2

Click here to load reader

Panfleto 2013 07 15 (euskaraz)

Embed Size (px)

DESCRIPTION

FAGOR ELECTRODOMESTICOS: KOOPERATIBISMOARENTZAKO SOLIDARITATE ETA AZTERKETA GARAIA

Citation preview

Page 1: Panfleto 2013 07 15 (euskaraz)

FAGOR ELECTRODOMESTICOS: KOOPERATIBISMOARENTZAKO SOLIDARITATE ETA AZTERKETA GARAIA

Fagor Electrodomesticos sartuta dagoen tunelaren irteera ikustea nahiko genuke, baina ez dugu argirik ikusten. Salbazioa izan behar zen Industria Planak ez dirudi emaitzarik ematen duenik (2013ko lehenengo seihilabetekarian 66 m €-ko galerak): Aliantzak ez dira gauzatu, salmentek behera egin dute eta Poloniako ekoizpenak ez ditu eman espero ziren marjinak. Produktu izarrek, Sukaldeek, marjina handiak ematea espero zen arren, horiek behera egin dute nabarmen. Finantzazioa lortzeko eta zorrei erantzuteko gaitasuna gero eta txikiagoa da. Gero eta lanpostu gutxiago geratzen dira, eta bizirauteko, aparteko ordainsariak eta Ekarpenen eta Kapitalen interesak kentzea ez dirudi nahikoa denik. Aparteko ordainsaria kentzeko eta gainerako erabakiak Kontseilu Errektoreak hartu ditu, Kapital-enpresa bateko Administrazio Kontseilua balitz bezala, bazkideen Batzar subiranoari galdetu gabe. Hori onartezina da!

Deloitte-ren (kanpo-auditoretza) balorazioen eta ia erabateko gehiengoaren iritziaren arabera, aktibo zirkulatzailea (epe laburrean sarrerak sortzeko gaitasuna) ez da pasibo zirkulatzailea (epe laburreko zorra) estaltzeko gai, inolaz ere ez. Horrek guztiak, zalantzarik gabe, ekonomia- eta finantza-egoera larrian gaudela adierazten digu, amildegitik gertu egon gaitezkeela, amildegiaren ertzean. Amildegia, hain zuzen, “hartzekodunen konkurtsoa” da, porroterako bidean.

Irudikatu dugun testuinguruan, MONDRAGON (MCC) bera egoeraz arduratzea beste irtenbiderik ez dago: estutasunetik irteteko enpresa zuzentzeaz, kudeatzeaz eta ekonomia- eta finantza-baliabideak lortzeaz arduratzea. Behea ez jotzeko neurriak hartu behar dira. Izan ere, Fagor Electrodomesticos gainbehera etortzearen arduradunak MCCko buruzagi nagusietariko batzuk izan dira. MCCk erabateko gardentasunarekin azaldu behar du Electrodomesticosen benetako egoera. Dagoeneko ez du balio hitzerdika aritzeak, ezta itxurak egitea ere. Egoera honetatik irten ahal izateko beharrezko ekonomia- eta finantza-baliabideak jarri behar ditu. Kooperatiba zuzenean aholkatu eta kudeatu behar du, beraiek babesturiko eta onarturiko industria-plana aldatzea edo zuzentzea beharrezkoa den ikusteko, eta Arrasateko enpresarik enblematikoena eta kooperatibismoari izena ematen diona jausten ez uzteko. GARDENTASUNIK handienarekin egin behar da hori, premia handiarekin, bazkideen parte-hartzearekin eta onespenarekin, baina, egin egin behar da. Batzarrean eta demokratikoki, beharrezkoak diren aparteko neurriak hartu behar dira. Borondatezko eta Kapital Sozialerako ekarpenak zor zaizkien pertsonei erantzun bat eman behar diegu. Soldatak jaisteko edo aparteko ordainsariak kentzeko orduan, progresibotasuna aplikatu behar da, eta zuzendarien aparteko ordainketak kendu egin behar dira, ez egungo egoerak, ez horiek eginiko kudeaketa "bikainak" ez dutelako baimentzen. Langile kopurua egokitu egin behar da, kooperatibaren egungo egoeran gomendagarria den ZEHARKAKO ESKULANA eta ESKULAN ZUZENA uzteko.

Gero eta agerikoagoa da balio sozial kooperatiboak gainbehera daudela kooperatibetan, eta gure kolektiboak behin eta berriro salatu du hori. Baina momentu honetan, kooperatiben enpresa-arrakasta zalantzan jartzen ari dira. Mundu guztiak aitorturiko eta aldarrikaturiko arrakasta. Egungo krisiaren aurrean, kooperatibismoa fidagarritasuna galtzen ari da. Badakigu soldata jaistea ez dela nahikoa eta indizerik txikienak errespetatu egin behar direla beti. Neurri horiek Fagor Electrodomesticosek pairatzen duen egoera zail eta kritikoa gainditzeko ez dira nahikoak. Aldarrikaturiko "kooperatiben bikaintasun ekonomikoak" azterketa garrantzitsu bati egin behar dio aurre: gure kooperatibaren, eta beharbada biharko egunean beste batzuen, biziraupenari. MCCren garaia da. Kooperatibismoarentzako azterketa garaia, baina baita SOLIDARITATEAREN garaia ere.

AHOTS KOOPERATIBISTA