri kirol honi heltzea erabaki nuen.

Zer-nolako sakrifizioak egin behar izan dituzu orain zauden tokira iristeko?

Azkenean, denok egiten ditugu sakrifizioak, baina, bere garaian, gauza naturala izan zen nirea: ez nintzen parranda zalea, 15 urterekin goiz oheratzen nintzen eta 8:00etan jaikitzen nintzen entrenatzera; inoiz ez naiz izan gau-txoria, eguna dut nik gustukoa. Kirolak, lanak, familiak eta lagunek denbora eskatzen dute, eta ohartzen naiz nik triatloiari eskaintzen diodala denbora gehien. Egia da lagunen bat galdu dudala, gizarte bizitza sakrifikatu behar izan dudala eta bertan behera nituela ikasketak.

Emakumeekiko tratu desberdintasunik aurkitu duzu, triatloiaren esparruan?

Ez, triatloia 1978an sortu zelako: oso kirol gaztea da, eta ez da gertatzen emakumezkoen futbolarekin edo txirrindularitzarekin bezala, ez dituelako askoz ere sustrai sakonagoak gizonezkoen artean. Gure kasuan, elkarren alboan hazi dira gizonezkoen modalitatea eta emakumezkoena, eta lehiako distantzia berak ditugu, sari berak.

Diskriminaziorik sumatu duzu, emakumea zarelako?

Ez. Euskadin, jende jantzia gara kirol arloan, zorionez; eta, gainera, emaitzek asko lagundu didate. Egia da gogotik saiatu naizela, baina beste asko ere saiatzen dira, eta ez dute lortzen nik adinako aitortzarik. Niri dagokidanez, ez dut sumatu inolako diskriminaziorik, baina egia da beti egiten zaiela apur bat jaramon gehiago gizonezkoei.

Zure lorpenak gorabehera, kostatu egiten zaizu babesleak topatzea?

Paradoxa da, baina gaur egun, krisi garaia izanik ere, inoiz baino babesle gehiago lortzen ari naiz. Hasierako urteak, ordea, 90eko

hamarkadaren hasierakoak, latzak izan ziren. Inork ez zuen apustu egin nahi triatloirako irrika zuen neska gazte baten alde. Orain, kirol lorpenen bermea izanik, ezaguna naiz; baina hogeitaka urte daramatzat honetan, 37 urte ditut, eta beste gauza batzuk darabiltzat gaur egun gogoan. Eta pena handia ematen dit, lan handia egin behar izan dudalako hona iristeko, eta oso une gozoa bizi dudalako, bai emaitzei dagokienez, baita ospeari dagokionez ere. Ezer ez da betiko, ordea.

Zure ustez, amatasuna bateragarria da zure kirolarekin?

Arazoa da gutxienez urtebeteko etena egin behar duzula; zaila da. Zertaz bizi behar duzu bitarte horretan? Gazterik izan nahi nuen ama, baina amore eman nuen, eta, orain, 37 urte ditut. Zaila ikusten dut.

Triatloian, proba nagusietako bat ‘Ironman’ da. Ez al dago ‘ironwoman’ probarik?

‘Ironman’ marka erregistratua da, eta gizonezkoek nahiz emakumezkoek jokatzen dugu, berdin-berdin: 3,8 kilometro igerian, 180 bizikletan eta 42.195 metro oinez. Baina, azkenean, egia da alderdi maskulinoa alderdi femeninoari gailentzen zaiola erakusten duela, nolabait.

Zuretzat zer izan zen Aste Nagusiko pregoilari izatea?

Bederatzi egun bizi-bizi izan ziren. Ezin hobeto pasatu nuen. Pribilegio handia da nigan pentsatu izana, eta horregatik eskerrak eman besterik ez nuen egin nahi, toki guztietan egonez: horixe izan zen eskerrak emateko nire modua.

ELKARRIZKETAVirginia Berasategi, Triatleta

Europako triatloi txapelketetan (2003, 2009 eta 2010) nahiz mundukoetan (2003) lortutako garaipenak dira Virginia Berasategiren lorpen esanguratsuenak, eta bera izan da, halaber, Hawaiiko Ironman probako podiora igo den lehen emakume espainiarra (brontzea, 2009an), orain arteko bakarra. Igeriketari, bizikletari edo lasterketari eskaintzen die denbora gehien iaz Bilboko Aste Nagusiko pregoilari izandako kirolari honek.

