Upload
others
View
9
Download
0
Embed Size (px)
Citation preview
3
IKASTETXEKO ELKARBIZITZA HOBETZEN: GATAZKEN
EBAZPENA
ESKOLA, HERRIKO JAIAK ETA PARTAIDETZA PAREKIDEA.
PROPOSAMEN DIDAKTIKOA
LEHEN HEZKUNTZA
4
Obra honen erreprodukzio modu, banaketa, komunikazio publiko edo aldaketa Egiteko, nahitaezkoa da jabeen baimena, legeak aurrez ikusitako salbuespenezko Kasuetan salbu. Obra honen zatiren bat fotokopiatu edo eskaneatu nahi baduzu, Jo, CEDROra (Centro Español de Derechos Reprográficos, www.conlicencia.com; 91 702 19 70 / 93 272 04 47).
Ikasmaterial honek Hezkuntza Sailaren onespena du (2019-09-16) ©Azalaren diseinua: Oihana Egaña ©Oihana Egaña, María Victoria Fernández, Marta Irazoqui eta Pedro María Torres Edición e impresión:
www.pasionporloslibros.es ISBN: 978-84-17546-79-3 L. G.: SS-995-2019
ISBN: 978-84-17546-79-3
5
IKASTETXEKO ELKARBIZITZA HOBETZEN: GATAZKEN
EBAZPENA
ESKOLA, HERRIKO JAIAK ETA PARTAIDETZA PAREKIDEA.
PROPOSAMEN DIDAKTIKOA
LEHEN HEZKUNTZA
Oihana Egaña Callejo
Maria Victoria Fernández Roldán
Marta Irazoqui Aguirre
Pedro María Torres Elizondo
6
Oihana Egaña Callejo
Irakaslea
María Victoria Fernández Roldán
Irakaslea
Marta Irazoqui Aguirre
Irakaslea
Pedro María Torres Elizondo
Irakaslea
7
AURKIBIDEA
1. SARRERA 9
2. EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO MARKO PEDAGOGIKOA:
HEZIBERRI 2020 15
2.1. OINARRIZKO ZEHAR-KONPETENTZIAK 19
3. BAKERAKO HEZKUNTZA ETA GIZA ESKUBIDEAK 45
3.1. BAKERAKO HEZKUNTZA 45
3.2. GIZA ESKUBIDEAK 51
4. PERTSONEN ARTEKO HARREMANAK, SOZIALIZAZIOA ETA
GENEROA. ELKARBIZITZA ETA GATAZKAK 57
4.1. PERTSONEN ARTEKO HARREMANAK. BERDINEN ARTEKO
HARREMANAK 57
5. EMAKUMEEN PARTAIDETZA FESTAN ETA TRADIZIOAN 67
5.1. HIRU FESTA, HIRU IRTENBIDE 73
6. PROPOSAMEN DIDAKTIKOA 79
6.1. HELBURUAK 80
6.2. EDUKIAK 80
6.3. OINARRIZKO ZEHAR-KONPETENTZIAK ETA DIZIPLINA
BARNEKO KONPETENTZIAK 81
6.4. CURRICULUMAREN EUSKAL DIMENTSIOA 82
6.5. ANIZTASUNARI ERANTZUNA 83
6.6. ORIENTAZIO METODOLOGIKOAK 84
6.7. EBALUAZIOA 87
7. JARDUEREN PROPOSAMENA LEHEN HEZKUNTZARAKO 105
7.1. BAKERAKO HEZKUNTZA LANTZEKO JARDUERAK 107
7.2. GIZA ESKUBIDEAK LANTZEKO JARDUERAK 139
7.3. GATAZKEN EBAZPENA LANTZEKO JARDUERAK 167
7.4. HEZKIDETZA LANTZEKO JARDUERAK 203
7.5. FESTEN ETA GENEROAREN ARTEKO HARREMANA
LANTZEKO JARDUERAK 233
8
8. BIBLIOGRAFIA 273
9. WEB ORRIAK 279
10. ERANSKINAK 281
1. ERANSKINA 283
2. ERANSKINA 291
3. ERANSKINA 293
4. ERANSKINA 295
9
1. SARRERA
XXI. mendeko hezkuntza-korronte eta -legeek badute, beste batzuen artean,
sinesmen argi bat: hiritar aktibo eta konprometituak izateko ikasleak prestatu behar
ditu eskolak. Hortik abiatuta, eta sozializazio-agente garrantzitsua den neurrian,
eskolak bere testuinguruan murgildu beharko du; eskola ingurura atera behar da eta
ingurua eskolan sartu, ikasketa ahalik eta esanguratsuena izan dadin. Horrela, herri
edo hiri bakoitzeko gertakizunek, pozak eta gatazkek eragin zuzena izango dute
ikastetxeetan.
Proposamen didaktiko honen egile garenon lan-eremuak Irun eta Hondarribia
hartzen ditu eta, ondorioz, oso gertuko bizipena dugu emakumeen partaidetzak bi
herrietako festetako alardeetan sortu duen gatazka, eta gatazka horrek eskoletan eta
eskola-komunitate osoan duen eragina.
Irun eta Hondarribiko eskoletan kezka dago alardearen gaiarekin edo, zehazki
esanda, alardeetan emakumeen partaidetzak sortzen duen gatazkarekin. Kezka,
gatazka eskoletan sartzen delako. Kezka, gaiaz hitz egiten ez delako edo, hobeto
esanda, ezin delako hitz egin. Kezka festaren inguruan sortzen diren eskolako,
jarduerek eskola-komunitatean izango duten eraginagatik. Kezka, familien artean
dauden iritziak kudeatzeko moduarengatik. Kezka, klaustrokideen artean sortzen den
tentsioagatik. Kezka, gai honek ikasleen artean sortzen dituen gatazkengatik… Kezka,
behin eta berriz. Eta tristura. Eta etsipena.
Emozioak pil-pilean jartzen dituen egoera da eta, tamalez, beldurra agerikoa da.
Gatazka gailendu zaio bizikidetzari. Eta beldur horrek pertsonak banatzen ditu:
“Honetaz hitz egiten badugu, haserre bukatuko dugu”. Gizartean lez, eskoletan ere
kontraesanetan sartzen gara horrelako gatazken aurrean kokatzen garenean: inork ez
du zalantzan jartzen eskoletan elkarbizitza ezinbesteko eremua dela, baina
elkarbizitza-arazo serio bat dakarren gai honi heltzeko beldurra dago. Horren lekuko
gara.
10
Gatazka-egoera hau hainbat forotan plazaratua izan da eta plazaratzen da.
Hezkuntzaren munduari dagokionez, ikastetxeetako klaustroetan, irakasleen arteko
bileretan, familiekin egindako bileretan, ikasgeletan, udaletxeetan egiten diren
bileretan, Irungo Berritzeguneko Hezkidetza eta Elkarbizitza Mintegian, etab.
Hemen aurkezten den lana aurretik egindako saiakera xume batetik dator. 2016-2017
ikasturtean, Irungo Berritzeguneko hezkidetza-mintegian proposamen didaktiko
bana egin zen Lehen Hezkuntzarako eta Bigarren Hezkuntzarako mintegikideen
kezkatik abiatuta, eta aurrera eraman da geroztik hainbat ikastetxetan. Horrek,
ordea, askotariko iritziak sortu ditu bi herrietan, klaustroetan eta familien artean.
Aldeko eta kontrako jarrerak. Gatazka berriz ere.
Luzea da gure ibilbidea elkarbizitza eta genero-berdintasunean, bai modu
pertsonalean, bai eta profesionalean ere. Gatazka gizakiari atxikitako egoera balitz
bezala ulertzera eraman gaitu horrek. Are gehiago, gatazka aukera eta erronka balitz
bezala eta, batez ere, gatazka hezkuntza-elementua balitz bezala ikustera eraman
gaitu. Izan ere, jarrera kontrajarriak dituzten aldeen arteko egoera tirabiratsuak
erronka eta aukera gisa hartzea, batez ere hezkuntza-elementu bezala lantzea –
gatazkatik eta gatazken ebazpena ikastea– ikasketa aberatsaren eta bizikidetzaren
onurarako adierazgarri da.
Hori dela eta, gaiari modu sakonago batean heldu behar zaiola sinistuta gaude.
Proposamen didaktiko honen asmoa ez da, inolaz ere, ikerketa soziologikoa edo
antropologikoa egitea (horri adituek esaten dutenetik hurbilpen bat baino ez zaio
egingo); asmoa da gaia lantzea elkarbizitza positiboaren ikuspegitik eta genero-
berdintasunaren ikuspegitik. Gaia ikasgelan lantzeko proposamen bat egitea, alde
batetik, eta, bestetik, tresnak ematea ikastetxeei horrelako egoera bati aurre egiteko.
Helburua xumea da, beraz: edozein gatazkaren aurrean, bai eta festetan sortzen diren
gatazken aurrean ere, hitz egitearekin batera, guztion iritziekiko errespetua sustatzea.
Kasu honetan, genero-berdintasunaren ikuspegia funtsezkoa da. Ez baita aukera bat,
eskubide bat baizik.
Proposamena ez da Irungo eta Hondarribiko alardeen gatazkara mugatuko, ordea.
Azkenaldian entzute gehien izan duen gatazka izan da hori, baina hamaika festatan
topatu daitezke emakumeen partaidetza gatazkatsuaren adibideak. Izan ere,
emakumeek festetan berdintasunean parte hartu nahi izateak emakumeen eta
11
gizonen arteko aukera- eta botere-desberdintasunari eragiten dio zuzenean. Festak
eduki sinbolikoa duen gizarte- eta kultura-adierazpen bat izanik, gizartearen
errealitatearen isla dira, eta genero-berdintasunari dagokionez oraindik ere
erresistentzia eta desorekak jasotzen dituzte.
Hori horrela, proposamen didaktikoa anitza izango da, hainbat herritako eta hiritako
egoera zehatzak zein orokorrak jasoko dituena.
Aipatu behar da, gainera, urrutiko herrialdeetako zein gure herriko gatazka benetan
gogorrak eskoletara eraman izan direla. Azken urteotan martxan jarri da Euskal
Autonomia Erkidegoan indarkeria mota askotako biktimak eskoletan sartzeko
esperientzia, eta inplikatutako agenteen ebaluazioa oso positiboa izan da. Egileok ere
garatu ditugu esperientzia horiek, eta aberasgarria izan da ezbairik gabe.
Esan daiteke, gainera, Hezkuntza Sistemak eta, ondorioz, hezkuntzako profesionalek
gaia lantzeko betebeharra dutela erreparatzen bazaie mundu mailan, Europan eta
Euskal Autonomia Erkidegoan emandako jarraibideei: Bakerako Hezkuntza
(ikastetxe barruko kontuetan barne-partaidetza sustatzeaz gain, eskolak lan egin
behar du kokatuta dagoen komunitatean integratzeko eta auzoan zein herrian
gertatzen diren gaietan parte hartzeko), Giza Eskubideetarako Hezkuntza (lotura
ikastetxeko eta inguruko bizitza errealarekin), Delors Txostena... eta, hurbilago eta
zehatzago, Heziberri 2020. Irteera-profilaz aritzen da azken hori; oinarrizko zehar-
konpetentzien garapenaz hezkuntza-xedeak lortzeko eta bizitzaren arloetan eta
egoeretan moldatzen jakiteko.
Proposamen didaktiko honek betebehar horri ere erantzuten dio, oinarrizko zehar-
konpetentzia guztiak lantzen baitira.
Hurrengo ataletan modu zabalagoan aztertuko dira aipatu berri diren eta
hezkuntzaren oinarri teorikoa osatzen duten horiek baina, ezer baino lehen, “aterki”
gisa ezinbestekoa da UNESCO etxeak proposatutako, Jacques Delors-ek zuzendutako
eta adituen nazioarteko batzorde batek egindako lanari tartetxo bat egitea.
Hezkuntza: altxor ezkutua txostenak XXI. mendera egokitutako oinarrizko
jarraibideak ematen ditu. Batzordeak dio guztiz sinetsita dagoela hezkuntza
ezinbesteko tresna dela gizadiak aurrera egin dezan bakearen, askatasunaren
eta gizarte-justiziaren bidean. Etorkizuneko erronka ugarien aurrean,
12
Batzordearen ustez, hezkuntzak funtsezko eginkizuna betetzen du pertsonen eta
gizarteen etengabeko garapenean eta, horretaz gain, hezkuntza-politikaren
ezagutzak, gaitasun teknikoa... etengabe aberasteko prozesu bat direla, bai eta, nola
pertsonaren hala gizabanakoen, taldeen eta nazioen arteko harremanen egituratze
pribilegiatu bat ere. Hezkuntza lau zutabetan oinarritzea proposatzen du: ezagutzen
ikastea, egiten ikastea, elkarrekin bizitzen ikastea eta izaten ikastea.
“Mundu osoan hezkuntzak helburu berbera du: norbanakoen
artean gizarte-loturak jostea, eta, horretan, denek konpartitutako
erreferentziak hartzea oinarri. Horretarako erabilitako
baliabideak ere aldatu egiten dira, noski, kulturen eta
inguruabarren arabera; baina, edonola ere, hezkuntzaren xede
nagusia bera da beti: gizakia gizartearen baitan erabat garatzea,
alegia. Alde horretatik, kultura eta balioak transmititzeko bidetzat
definitzen da, gizarteratze‐espazioak eraikitzeko bidetzat, denona
izango den proiektu bati ekiteko arragoatzat”.
13
Iturria: Hezkuntza altxor ezkutua. UNESCO
Ezagutzen ikastea. Pertsona bakoitzak inguratzen gaituen mundua ulertzen ikasi
behar du, duintasunez bizitzeko, bere gaitasunak garatzeko eta besteekin
komunikatzeko. Ulertzeko, ezagutzeko eta jabetzeko plazera da ezagutzen ikastea.
Nork bere inguruneko askotariko eremuak hobeto ulertzeak mesede egiten dio
oinarrizko jakin-min intelektuala pizteari. Ezagutzen ikastearen aurreko pausoa da
ikasten ikastea; arreta, memoria eta pentsamendua trebatzea, hain zuzen ere.
Haurtzarotik, gazteek ikasi behar dute beren arreta eskaintzen gauzei eta pertsonei,
haien bizitzan zehar askotan izango baita baliagarri.
Egiten ikastea. Ezagutzen ikastea eta Egiten ikastea banaezinak dira neurri handi
batean. Egiten ikastea ezinbestekoa da ez bakarrik gaitasun profesional bat lortzeko,
baizik eta pertsona bakoitzak elkarreragin askori aurre egiteko eta taldean
lan egiten ikasteko. Egiten ikastea behar da, batez ere gazteei eskaintzen
zaizkien lan-esperientzien eremuan edo esperientzia sozialen eremuan, bai
14
modu espontaneoan bai modu formalago baten bitartez gertatuko den egoera soziala
aprobetxatuz.
Elkarrekin bizitzen ikastea. Ondokoa ulertuta eta interdependentzia modu anitzak
garatuta –proiektu komunak eginez eta gatazkak ebazteko prestatuz– lortzen da,
aniztasuna, elkarrekiko ulermena eta bake-balioen errespetutik abiatuta. Hezkuntzak
egiteko bikoitza dauka: giza espeziearen aniztasuna erakustea eta gizaki guztien
artean dauden berdintasun eta interdependentziak ikusten laguntzea.
Izaten ikastea. Nork bere izaera ateratzen uzteko eta autonomiaz, burubidez eta
arduraz jokatzeko. Hezkuntzaren funtzio nagusia da gizaki guztiak hornitzea
pentsatzeko askatasunez, burubidez, sentimenduz eta imajinazioz, haien talentua
gorenera irits dadin eta, modu horretan, beren etorkizunaren egile izan daitezen.
Garapenaren helburua da gizakia aberastasunean, adierazpenean eta
konpromisoetan garatzea; norbanako, familiako eta talde bateko kide, herritar eta
ekoizle, tekniken asmatzaile eta ametsen sortzaile izatea.
15
2. EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO MARKO PEDAGOGIKOA: HEZIBERRI 2020
Mamiari heldu baino lehen, funtsezkoa da aipatzea Oinarrizko Hezkuntzako ikasleen
irteera-profila eratzen duten hezkuntza-xedeak eta oinarrizko konpetentziak
berdintsu formulatzen direla gure inguruko herrialdeetan. Era berean, curriculumeko
edukien zati handiena unibertsala da, eta eduki horiek Europako eta mundu zabaleko
gainontzeko herrialdeekin partekatzen ditugu. Testuinguruak badu, ordea,
berebiziko garrantzia; izan ere, haiek eskuratzeko eta garatzeko prozesua aldatu
egiten da ikasleen ingurune naturalaren eta soziokulturalaren arabera. Ikasleak
testuinguru jakin batean bizi dira, euren nortasuna eta bizimodua eraikitzen dute
testuinguru fisiko-natural eta soziokultural horretan gertatzen diren premia
indibidualekin eta sozialekin harremanetan, hizkuntzaren bidez1.
Hori horrela, Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen Heziberri 2020
Hezkuntza Eredu Pedagogikoaren Markoak adierazten du “Oinarrizko Hezkuntzan
zehar prestatu behar direla belaunaldi berriak helduarorako, oinarri sendoak
sustatuz bizitza osoan zehar ikas dezaten eta gai izan daitezen nork bere bizitza
zentzuz bideratzeko, nork bere destinoak hautatzeko, nork bere aukeren ardura
hartzeko eta gizartean integratzeko, modu aktibo, kritiko eta arduratsuan”.
Esaten du, halaber, hezkuntza‐xedeek pertsona guztien hezkuntza‐prozesu osoaren
norabidea erakutsi eta zentzua ematen diotela, eta honako hauek finkatzen ditu
Oinarrizko Hezkuntzaren xedetzat:
a) Kulturaren oinarrizko elementuak eskuratzeko prozeduretan alfabetatzea –
dimentsio guztiak modu orekatuan integratuz, euskaldunetik unibertsalera–,
eta jakintza horiek modu kontziente eta integratuan erabiltzea, bizitzaren maila
guztietako egoerak eta problemak konpontzeko eta hobekuntzak egiteko aukera
berriak emateko.
1EUSKO JAURLARITZA-GOBIERNO VASCO. HEZKUNTZA SAILA: Heziberri 2020. Marko Pedagogikoa, Vitoria-Gasteiz, 2016.
16
b) Pertsonaren garapen integrala, maila guztietan: garapen fisikoa, kognitiboa,
komunikatiboa, soziala, kulturala, morala, afektiboa nahiz emozionala,
estetikoa eta espirituala.
c) Ikaslea helduarorako prestatzea, bizikidetza harmonikoago bat lortzeko eta
gizarte justuago eta bidezkoago bat eraikitzeko konpromisoa duen gizabanako
gisa bete-betean bizitzeko gai izan dadin, gizarte anitz eta global bateko kide
aktibo gisa, eta naturaren kontserbazioarekin eta garapen jasangarriarekin
konprometitutako pertsona gisa.
d) Aurrerago ikasten jarraitzeko eta/edo lanean hasteko prestatzea, behar bezain
ongi.
e) Motibatzea eta prestatzea, bizi osoan zehar ikasten eta prestatzen jarraitzeko.
Aipatutako helburuak lortzeko, konpetentziak formulatzen dira. Heziberri 2020n
adierazten denez, ELGAren DeSeCo (2005) proposamenaren arabera, “ezagueren eta
trebetasunen gainetik daude konpetentziak. Eskaera konplexuei erantzuteko
abileziak dira konpetentziak, eta, horretan, zenbait baliabide psikosozial tarteko
hartzen ditu oinarri, testuinguru jakin batetik abiatuta, betiere”.
Heziberrin proposatzen diren oinarrizko konpetentzien funtsean bi erreferentzia
nagusi daude:
a) Aurreko atalean aipatutako Jacques Delors‐ek zuzendutako UNESCOrentzako
txostena (1996), non ezartzen den hezkuntzak lau zutabe edo oinarri dituela:
ezagutzen ikastea, egiten ikastea, elkarrekin bizitzen ikastea eta izaten ikastea.
b) Europako Erkidegoen Batzordeak aurkeztutako oinarrizko konpetentziei
buruzko gomendioa (2006), Espainiako eta Frantziako formulazioaren oinarri:
1. Ama‐hizkuntzan komunikatzea.
2. Atzerriko hizkuntzetan komunikatzea.
3. Matematikarako konpetentzia eta zientzia eta teknologiarako oinarrizko
konpetentziak garatzea.
4. Konpetentzia digitala garatzea.
5. Ikasten ikastea.
17
6. Pertsonarterako eta gizarterako konpetentziak garatzea.
7. Ekintzaile‐espiritua garatzea.
8. Kultur adierazpena garatzea.
Oinarri horietatik abiatuta iristen da, azkenik, gure erkidegorako proposatzen diren
bi konpetentzia-multzoetara:
Oinarrizko zehar‐konpetentziak edo konpetentzia orokorrak: halakoen bidez,
ganoraz konpon daitezke bizitzaren eremu eta egoera guztietako problemak
(pertsonalak, sozialak, akademikoak eta laboralak), bai diziplina‐arlo
guztiekin lotutako egoeretan, bai eguneroko bizitzako egoeretan. Zehar‐
konpetentziak arlo edo ikasgai guztietan lan eginez bultzatu eta sustatu behar
dira, eta bizitzaren esparru eta egoera guztietan integratuz eskuratzen eta
aplikatzen dira.
Diziplina baitako/diziplinarteko edo berariazko oinarrizko konpetentziak:
halakoen bidez, ganoraz konpon daitezke bizitzaren eremu eta egoeretako
problemak (pertsonalak, sozialak, akademikoak eta laboralak), diziplina‐arlo
jakin baten baliabide espezifikoak behar dituztenak. Diziplina baitako
konpetentzia horiek diziplina‐matrize bat dute oinarri, eta eremu batzuetako
egoeren/problemen bidez eskuratzen dira; baina transferitu ere egin daitezke,
eta multifuntzionalak dira, diziplina‐arlo batekin edo batzuekin lotutako
egoerak/problemak konpontzeko aplika daitezkeenez gero.
18
Iturria: 175/2007 DEKRETUA, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma ezartzekoa.
Denak dira oinarrizko konpetentziak, hots, bizitzarako beharrezkoak eta
ezinbestekoak, baina komeni da bereiztea eta erlazionatzea. Bereiztea komeni da,
oinarrizko zehar-konpetentziak, ondo ikastea eta ebaluatzea beharrezkoa da
integratu behar baitira diziplina baitako oinarrizko konpetentziak garatzen dituzten
arloen edukiak ikasteko prozesuan. Halaber, erlazionatzea ere komeni da, oinarrizko
zehar‐konpetentzien bitartekaritza beharrezkoa baita diziplina baitako oinarrizko
konpetentziak eskuratzeko.
19
2.1 OINARRIZKO ZEHAR-KONPETENTZIAK
Esku artean duzun proposamen didaktiko honek oinarrizko zehar-konpetentzietan
eragiten du modu zuzenean, elkarbizitzarako konpetentzia izanik ardatz nagusi.
Elkarrekin ondo bizitzeko, ezinbestekoa da pentsatzen eta ikasten jakitea,
komunikatzen jakitea, ekiten jakitea eta norbera izaten ikastea.
Oinarrizko Hezkuntzaren Curriculuma (236/2015eko Dekretuaren II. Eranskina
osatzen duen curriculum orientatzailea)k dioenez, oinarrizko zehar-konpetentzien
edo konpetentzia generikoen ekarpen edo balio handiena da erdigunera ekartzen
dituztela eta zentzua ematen dietela oinarrizko hezkuntzaren eta bizitza osorako
heziketaren ardatz eta funtsei.
Hauek dira oinarrizko zehar-konpetentziak:
Hitzezko eta hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako
konpetentzia.
Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia.
Elkarbizitzarako konpetentzia.
Ekimenerako eta espiritu ekintzailerako konpetentzia.
Norbera izaten ikasteko konpetentzia.
20
Iturria: 175/2007 DEKRETUA, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma ezartzekoa
Irudian ikus daitekeen moduan, oinarrizko zehar-konpetentzia bakoitzak berariazko
ezaugarriak ditu, baina oinarrizko zehar-konpetentzia guztiek elkarrekiko harremana
dute, eta batera erabili behar dira konpetentea izateko eta ideiak ekintzara
bihurtzeko. Oinarrizko curriculumak zehar-izaera ematen dio komunikatzeko
konpetentziari gainerako zehar-konpetentziekiko; izan ere, guztien berezko osagaia
da eta ikasteko prozesu osoan esku hartzen du, bai informazioa jasotzean, bai
ikasteko prozesuan egiten diren buru-eragiketetan, bai ikaste-prozesu horren
emaitzak azaltzean eta adieraztean. Hizkuntzaren sinbolo-sistema baliatzen da
ikasteko prozesu osoan.
Ondoren, zehar-konpetentzia bakoitzaren definizio, ezaugarri eta osagaiak zehaztuko
dira, Oinarrizko Hezkuntzako curriculumaren hitzak hartuz. Elkarbizitzarako
konpetentzian arreta berezia jarriko da, berau baita, esan bezala, egiten den
proposamen didaktikoaren ardatza. Horretaz gain, proposamen didaktikoak
oinarrizko zehar-konpetentzia bakoitzari egiten dion ekarpena ere zehaztuko da.