“Beti egiten zaie apur bat jaramon gehiago gizonezkoen kirolei”

Page 9: Emakumea eta Kirola.pdf

2012 • Emakumea eta kirola II. Mintegia

9

Ahuleziak eta indarguneak: gizonek baino indargune gehiago ditugu: gogorragoak gara, eta indar guztiz aurre egiten diogu gainera datorkigun edozer gauzari. Orotariko arazoei aurre egiten ohituta gaude, eta hobeto erabiltzen ditugu eskuragarri ditugun baliabideak. Pragmatikoagoak gara. Askotan, gure lanak oihartzuna izan dezan, askoz ere emaitza hobeak lortu behar izaten ditugu gizonezkoek baino. Gainera, pistan gertatzen zaiguna etxera eramaten dugu, eta buruari bueltaka aritzen gara etengabe. Ahuleziei dagokienez, gizarteak eragindako ahuleziak dira emakumeonak, psikologikoak baino gehiago; inguruneak ezartzen dizkigunak.

Bizitza pertsonala eta kirol bizitza: ingurunearen babesa funtsezkoa da, eta, askotan, ez zaigu aitortzen gure ahalegina, inguruneak ez digu laguntzen, edo gizonezkoei baino gutxiago laguntzen digu, behintzat. Oro har, gure inguruneari askotan ulertezin zaizkion helburu batzuen alde borroka eta lan egiten dugu, eta horrek eragin nabarmena du gure gogo aldartean. Ez dugu gizonezkoek adinako diru laguntzarik jasotzen. Familiaren laguntza izanez gero, bestalde, ahalegina askoz ere errazagoa gertatzen da.

Aldatu beharrekoak: askotan, ez dugu izaten emakumezko erreferenterik gure burua haiengan islatuta ikusteko. Pentsamoldea aldatu beharko litzateke. Olinpiar Jokoetan, emakumeek askoz ere emaitza hobeak izan dituzte gizonek baino. Emaitza horiekin etsi ordez, hala ere, horiek hobetzen ahalegindu beharko genuke. Berdintasun legea betearazi behar zaie hedabideei. Mezenasgoa sustatu, eta emakumezkoen kirola babesteari zerga abantaila gehiago aitortu. Oinarrian ari diren begiraleen prestakuntza. Federazioen zuzendaritzen aldaketa, oro har gizonak, eta adintsuak, izaten baitira horien buru.

Prestakuntza akademikoa: Oinarriko kirolaren eta goi mailako kirolaren arteko tartean, askotariko kirol eta mailak daude. Askotan, mutil amateurrek zerbait kobratu ohi dute, eta, aldiz, oso neska gutxik jasotzen dute ezer. Emakumezko kirolariei buruzko sentiberatze lana egin behar da unibertsitate esparruan, kirol jarduera eta ikasketak uztartzea errazteari begira.

Interesa nola erakarri: emakumezko kirolarekin konpromisoa izango duen erakunde baten premia dugu, denak batera eta ildo berean aritzeko, helburu komunen alde lanean. Funtsezkoa da gure burua aintzat hartzea. Kirol txikietan aritu arren, atzetik datozen nesken erreferente gara, eta, kiroletik bizi ez bagara ere, gure jarrera funtsezkoa izango da kirol horrek aurrera jarrai dezan.

Garrantzi handikoa da hedabideek denbora gehiago eskaintzea emakumezkoen kirolari; are gehiago, behartuta ere egon beharko lukete emakumezkoen kirolaren berri ematera, gutxienez, gure patriketatik ordaintzen ditugun hedabide publikoak. Zabalkundea areagotzeko, funtsezkoak dira gizarte sareak, streamingeko emanaldiak. Baina kontuz ibili behar dugu, hedabideek objektu modura erabil ez gaitzaten. Ildo horretatik, Realak, adibidez, puntu bat sartu du barne erregimeneko araudian, debekatu egiten duena jokalarien irudia erabiltzeko eskubidea ematea emakume kirolaria objektu sexual modura tratatzen duten publizitate kanpainei. Komunikatzaile trebeak eta adituak, emakumezkoek lantzen dituzten kirol txikiak ulertzen eta ezagutzen laguntzeko. Emakumezkoen kirola haurren kulturan txertatzea, txikitatik.

wORK-cOffEE Ondorioak, “work-coffee”

Arratsaldeko ‘work-coffee’ saioan eztabaida interesgarriak izan ziren, eta

parte-hartzaileek honako ondorio hauek atera zituzten eztabaidagaiei buruz: